SEP. 05 2023 - 19:05h Antzar Egunak Lekeitio girotu du beste urte batez ia ehun ontzirekin San Antolin jaietan murgilduta, Antzar Eguna ospatu dute Lekeition astearte honetan eta 300 urteko antzinatasuna duen lehiaketa izan da protagonista. Koadrilen 97 ontzik parte hartu dute eta iaz bezala gomazko animalia batekin egin da. Koadrila guztiak gomazko antzara erabiltzera behartuta dauden bigarren urtea izan da. (Aritz LOIOLA | FOKU) NAIZ Ontzitik uretara salto eginez soka batean zintzilik dagoen gomazko antzar bati heltzea eta lepoa ahalik eta azkarren moztea helburu duen txapelketa egin da astearte honetan Lekeition, Antzar Egunean. Tenperaturak oso altuak izanda ere, 97 ontzik hartu dute parte ikuslez gainezka zegoen portuan. Gurutze Gorriaren eta Ertzaintzaren txalupak edozein larrialdiri aurre egiteko prest zeudela, ehun urtetik gorako lehiaketa honi hasiera eman diote bazkalostean, arratsaldeko lauretan. Parte-hartzaileak txandaka aritu dira beren ontzietatik uretara salto egiteko, antzara harrapatu nahian. Hiru ordu iraun duen txapelketaren lehen ordu erdian, Erradabiu ontziko Enaitz Txakartegik zazpi jasoaldi egitea lortu du eta antzarrari lepoa kentzea lortu du. 97 ontzik parte hartu dute aurten. (Aritz LOIOLA / FOKU) Lekeitioko Kultura Zinegotziak, Antton de la Lamak, eguneko giro ona nabarmendu du. «Giro ederra Lekeition. Goizean gehiegizko eguzkia egin du baina orain haizea altxatu da eta hobeto egoten da», azaldu du. Duela bi urte izan zen koadriletako batzuek benetako antzarrekin jokatu zuten azken aldia, 1980ko hamarkadatik aldez aurretik sakrifikatzen baziren ere. Musika, buruhandiak eta eskupilota Antzar jaiaz gain, joan den ostiralean hasi ziren San Antolinetako egitaraua askotarikoa izan da asteartean. Goizean Lekeitioko musika bandaren kalejirak, buruhandi eta erraldoien kalejirak eta Itxaropen txistularien eta Antzar Batzordearen kalejirak alaitu dituzte kaleak. Txapelketa bukatzear zegoela, 18.30ean, V. Caixabank Masters eskupilota torneoa jokatu da. Iluntze aldera jai giroarekin jarraitzeko DJ Bull-ek emanaldia eskainiko du herriko plazan 19.30ean. 22.00etan Otxabi erromeriaren txanda izango da eta, amaitzeko, DJ Elepuntorena, ordu batean. Urtero bezala, Lekeitioko Udalak herriko erdigunea trafikoari itxi dio eta herrirako joan-etorriak errazteko Bizkaibus eta Euskotren zebitzu bereziak eskaintzen ari dira.