GAIAK
Animalia ikusgarriak daude erreserbetan.
Juan Luis MUGERTZA

Samburu, izenik gabeko izana


Samburu, Buffalo Springs eta Shaba erreserbek ekosistema bereko eremua osatzen dute Kenyan. Samburu eta Buffalo Springs elkarren ondoan daude, eta bi barruti ezberdinen arteko muga egiten duen Ewaso Ngiro ibaiak bakarrik bereizten ditu. Shaba erreserbak (handienak) ipar-ekialdean egiten du muga.

Hiru erreserba hauek oso lehorrak dira, prezipitazio txikia dute, eta horrek hegoaldeko beste eremu batzuk baino erakargarriagoak egiten ditu euri garaian, eta ostean. Izan ere, paisajea aldatu egiten da, jateko aukera handitu, eta erreketan metatutako urak animalia asko erakartzen du. Beharbada, erreserba hauen eragozpenik handiena Nairobitik urrun egotea da (310 km), eta Kenyako erreserba ospetsuenaren, Masai Mararen, kontrako norabidean izatea. Horregatik, turista asko, betekada kilometrorik ez egiteagatik, ez dira etortzen.

Samburuko natura-erreserba nazionalak samburu etniari zor dio izena. Artzain nomadak dira; lokatz, egur eta lastozko eraikuntza sinpleak dira haien etxeak, eta arbasoen tradizioen arabera bizi dira.  Masaiekin senidetuta daude, eta maa hizkuntza partekatzen dute. Bi talde etnikoak elkarrekin migratu ziren Etiopia edo Sudanetik, baina Turkana lakuan banatu ziren XVII. mendean. Samburuak erdialdeko mendilerroetan eta iparraldeko basamortuen ertzetan kokatu ziren, eta masaiak hegoaldera joan ziren.

Buffalo Springs erreserba nazionala ez da oso ezaguna, beste biak baino zertxobait txikiagoa, eta Lagh Dera ibaiaren aldean dago. Altitude baxuko lautada da, basalto lurzoru bolkanikoz osatuta. Inguruko landarediak akazia tortilis basoak, eta kommiforak nagusi diren sastraka zabalak ditu. Faunaren artean, galzorian dagoen Grevy zebrak daude.

Shaba, gutxien bisitatzen dena

Hiru erreserba hauetatik, Shaba da gutxien bisitatzen dena. Gainerako biek bezala, erdi-basamortuko klima du, nahiz eta iturri, ur-jauzi eta ibai ugari izan. Artzaintzak, ehizak eta egur-bilketak gora egin dute erreserbaren inguruko eremuetan, eta batzuetan, jarduera horiek parkearen mugen barruan ere antzematen dira. Ez dago turismoaren kudeaketa planik, eta arriskua dago bisitari kopurua neurritik gora egiteko.

Guri egokitutako kanpamendua Samburu parkearen barruan zegoen, Ewaso Nigiro ibaiaren ertzean, eta aukerako lo-denda oso txukuna zen. Hori bai, arau oso zorrotzak zituen: elefanteekin (Obama izenekoak bertan hartu zuen aterpe) tope eginez gero, lasai egoteko, eta ez hurbiltzeko esan ziguten, baita dendaren kremailera ere beti ixteko, tximinoak ez sartzeko; gauean afaltzera gindoazela, edota lotara itzultzean, esku-argia erabiltzeko gomendatu ziguten bertako langileei abisua emateko eta laguntza eskatzeko. Lehenengo gauean bertako morroi batek esanda, gure lo-dendako zuhaitz batean pausatuta, Perla koloreko mozoloa ikusi genuen, eta hurrengo egunean, egun argitan, kanpamenduaren ate nagusitik hurbil, Verreaux hontza. Azken hau ikaragarri handia da, Kenyako hontzik handiena da, eta oso deigarriak dira, begiak itxita dituela, bere arrosa koloreko betazalak.

Safari egunak egunsentian hasten dira, animaliek, batez ere lehoinabarrek eta gepardoek, jarduerarik handiena erakusten duten unea baita. Egunaren erdiko orduak, Afrikako eguzki ziztatzaileak gehien zigortzen duenean, ez dira aproposenak gora eta behera ibiltzeko. Hori dela eta, turista askok normalean ordu horietan atseden hartzen dute kanpamendu edo hoteletan, geroago, ilundu baino lehen, ordurik onenak aprobetxatzeko. Dena den, edozein ordutan ere egon behar da erne, badaezpada, sasien gerizpean atseden hartzen duten lehoi taldeak behatu ahal izateko. Ar nagusiek ia egun osoan egiten dute lo; lasai oso eta babesik gabe lo egiten duen Afrikako animalia bakarra ei da lehoia.

