NOV. 10 2023 - 10:02h Esne Beltzak Chambaoko La Mari izan du lagun ‘Behin eta berriz’ kantu berrian Esne Beltzak ‘Esne Bidea’ diskoaren aurrerapen kantua aurkeztu berri du, ‘Behin eta berriz’, Chambao musika talde andaluziarreko La Mari abeslariarekin osatu duena. Diskoan «mundu osoko artista talentudunek» parte hartu dutela aurreratu dute. NAIZ ‘Esne Bidea’ lan berriaren azken prestaketa lanetan dabil Esne Beltza taldea eta, diskoaren aurrerapen moduan, ‘Behin eta berriz’ kantua eta honen bideoklipa sareratu berri dituzte. Abestian gonbidatu bereziaren partehartzea izan dute gainera, Chambao musika talde andaluziarreko La Mari abeslaria izan baitute lagun. Kantuaren iragarpenean, «hainbat estilo eta kultura» uztartzeko ahalegina egin dutela azaldu du Xabi Solano ereñotzuarrak gidatutako taldeak, «esperientzia aparta» eskaini ahal izateko, eta abestia etortzear dagoen ‘Esne Bidea’ disko berriaren aurrerapena dela ere zehaztu dute. «Disko hau aniztasunaren eta lankidetza globalaren testigantza da, mundu osoko artista talentudunek parte hartu baitute», aipatu dute, eta lan berria «hitzik gabe utziko zaituen eta soinu-muga berriak esploratzera gonbidatuko zaituen bidaia musikala» izango dela ere ziurtatu dute. Diskoa Durangoko Azokarako prest edukiko dutela jakinarazi eta azken iragarpena ere egiten diete jarraitzaileei: «Presta zaitez lehen akordean harrapatuko zaituen soinu fusioa aurkitzeko». Esne Beltzak 2007an hasi zuen bere ibilbidea, eta bidean zazpi disko argitaratu dituzte, azkena ‘Ni’ (5gora, 2018) izenekoa.