GAIAK

Psilocybe: 30 urtez Hondarribia, Euskal Herriko musika eszenako erreferentzia

Hiru hamarkada joan dira Hondarribiko musikari gazteek entsegu lokalak behar eta, indarrak batuta, Psilocybe elkartea abian jarri zutenetik. Izena letra larriz idatzi du bertan sortutako hainbat taldek euskal musikaren historian. Ospatzeko unea da.

Surfin Kaos Psilocybenean, ahalegin betean. (Jon Iraundegi)

Asko dute kontatzeko Psilocybeneako paretek. Dut, Beti Mugan, Lisabö, Sorotan Bele, Gorpuzkingz, Marmoka... euskal musikan beraien lekua egin duten taldeak, denak Amuteko labetik ateratakoak. Zerrenda luzatzen ari da, rocka ardatz nagusia izan zuen proiektuak beste genero batzuk besarkatzen dituen bitartean.

Sorkuntza –«herriko zenbait belaunaldik sorkuntza landu du hemen, eta horri balioa eman nahi genioke»–, konpromisoa –«30 urte udal eraikina irekita egoteko egindako lan eskerga»– eta autogestioa –«eredu bat zarete, autogestioaren bitartez herri baliabideek herritarren ekimenez funtziona dezaketela erakutsi duzue, bai gure herriari dagokionez, bai eta Euskal Herriko gainerako txokoentzat ere». Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkate berriaren hitzak dira. «Bidelagun» izateko gonbita egin zien segidan 30. urteurreneko ospakizunen aurkezpen ekitaldian. Pozik hartu zituzten hitzok Egoitz Alcarazek eta Nestor Urangak.

Indarrez

Lehenengo zortzi urteak indar betez egin zituen elkarteak. «Hasieratik erreferentzia bihurtu zen musika areto bezala. Urtean hogei kontzertutik gora egiten ziren eta indar handia eskatzen zuen horrek. Beti daude gorabeherak, eta ondoren 15 kontzertutara igaro ginen; hori da gure neurria», adierazi du Alcarazek.

Garai hartan entseatzeko bai baina jotzeko tokirik ez eta, autobusez egiten zuten bidaia taldekideek eta zaleek elkarrekin. Ia Euskal Herri osoa zeharkatu zuten.

Alcarazek 27 urte daramatza Psilocyben, joan-etorriekin. 2017tik lehendakaria da. «Elkartea nahiko ahul zegoen, kideak nekatuta zeuden. Urtean zehar mila kontu izaten dira, dirulaguntzak direla... Horrez gain gero eta helduagoak gara, eta bizitza ere aldatuz doa», esan du. 25. urteurreneko ospakizunak izan ziren elkartekideek behar zuten piztualdiaren txinparta. Uranga garai hartan elkartu zen antolakuntza taldera. «Psilocybeko kide izateko modu asko daude. Entseguetara etor zaitezke, noizean behin barrako txanda egin... Beste batzuk, berriz, saltsa gehiagotan sartzen gara. Udaletxera 25. urteurreneko jaialdirako dirua eskatzera joan ginenekoa inflexio puntua izan zen. Garaiko alkateak hasiera batean eskaintzen zidan dirua erridikulua zen. ‘Ez gaizki hartu, baina ni orain diru honekin joatean banaiz, bihar pertsiana itxi beharko dut eta zuek kudeatu beharko duzue aretoa. Nik indarra eta ilusioa behar ditut’, esan nion. Bilera batzuen ostean eman ziguten eskatzen genuenetik hurbilago zegoena», dio Alcarazek.

«Egia da programazio oso potenteak izan ditugula, eta hemen sortu dira talde potenteak. Garai batean Hondarribia Euskal Herriko musikaren erreferentzia zen». Gaur egun hogei talde inguru daude elkartean. Zein faktorek eragin du Psilocybe erreferentzia bihurtzea? Erantzuna garbi dute biek: kudeaketak. Horren azpian konpromisoa dago. «Oso gustuko dugu eta konpromiso handia dugu musikarekiko. Musika gure bizitzaren zati inportantea da eta militantzia bihurtu da».

Musikari bezala harremanak dituzte Euskal Herriko zein nazioarteko taldeekin eta oso baliagarria zaie kontzertuak antolatzerako garaian. «Musika sarean sartu gara, eta horri esker programazio ona egin dezakezu». Urteen poderioz musika kultura zabalaren jabe egin dira. «Guk entzun nahi ditugun taldeak ekartzen ditugu», esan dute.