Eta guk horixe egin genuen, gosaria “piknik-kutxetan” sartuta egunsentia baino lehen abiatu ginen, ilusioz beteta, baina irudikatutako saria izateko zortea eta gidaren eskarmentua ezinbestekoak zirela jakinda. Gure gidak, Paulek, zoko-moko guztiak arakatu zituen goizean goizetik ilundu arte, inolako atsedenik gabe. Guk ikuspegi hobea edukitzeko, Toyota Landcruiser jeeparen sabaia zabaldu, eta irratia piztu zuen gainontzeko gidekin harremanak izateko, eta zer edo zer ikusiz gero, elkarri informazioa emateko. Paul oso berbatia zen, eta sekulako ahaleginak egiten zituen animalien gainean ez bazen, bertakoen kultura eta hizkuntzei buruz pasadizoren bat edo beste kontatzen. Hori dela eta, behin baino gehiagotan, swahiliz hitz batzuk ikasteko aukera, eta barre egiteko ere izan genuen: Jambo! Jambo! (Kaixo!), Asante (Eskerrik asko!), Hakuna matata (Ez dago arazorik), Pole pole (Poliki-poliki), Kwaheri (Agur!)…

Espezie oso potoloak

Tarte luzea egin genuen txoriak bilatzen, eta espezie oso potoloak ikusi genituen. Paraje hauetako ostruka ez da arrunta, beste espezie bat da, somaliar ostruka. Arra bereiztea ez da zaila, lepoko eta izterreko azalak tonu gris-urdinxka distiratsua izaten baitu. Bertako ganga espezie guztiak ere ikusi genituen (ganga musubeltza, ganga arrea eta Lichtenstein ganga), eta nola gainera! Gurean (Errege Bardean) ganga azpibeltzak bertatik bertara ikustea mirari bat baldin bada, Samburun, aldiz, etengabe izan genituen bide bazterretan, metro batera geldi. Pintada saia izenekoena ere, oso polita izan zen, kume saldo handiak inguraturik, haien burua sastraken artean izkutatu nahian. Somaliar hankarina topatzea ez zen erraza izan: denbora luze pasatu genuen haren bila belar oso laburreko paraje lehorretan.

Harraparien paradisua

Gainera, hegazti hau zazpiki hutsa da, ez daki geldirik egoten, eta argazkiak egiteko… Gero, adarretan pausatuta, eta  haien moko deigarriak apainduta, Von der Decken kalaoa, kalao mokogorria, eta kalao mokohoria ikusi genituen. Halarik ere, antzemandakoetan, zirrara gehien eragindakoa, arrano akrobatari, arrano borrokalariari eta ekialdeko aztore kantariari oso hurbiletik argazkiak egitea izan zen. Izan ere, harraparien paradisua da Kenyako urrutiko paraje hau.

Halako batean, urrutian, elkarren ondoan gelditutako autoek bihotzaren taupadak arintzeko pista eman ziguten, eta haraxe abiatu ginen zer ikus genezakeen irudikatu bitartean. “Lyons!”, esan du Paulek irratiko informazioa entzutean. Sei lehoi genituen aurrean. Bikote bat etzanda gainontzekoengandik aparte, eta lau eme. Arraren ondoko emea arreske zegoen, orroka, taldeko lehoi nagusiaren arreta izateko.

Gutxien espero genuenean, biak altxatu, arrak emeari lepoan leunki haginkatu, eta segundo batzuetako kopula azkarra gauzatu zuten gure aurrean inolako lotsarik gabe. Paulek kontatu zigun lehoiek astebeteko tartean askotan kopulatzen dutela. Tarte hori bukatutakoan, bikotea taldera itzultzen da, eta elkarrekin egoten dira kumeak jaio arte. Gero, hiru hilabete igaro ostean, emea bere kumeekin bakartu ohi da sastraken artean, eta arra kumeengandik  banatzen da.  

Lehoiez ari garelarik, Samburuko Kamunyak izeneko lehoi emearen istorioa oso bitxia da. Bertan bizi zen lehoi honek bere hiltzaile sena ahaztu, eta hamasei egunez orix kume bati kontu egin zion, bere ama bailitzan. Zientzialariak nahastuta daude, zer dela eta jarrera hori. Alabaina, samburu etniakoek bestelako iritzia dute: lehoiak ezin izango zuela kumerik izan, eta orixa jainkoaren oparia izan zela daude sinetsita. Azkenik, orixa lehoi ar batek akabatu zuen. Harrezkero, beste bost orix kume hazten saiatu zen Kamunyak.

Hurrengo bi egunetan Buffalo Springs eta Shabako bazterrak miatu genituen, eta lehoinabarrak, gepardoak, antilopeak, eta txori asko ikusi genituen. Parke hauetako balantzea oso ona izan zen. Hemendik Baringo lakura, eta Masai Mara mitiko joan ginen. Alabaina, bagenekien zaila izango zela izenik gabeko izana duten leku hauetan baino sentimendu sentikorragoak bizi izatea.