AUG. 15 2023 - 00:00h Talaia mendia, itsasoa mendian Mendian itsasoa ere lerroburu egokia litzateke. Kantauri Itsasoko kostaldeko bidean, Zumaiatik Debara, mendia eta itsasoa bat dira. Olatuek flysch-eko arroka eta itsas labarrak ferekatu eta moldatu dituzte gizaldietan zehar, eta pelikuletako argazkiak utzi, gure gozamenerako. Andoni Urbistondo Kosta da, baina kostan ere aldapak daude, eta handiak. Bost ordu luze beharko ditugu 14 kilometroko ibilbide eder eta aberatsa osatzeko. Mendizaleak eta itsaso zaleak bat egin dezaketen txoko berezia da Euskal Kostako Trail-a. Talaia Bidea ere esaten zaio, mende batzuk atzera kostaldea zaindu eta baleak ikuskatzeko zeuden talaiengatik. Baionan hasi eta Bizkaiko Kobaron herrira arte hedatzen da. Hainbat etapatan egin daiteke Kostako Done Jakue bideko zati hau, eta nahi beste dokumentazio topatuko dugu, Europako S9 sareko bideetako bat baita Talaia Bidea. Erreportaje honetan Gipuzkoako Zumaia eta Deba herriak lotuko dituen tartea egingo dugu. 14 kilometro daude, eta kostaldean, edo kostaldetik gertu badoa ere, ez da paseo edo bide erraza. 600 metroko desnibel metatua du, eta aldapa gaizto batzuk ere bai, etapako bigarren zatian batez ere. Astero ordu batzuk sarritan ibiltzeko ohitura edukitzea komeni da etapa hau modu egokian egiteko. Bidean geologiak gure lurra nola moldatu duen ikusi eta ikasiko dugu, talaia dotoreekin gozatu, Kantauri Itsasoan arteak badaudela jabetu, eta gure planetakoa ez den munduan barneratu, Sakoneta badiatxoa eta Mendatagaina begiratokien artean. Debara bidean, Topo goitizenarekin ezagututako trenbide zaharretik pasatuko gara, tunel batzuk zeharkatuz eta txangoa edertuz. Bidean abiatu aurretik geldialdi luzexka egin behar dugu Zumaian, Euskal Geoparkean ekialdeen dagoen herrian (Deba eta Mutriku dira beste biak). Han baita ikusgarrien flysch izeneko geologia gunea. Urrian munduko ehun geologia leku interesgarrienen zerrendan sartu zuten flysch hau, eta izendapen horrek berez daukan erakargarritasuna biderkatu du. Turismo handia erakartzen du, eta hala izan behar, antzeko formazio geologiko gutxi baitaude bizi garen mundu txikian. A.U. Lurra planetako azken 50 milioi urteko bizitza azaltzen duen liburua da flyscha, eta itsaslabar eta arroka multzo bakoitza liburu horretako atal berezi bat, orri bat da. Flyschak erakutsi die geologoei nola zen bizitza duela hainbat milioi urte, noiz gertatu ziren eguneroko hizpide ditugun aldaketa klimatikoak, eta nola erreakzionatu zuen planetak. Baita dinosauroak desagerrarazi zituen meteoritoa 65 milioi urte atzera gertatu zela. Algorriko kalan iridio osagai kimikoaren arrastoak antzeman zituzten adituek, meteoritoetan ohikoa den osagaia, eta horri esker baieztatu izan da meteoritoaren teoria. Itzurun gainean tentetzen den San Telmo ermitari ere bisita lasaia egitea komeni da, flyscha bere handitasunean ezagutzeko eta gozatzeko. Ez zarete damutuko. Desnibel apur bat galdu eta Debarantz doan bidea hartuko dugu, Donejakue bidetik. Txakolin mahastiak agertuko zaizkigu nonahi, eta laster Elorriagako atsedenlekura iritsiko gara (Elorrixa, bertakoentzat). Hamaiketakoa egiteko toki txukuna da, komun eta guzti, baina udan lepo betetzen da. Han, ohiko bidetik jarraitu gabe, itsasorantz egingo dugu, Baratzatzarrak behatokira, Kantauri Itsasoa bere handitasunean dastatzeko. A.U. Sakoneta eta Mendata gaina Atzera bueltatuta, Elorriaga auzora iritsiko gara, eta han adi ibili behar da bide zuzena hartzeko. Donejakue bidea hartzeko tentazioa izanen dugu, gezi hori eta guzti, baina GR bidea hartuko dugu gure eskuinerantz, zuriz eta gorriz marraztutako bidea. Itsasorantz egin behar dela gogoratu badaezpada, eta ipar mendebalderantz beti. Ordu erdi pasatxoan pinu eta arte zuhaiztiak igaroko ditugu, eta Deba seinalea erakusten duen geziari kasu egin, Arantza Goikoa baserriaren ondoan. Betizuak libre dabiltza hango belazeetan, eta erditu berritan badaude, kontuz ibili gehiegi hurbildu gabe. Abere basatiak dira, eta gizakiok gara paraje haietan arrotzak. Kantauri Itsasoaren kresal usainak adieraziko digu Sakonetatik gertu gaudela. Paraje benetan ikusgarria, geologiak milioika urtetan zizelkatu eta moldatutako itsaslabar eta amildegi ikusgarriak nonahi. Marea behean dela egokitzen bazaigu, Sakonetako ilargi itxurako paisaia oinez zeharkatu ahal izango dugu, eta beste mundu batean gaudela pentsatuko dugu, natura zer egiteko gai den sinetsi ezinik. Geologiak bi osagai bakarrik behar baititu, bere lana egiteko: presioa eta denbora, eta bi horietatik sobera izan du, eta edukiko du aurrerantzean ere, gauzak normal. A.U. Sakonetako jaitsiera irristakor samar egin daiteke egun euritsuetan. Bestela izanda ere, komeni da indarrak gordetzea, txangoko azken herena benetan exijentea baita fisikoki. Bi aldapa piko igo beharko ditugu Mendatagaina behatokira iristeko, Debako lurretan dagoeneko. Hango ikusmirak erlojuaren orratzak geratzeko tentazioa emango digu, zoragarria baita flyscheko kostalde osoa begirada bakarrean ikusi ahal izatea. Mendatagainetik azken ordu eta erdiari ekingo diogu, eta, bide politetik, Euskotren edo tren zaharra zeneko bidean barrena egingo baitugu aurrera, tunel eta guzti. N-634 errepidea zeharkatuko dugu apropos horretarako eraikitako egurrezko zubitik, eta segituan Katalinako Begiratokira iritsiko gara, denetan azkena, Deba herritik salto txiki batera baino ez. Deban tren geltokirainoko bidea egin beste lanik ez dugu izango, txango benetan ederra bukatutzat emateko.