SEP. 10 2023 - 00:00h Daikiria, historia tantekin nahasten den koktel preziatua La Floriditako langilea. Testua: ADALBERTO ROQUE Argazkiak: AFP Brontzezko Ernest Hemingway, tamaina naturalekoa, La Floriditako barran dago beti, noizbait eskatutako daikiriaren zain. Kubako edaria Ameriketako Estatu Batuetako Lege Lehorraren garaian ezagun egin zen, eta ordutik da mundu mailan famatua La Habanako koktel denda. Hain zuzen ere, koktela han deskubritu zuen idazleak; itsasoaren freskotasuna eta aparra gogorarazten omen zizkion. Lege Lehorra 1920ko urtarriletik 1933ko abendura arte indarrean egon zen Estatu Batuetan. «Boom handia izan zen Kubarentzat, Estatu Batuetan edan ezin zenez, hangoak Kubara etortzen hasi zirelako», eta Habana «koktelgintzaren hiriburu bilakatu zen», gogoratu du Kubako Kantineroen Elkarteko presidente Jose Rafa Malen-ek. El Floriditatik oso hurbil dago 1917an sortutako El Sloppy Joe’s Bar, non artista ezagunak elkartzen ziren, besteak beste, Frank Sinatra, Ava Gardner, Nat King Cole eta Errol Flynn. Trena koktela Koktelak hainbat aurrekari izan zituen Kuban, adibidez, Drake izenekoa, Francis Drake (1540-96) kortsario britainiar ospetsuak Kuban 1586an egindako egonaldi labur batean sortua. Nonbait, pattarra arindu nahian, mendafinekin beratutako hostoak gehitu zizkion edariari. Eta horrelaxe “asmatu” omen zuen bere izena daraman koktela. Ginebra izan zen Kubako lehen koktelen oinarria. Trena –ginebra, ur bero eta garagarraren nahasketa– hartzen da lehenbiziko koktel nazionaltzat, baina desagertu egin zen izotzaren erabileragatik, izotza baitzen, klima tropikalaren eraginez, Kubako koktelgintzaren beste eragile garrantzitsua. Boom horrek Kubako Kantineroen Klubaren sorrera bizkortu zuen 1924an. Latinoamerikako aurreneko bartender-gremioa eta munduko bigarrena bihurtu zen. Ondoren sortu zen elkartea. Beste faktore garrantzitsu bat ron arinaren onarpena izan zen, 1862tik aurrera Santiago de Cubako zenbait lantegitan destilatzen hasi baitzen. Maragato eta Constante La Floriditako barraren bestaldean, Rafak rona, limoi ura, azukrea eta izotza nahasi ditu eta, irabiatu ondoren, triangelu formako kopa batean isuri: Daiquiri Naturala da. Berak ongi ezagutzen du koktelaren historia eta harro kontatzen die galdetzen dioten bisitariei. Maragatok (Emilio Gonzalezek) eraman zuen edaria Santiagotik Habanara 1922an, eta berehala famatu egin zen kubatarren artean. Ondoren, Constantek (Constantino Ribalaiguak) irabiagailu batetik pasa eta frappé izotzarekin eta marraskino tanta batzuekin zerbitzatu zuen lehen aldiz: egungo daikiria eta koktel nazionala. Batez ere, izotz mota izan zen berrikuntzarik handiena, daikiriari sekulako bultzada eman ziona. Hori dio, behintzat, Alejandro Bolivarrek. Hogeita hamar urte daramatza zerbitzari lanetan, eta egun beti bezeroz beteta dagoen El Floridita barran igarotzen ditu orduak eta orduak koktelak prestatzen. Nolanahi ere, gaur egun ehunka koktel dauden arren, ezerk ez du eragozten berriak sortzea. Adibidez, 2003an, Sergio Serrano kubatarrak koktelgintzako munduko txapelketa irabazi zuen, “Adam eta Eva” izeneko edari batekin. Daikiria, dena den, 11 klasikoen zerrendako burua da: Mojito, Saoco, Presidente, Ron Collins, Havana Special, Pinu Uhartea, Mary Pikford, Mulata, Kuba Librea eta Canchánchara. “Kubalibrea” (rona, izotza, Cola eta limoia) independentzia lortu eta gutxira jaio zen (1902), estatubatuarrek Coca Cola sortu zutenean. “Sala Magna” Hemingwayren estatua (1899-1961) bere bustoaren ondoan dago El Floriditan. Kamareroek oparitu zioten 1954an, Literatura Nobel saria irabazi zuenean. Floridita «taberna klasikoa da, historikoa; hemendik mundu osoko milaka pertsona igaro dira; munduko tabernarik klasikoenetakoa da», azaldu du Rafak. «Taberna honetan lan egin ahal izatea harro egoteko modukoa da Kuba osoko kantineroentzat. Horregatik deitzen diote “sala magna”, argitu du, kez inguratutako kopari tragoxka luzea eman dion bitartean.