Profesionalki

Nahiz boluntarioak izan, modu profesionalean kudeatu nahi dituzte bai elkartea bai aretoa. «Taldeen ‘katxe’-an badago alderik, baina tratu aldetik gauza bera eskaintzen diegu denei, direnak direla, eta musika egiteko baldintza berak; ez dago besterik», gaineratu du Urangak.  

Egoitz Alcaraz eta Nestor Uranga, Psilocybeneako kanpoaldean. (Andoni Canellada | Foku)

«Eta gauzak egin nahi dituenari –fundamentuz, noski– utzi egiten zaio. Teknikari, barran, kudeaketan... Asko ikasi du jendeak hemen. Eta gero ibilbidea egin du bere kabuz», kontatu du Alcarazek.

Musika eszena aldatzen ari da. «Lehen gaztetxe gehiago zeuden. Tabernetan ere zailagoa da. Orain talde amateurrek zailago daukate, eszena murriztu da». Kontsumo ohituretan ere berritasunak izan dira. «Lehen kontzertuetara joan behar zenuen. Orain oso erraza da telefono mugikorraren bidez kontsumitzea. Musika grabatua kontsumitzen da gehiago, eta ondo aukeratzen da zein kontzertutara joan».

Beste gauza batzuk errazagoak dira. «Garai batean diskoa grabatzea ia ezinezkoa zen. Orain askoz merkeagoa da», esan du elkarteko lehendakariak. Psilocybenea bezalako espazioak musika eskaintza aberastera datoz. «Euskal Herria beti atzerago doa. Euskal kulturatzat duguna edo jaietako kartelak itxiak dira. Eszena nagusia oso kontserbadorea da. Aldiz, honelako espazioek aberastu egiten dute, gu esparru zabalagoan gabiltza-eta», hausnarketa egin du Urangak.

Bat dator Alcaraz. «Esparru oso anitza landu du Psilocybek». «Mainstream eszenan beranduago datoz gurera musika estiloak. Garai batean 3-4 urte pasatzen ziren hona iritsi aurretik», gaineratu du.

Elkartea emakumezkoei ireki zaie. «Orain haien garaia da. Emakumeak egon izan dira elkarteko talde batzuetan, baina beraiek eremu maskulino bezala ikusten zuten. Ez zen bereziki guk horren kontra egiten genuelako, baina elkarteak nolabait jendarteko ereduak erreproduzitzen zituen. Oraindik ere bai. Guk ispiluaren aurrean jarri behar izan dugu gure burua, eta ikasi», kontatu dute. «Emakumeen presentzia oso interesgarria da. Ez da partaide izatea bakarrik, gertatzen diren gauzak salatzea edo plazaratzea eta gainontzekooi begiak irekitzea baizik. Gatazkak sortzen ditu horrek, baina ondo kudeatuz gero aurrera begiratzeko moduak dira».

Bi jaialdi

Aperitiboa, larunbat honetan 25. urteurreneko ospakizun nagusiak abuztuan izango diren arren, aperitiboa bihar etorriko da, doinu elektronikoez bustita. 12.00etatik gauerdira arte, Mr. Chubachuba eta Gorks & Nago, Mauli, Alffie, Costas, Red Moon eta Lola Mento arituko dira. Denak Millonetis parkean, San Markosen.

Abuztuaren 25ean eta 26an kiroldegiko aparkalekuak hartuko du jaia, doako sarrerarekin, 20.00etatik 01.30ak inguru bitart. «Los Angelestik 90eko hamarkadako doinuez datorren» Sasquatch; Joseba B. Lenoir aski ezaguna –«aspaldi jo gabea da gurean, eta ilusio berezia egiten zion 30. urteurrenean jotzeak»–; Tzar –rocka–, Txavvö –musika elektronikoa eta trapa– eta Imago 4 –musika elektronikoa eta ambienta– taldeek osatuko dute kartela.

Hurrengo egunean, herri bazkariaren eta jokoen ondoren, 18.00etan ekingo zaio jaialdiari, bi agertokitan banatuta. Psilocybe elkarteko Mignight Sinners igoko da agertokira lehenengo. Haiekin batera Horzdun izango da eszenatoki txikian. Gainontzekoak agertoki handian. «Naica –pop, ibilbide luzekoa, orain bueltan dira eta sekulakoa izango da itzulera kontzertua hemen ematea–, Lif –30 urte betetzen ditu eta aproposa iruditu zaigu jotzea, elkartearen adin bera du–», iragarri dute. The Capaces katalanek eta Bala galiziarrek osatuko dute egitaraua.