GAIAK

Imanol Arregi ‘Iturbide’, azken unera arte panderoa eskuan

Imanol Arregi ‘Iturbide’, 70eko hamarkadan trikitia balioan jarri eta trikitilarien ‘manager’ izatera iritsi zen pandero-jolea hil da. Lau Trikitixa Txapelketa irabazi eta hainbat diskotan hartu zuen parte.

Iturbide, iaz, Azpeitiako Trikitixaren Museoaren inaugurazioan. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Imanol Arregi Zubizarreta 1935. urteko abenduaren 29an jaio zen Azpeitiko Iturbide baserrian. Handik zetorkion goitizena, baina panderoa jotzeko irrika ere, etxean tradizio handia baitzuten. «Oinordetzaz datorkit panderoa jotzearena», oroitu ohi zuen berak. Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik jakitera eman dutenez, asteazken honetan hil da.

Trikitiaren munduan ezaguna zen Iturbide. Plazaz plaza izen handiko soinu-joleekin ibilia zen, bai Euskal Herrian eta baita gure mugetatik kanpo ere.

Elkarteak haren bizitzari errepasoa egiten dion liburua ere argitaratu zuen, Amagoia Gurrutxaga Urangaren sinadura daraman ‘Iturbide, igitai jolea’. Bertan, besteren artean, bere jotzeko moduaren jatorriaz mintzatu zen: «Urrestillan jendaurrean lehendabiziko aldiz jo eta gero, igitaiarekin jarduten nuen arbi sororako bidean, jaiko pieza buruan nuela. Horrek ez dauka, baina, inolako meriturik. Igitaiak oso terreno txikia zeukan, eta baliteke nire pandero jotzeak, tarte txikian soinu ugari ateratzeko gaitasunak, zerikusia izatea horrekin. Nik, izan ere, ez dut mugimendua eskumuturretik egiten hatzekin baizik».

Lehen urrats haiek izan zituen gogoan: «Eta haize pixak bat sartu zitzaidanez, hurrengo, Nuarbeko Trinidade festetara joan nintzen. Osintxuar bat joaten zen hara piano soinuarekin, Periko zuen izen, eta, igitaiarekin entsaiatu ondoren, hurbildu nintzen. Soinujoleek beti eramaten zuten pandero bat lagun egun ziezaien, eta han ere eskaini zidaten. Nik jo egin nuen».

Bere ibilbidean, hainbat Trikiti Txapelketatan hartu zuen parte Iturbidek, eta baita lau irabazi ere: 1974, 1975 eta 1977 urteetako txapelketak Iñaki Garmendia ‘Laja’-rekin batera irabazi zituen eta 1985. urtean, aldiz, Miren Etxaniz hernaniarrarekin batera jantzi zuen txapela.

Txapelketetako zirkuituaz gainera, hainbat diskotan ere hartu zuen parte pandero-jole azpeitiarrak. Lehen grabazioa 1972an egin zuen, Enrike Zelaiaren ‘Euskalerriko Erromeria’ diskoan. Laja-rekin batera ‘Trikitilariak’ diskoan eta Antonio Aranaga Auntxa soinu-jolearekin ‘Urrestillako Trikitixa’ lanean ere hartu zuen parte.

Ibilbide propioa egiteaz gain garaikideei eta atzetik zetozenei bidea irekitzen ere lagundu zuen. ‘Iturbide, igitai jolea’ liburuan aipatzen denez, trikitilarien ‘managerra’ izan zen: «Iturbide hasi zen behetik kobratzeko joera hori aldatzen, Landakandaren esanetan: Trikitilariak artista ginela
esaten hasi zen hura, hala nabarmentzen zuen Sakabik», ekartzen du gogora.

Trikitia bihotzean, azken unera arte panderoa esku artean izan zuen Iturbidek. Iaz, esaterako, Azpeitiko Trikitixaren Museoaren inaugurazioan ikusi ahal izan zen, gurpildun aulkian eta panderoari eraginez.