SEP. 14 2023 - 00:00h Chanwaras: uholdeak eta emakumeen beharrak erdigunean, Pakistanen Yasmeen Lari arkitekto senegaldarrak 82 urte ditu. Aspaldi aukera izan zuen ongi ordaindutako proiektu erraldoiak egiteko, baina uholdeen aurkako banbuzko etxeak garatzea erabaki zuen. Orain landa komunitateei laguntzen dabil, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan. Eta emakumeak erdigunean beti. Pono Colony herria. NAIZ (Argazkiak: Ishara S. KODIKARA/AFP) Karatxiko eraikin ezagun eta garrantzitsuenetakoak diseinatu zituen arkitektoa da Yasmeen Lari, tartean PSO petrolio konpainia nazionalaren egoitza. Orain, aldiz, bere esperientzia nahiago du zaurgarrien zerbitzura jarri. Izan ere, hark garatutako banbuzko etxeei esker, hamaika familia salbatu ziren 2022ko montzoi euriek eragindako uholdeetan. Guztira, zortzi milioi lagunek lekuz aldatu egin behar izan zuten. Lariren lanak Britainiar Arkitektoen Errege Institutuaren urrezko domina jaso berri du, eta arkitektoaren asmoa da proiektua zabaltzea herrialdeko zenbait komunitatetan eraiki behar dituzten milioi bat etxeetara. «Irtenbidea aurkitu behar nuen, edo, gutxienez, herritarren gaitasuna indartzeko modu bat, euren kabuz balia daitezen, kanpoko laguntzaren zain egon gabe. Ez dut karitatean sinesten», azaldu du Larik. Pakistan, munduko bosgarren herrialderik jendetsuena, ahulenetako bat da berotze globalak eragindako muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean. Azken urteetan, esaterako, hondamendi naturalek milioika etxebizitza suntsitu zituzten, bai 2005eko lurrikaran, bai 2010eko uholdeetan. Zientzialariek diotenez, jakina da montzoiak ugariagoak eta iragarrezinagoak bihurtu direla klima aldaketaren eraginez, baina herrialde batzuk, batez ere prestatuta ez daudenak, zaurgarriago bilakatzen dira. Etxe tradizionalak Pono Colony herrian, Karatxitik 200 bat kilometrotara, iazko udako uholdeen aurretik eraikitako ehun etxebizitza pilotuen erantzuna aurreikusitakoa izan zen. Behean duten egiturak ahalbidetzen du ura azpitik irristatzea eta lurrean sartzea, behean sakonki ainguratutako banbuek presioari eusten diotelako. “Chanwaras” izenez ezagunak, lurrezko txabola esferiko hauek Pakistan hegoaldeko Sind probintzian eta Indiako Rajastanen ikusten diren pieza bakarreko etxe tradizionalen bertsio hobetua dira. Han eskuragarri dauden materialak baino ez dituzte behar, hala nola karea, buztina, banbua eta lastoa. Formazio nahiko sinple baten ondoren, familiek mihiztatu ditzakete eta erraz lekualdatu. Emakumeen beharrak Lahoren (ekialdean) etxebizitza sozialak eraikitzeko proiektu batean, 1970eko hamarkadan, auzoko emakumeek, planoei begira, oiloak non biziko ziren galdetu zuten, kontatu du arkitektoak. «Oilo horiek -adierazi du- nire oroimenean grabatuta geratu ziren, emakumeen beharrak nire kezken muin bihurtzen direlako, proiektuak diseinatzen ditudanean». Nolanahi ere, oilotokia ez da, gaur egun, Lariren buruhauste nagusia, ohiko berogailuen egokitzapen egokia baizik. Berogailu horiek altueran daude eta tximinia dute, handik kea irten dadin. «Berogailua lurrean zegoen lehen, eta ez zen oso higienikoa. Gainera, ume txikiak erre egiten ziren sugarrekin eta, kaleko txakurrek eltzeak miazten zituztenez, mikrobioak zabaldu ziren», zehaztu du Larinen taldekide Champa Kanjik, Sindeko etxebizitzetarako labeak eraikitzen dituenak. «Emakumeak independente izateak eta gauzak egiteko baliabideak izateak plazer handia ematen dit», esan du arkitektoak. Herrialde honetako landa eremuetan dozenaka mila lagun desplazatuta daude oraindik, eta nekazaritza alor zabalak ur geldietan murgilduta daude, uholdeak gertatu eta ia urtebetera.