JUL. 21 2023 - 06:10h Adimen artifiziala, proiektu artifizialak Adimen artifiziala gurean da. Sekulako garapena izan du azkenaldian eta horrek gizaki-osteko garaian jartzen gaituela dirudi, posthumanismoan, esaten denez. Iraultza teknologiko berri horrek hainbat galderatarako tartea ere zabaltzen du, baita arkitekturaren arloan ere. Adimen artifizialarekin sorturiko irudi bat. Argazkia: Nekane Azpiazu Lejardi Nekane Azpiazu Lejardi Ezustean harrapatu gaitu gehienok adimen artifizialaren (AI) garapen azkarrak. Badirudi gizaki-osteko -posthumanismo- garaiaren atarian gaudela. Irits zitekeen fenomenoa zela genekien arren, askok gure ondorengoen arduratzat irudikatzen genuen, konfort-zonan bizirautea amestuz. Teknologiaren iraultzaren erdian aurkitzen gara, eta etengabea da informazio bonbardaketa sarean, minutuero argitaratzen dira adimen artifizialaren aplikazioen inguruko bideo berriak. Atzoko nobedadeak, ziur asko, zaharkitu dira jada. Arlo ugari astindu ditu berezkoa ez den inteligentziak. Kazetaritza eta hedabideak mehatxatuta daude fake news delakoen ugaritzearekin; izan ere, teknologiaren bitartez sor daitezkeen irudi irrealek sinesgarritasuna ematen diete lerroburu iruzurtienei. Alabaina, iraultza honek ba ote dauka indarrik arkitekturaren oinarriak kolokan jartzeko? Arkitektoak urduritzea lortu du, bai, behintzat. Dena den, beste zenbait egoeraren aurrean bezala, honetan ere erresilientziaz jokatzea besterik ez zaigu geratzen; aldaketei aurre egin behar diegu, eta ustekabe horiei probetxua ateratzen jakin, berrikuntzak ikasteko. Adimen artifiziala, azken finean, gizakien zereginak ordezkatzen dituen sistema informatikoa da, arrazoiketa simulatzen baitu saiakuntzak eta ebazpenak oinarritzat hartuta. Lanabes eraginkorra, antza denez, errepikakorrak nahiz ausazkoak diren atazentzat, hala nola etxebizitza-bloke baten proiekturako. Diseinu sortzailea integratuta daukaten softwareek, eraikinen banaketa optimizatuak sortzen dituzte, definituriko parametroak eta adimen artifizialak eginiko analisiak abiapuntutzat hartuta. Nahikoa da blokearen edota pisuaren muga-lerroa eta bizitza nahiz logela kopurua zehaztea segundo gutxiren buruan distribuzio planoak ordenagailuko pantailan salto egiteko. Hori gutxi balitz bezala, begi aurrean daukagunak asebetetzen ez bagaitu edota gelak gehitu nahi baditugu, klik bat eginez proposamen berri bat eskainiko digu. Horrela, nahi adina aldiz. Adimen artifizialak ez du sormen-blokeorik, lehen saiakeran lortzen ditu hainbat buruhauste ematen dituzten hilabeteetako lanen emaitzak. Aukera desberdinak ziztu bizian berrantolatzen ditu. Dirudienez, zalantza gutxi izaten ditu eta, hortaz, ezin dugu ukatu inteligentzia berri honen arrakasta. Arkitektook geure burua mehatxatuta ikusi dugun honetan, ordea, ezin dugu ahaztu softwareen aldean arkitektook dugun abantaila nagusia eta haiek lortu ezin dutena: espazioak sentitzeko eta esperimentatzeko ahalmena. Benetako pertsonok, fisikook, eman dezakegu soilik birtualki sorturiko bizitokien kalitatearen gaineko epaia, ogibideko profesionalen ikuspuntuak funtsezkoa izaten jarraitzen duelarik. JARRAIBIDEAK ETA AGINDUAK Fikziozko irudiak direla identifikatzeak, aldiz, eskuetatik alde egin diezaguke. Adimen artifizialaren bidez sor ditzakegun muntaiek daukaten errealismoa hain da sinesgarria, ezen egiazkotasuna frogatzea zeharo konplexua baita. Ni ere animatu naiz, jakin-minak bultzaturik, saiakera batzuk egitera artikulua idatzi bitartean. Prozesuak ezin du errazagoa izan; 3D modelizazio-programa batean forma geometriko sinple batzuk egin ondoren, plugin espezifiko baten bitartez momentuan otu zaidan prompt-a -jarraibideak eta aginduak- txertatu dut. Prompt-a izango da irudien arrakastaren gakoa. Proba azkar hauetan, begetazio, behe-laino, laku, eraikin zein oihal-horma gisako terminoak erabili dira, besteak beste. Emaitza orrialdeotan ditugun argazki liluragarri hauek dira. Itxura batean, irudiek xelebre samarrak dirudite; erremintaren ezjakintasunagatik eta praktika faltagatik, zalantzarik gabe. Bitxiak diren arren, testurek, koloreek eta xehetasun txikiek izugarrizko errealismoa ematen diete, eta, bitxiak izan arren, eraikin horiek munduko txokoren batean lekua izan dezaketela pentsarazten digute. Bolumen horiek fisikoak direla sinets dezakegun moduan, beste hainbeste manipulatutako irudi barneratu ditzakegu. Begietatik ‘irensten’ dugun informazio asko ez zaigu kontrako eztarrira joaten, eta filtrazio falta horrek egoera nahasgarriak sortzen ditu gizartean. Oraindik ere, aurreko hamarkadetako hiriak, paisaiak, eta bizimoduak ulertzeko argazkietara nahiz irudietara jo ohi dugu aztarna bila. Alabaina, artifizialtasuna tarteko, zer sinetsiko ote dute izan garenaz gure ondorengoek?