GAIAK

Irisarri atzean utzi eta Arberatzen izango da 2024ko EHZ jaialdia

Zailtasunen gainetik gozoak izan dira EHZ festibalak Irisarrin bizi dituen azken bost urte hauek, baina aldaketaren ordua heldu da eta Arberatzera joango da datorren urtean, jakinarazi du antolakuntzak. Ekainaren 28, 29 eta 30ean egingo da Amikuze eskualdeko udalerrian.

Biltzar nagusia egin dute larunbat honetan Kanboko Emaitza gaztetxean. (Patxi BELTZAIZ)

Azken urteetan Irisarrin egin den Euskal Herria Zuzenean (EHZ) musika jaialdia Arberatzen egingo dute datorren urtean. Ekainaren 28, 29, eta 30ean egingo da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdeko udalerrian, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Ohar batean antolatzaileek azaldu dute azken bost urteetan EHZ egonkortu dela Irisarrin. Deialdiak publikoaren aldetik izandako erantzun arrakastatsua nabarmendu dute, baita 500 laguntzailek egindako ahalegina ere. «Irisarrin bost urtez egin diren lau edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute», adierazi dutenez.

«Berriz ttipitik eta xumetik hasi ginen 2019ko edizioan. Tartean pandemia izan zen ere, 2020koa bisio bilkura batean ezeztatu genuen» eta «2021ean musukorik gabeko oasia bilakatu zen EHZ, arnas gune bat euskara eta euskal kulturarentzat», oroitu dute azken urteetan pandemiak eragin dituen zailtasunen inguruan.

Antolakuntza taldearen esanetan, festibalak egonkortasun ekonomikoa lortzeaz gain, publikoaren eta laguntzaileen erantzun zabala aurkitu du Irisarrin.

Hala ere, «erosotasuna eta ondorioz gauzak handiago egin nahi izatearen« arriskua ikusten dute, eta festibalak oinarrian izan duen erronkari eutsi nahi diote: «EHZren historian ere usu eskutik joan dira belaunaldi aldaketa eta herri berria. Aurten ere hori dugu erronka: ahal bezain naturalki eta goxoki lekuko aldaketa egitea», planteatu dutenez.

«Ikustekoa izanen da zer ekarriko dion Arberatzek festibalari», azaldu dute hurrengo edizioari begira.