GAIAK

Boliviako kale-mekanografoa, galtzear dagoen ofizioa

Rogelio Condori, bere idazmakinarekin lanean.

Rogelio Condorik etengabe zapaltzen ditu idazmakinaren teklak, paperari begira. Trajez eta kapelaz jantzita, inprimakiak betetzen ditu, maitasun-hitzak idazten dituen bezala, La Pazeko erdialdeko kale bateko zalapartan murgilduta, autoz eta saltzaile ibiltariz gainezka dagoela.

61 urteko gizona da Rogelio eta 1985etik egunero, goizean goiz, aulki tolesgarri batean esertzen da, Brother 1974 makina baten atzean. Mekanografoaren lanbidea amaitu zenean, makina hori bizirik atera zen. «Zergak eta beste formulario batzuk oraindik makinaz egiten dira», azaldu du Rogeliok, tinta beltzeko zinta berriro doitu aurretik.

Besteen maitasun-gutunak ere bai

Denbora gehiena tramite burokratikoak egiten ematen du, baina maitasun-gutunak ere idazten ditu. Egun batean, bikotekidearen harremana salbatu nahian, bezero batek eskatu zion gutun bat idazteko, amodiozkoa. Esan zion, mesedez, bere maitalearenganako «bihotzetiko sentimenduak» isla zitzala.

Gogoan du oraindik zein poesiarekin lagundu zion: «Maitea, igaro diren urteak ez dira alferrikakoak izan; berraztertu gure egoera», errezitatu du buruz. Handik gutxira jakin zuen eskutitzak eragina izan zuela. Rogelio bezala, beste bederatzi lagun daude espaloi berean bezeroen eskariei erantzuten. Goizero, kale kantoira iristen dira, bulego mugikor txikiak kateatuta dituzten gurditxoak bultzatuz.

Kalean lan egitea nahiago du, “zoragarria” delako jendearekin harrema zuzena izatea, baina bulego bat ireki zuen Internet eta ordenagailuarekin “online” egin daitezkeen kudeaketa gutxi batzuetarako. Izan ere, Boliviako izapide burokratiko gehienak oraindik aurrez aurre eta paperean egin behar dira. Alabaina, sistema zaharrari eutsiz, Rogeliok dio idazmakina maneiagarriagoa eta bizkorragoa dela. Ez da hain eroso sentitzen, ordea, ordenagailuarekin formularioak betetzen.