SEP. 18 2023 - 06:05h Drogen arriskua gutxitzeko, zigorra baino, eztabaida nahiago du Ai Laketek 21 urte daramatza Ai Laket-ek drogen inguruko prebentzio lana egiten, arriskuez eta gozamenaz informatuz. Substantziak aztertzeko aukera ere eskaintzen dute, benetan zer daukaten eta gorputzean zer eragin izan ditzaketen jakiteko. Festarik festa, jende dezenterekin izaten dute harremana. NAIZ Festarik festa lanean aritzen dira Ai Laket elkarteko kideak, drogen kontsumoak ekar ditzakeen arriskuen inguruan kontzientziatzen. Lan askoko uda izan dute hau ere. «Jende dezente topatu dugu», adierazi du Itxasne Maiz Ulaziak. Argi du haien zeregina ez dela zigortzea: «Gure elkartea ez da ezezkotik abiatzen; zigorra baino, nahiago dugu eztabaida», erran dio NAIZ Irratiari. Elkarteak orain dela 21 urte hasi zuen bidea. 1990eko hamarkada bukaeran, bazen lagun talde bat drogen erabileran informazio falta handia zegoela ikusten zuena, ohartzen ziren ez zekitela benetan zer mugitzen zen. Kezka horretatik sortu zen Ai Laket!!, 2002an. Alde batetik, kaleko edanean daudenekin aritzen dira kontzientziazio lana egiten; bestalde, prebentzioa jorratzen dute puntu finkoetan. «Furgoneta batekin izaten gara festetan, eta bertan, bakoitzaren droga testatzen dugu», azaldu du Maizek ‘Bigarren Kafea’ saioan. Tabuak haustea Tabuak haustea garrantzitsua da haientzat. Horretarako, beharrezko ikusten dute informatzea eta daukagun datu bonbardaketa honetan filtro bat jartzea. «Drogen erabileran ikusten ditugun arriskuez eta gozamenaz informazio objektiboa ematen saiatzen gara, substantzien eraginak eta albo kalteak aztertuz. Testak egiten ditugu substantzia bat benetan uste duguna den jakiteko, mozketarik al duen ikusteko, eta laborategira bidaltzeko aukera ere ematen dugu». Elkartea bera erabiltzaile eta ez erabiltzailez osatua dago. «Eztabaida sortu nahi dugu. Erabilera bat badago, nola egin prebentzio lana? Nola murriztu arriskuak? Jendeak ikus dezala substantzia bakoitzak zein kalte eta eragin izan ditzakeen». Kale edanean dabiltzanengana elkarteko kideak hurbiltzen dira. Festetan, aldiz, badute Testing izeneko programa bat, eta jendea etortzen da Ai Laketen furgonetara informazio, analisi eta material eske. Itxasne Maizek azaldu duenez, orduaren arabera asko aldatzen dira harremanak jendearekin, baina normalean harrera nahiko ona egiten diete, ikusten dutelako ez direla poliziak, ez doazela zigortzera edo ezer kentzera, baizik eta ematen saiatzera.Eraginen arabera sailkatu Ez dituzte drogak legezkoen eta ez legezkoen artean banatzen; dauzkaten efektuen arabera sailkatzen dituzte. «Droga kontsumoa naturalizatutako zerbait da, oso-oso umetatik ikusten dena. Ilegalak aztertzen ditugu, legalek –alkohola, kafea, tabakoa– analisia egina dutelako. MDMA, anfetamina, kokaina, haxixa eta marihuana testatu ditugu gehienbat uda honetan». Maizek kritikatu duenez, ez da formaziorik ematen, ez da inoiz hitz egiten, eta gero oso erraz jartzen da fokua gazteen kontsumoetan, «desfasatuenak» haiek direla esanez. «Ez dut ikusten eztabaidarik eta lanketarik gizarte mailan». Kontsumoa berdin mendekotasuna? Jaietan Ai Laketen furgoneta ikusi eta gerturatzeko lotsa izaten dute batzuek: «Zer pentsatuko du jendeak?». Kideak adierazi duenez, «hainbesteko estigma dago droga ilegalekiko, ikusten ditugun serie eta irudi guztiekin, non informatzea bera gaizki dagoela pentsatzera iristen garen. Akats handia da hori». «Nik ez dut drogarik hartzen», esaten diete zenbaitek, zigarroa ezpainetan eta kubata handi bat eskuan. «Kontsumoa eta mendekotasuna gauza bera direla pentsatzen da, baina hori baino konplexuagoa da». Itxasne Maizek hurbiltzera animatu du jendea. Instagramen abisatzen dute zer festetan izango diren, eta ostiralero puntu finkoa izaten dute 19.00etatik 22.00etara Gasteizko Herreria kalean. Informazioa, arrisku murrizketarako materiala eta jende atseginarekin elkarrizketa bat izateko aukera ematen dute, doan eta modu anonimoan.