NOV. 20 2023 - 06:00h Adimen artifiziala Euskal Herrian: «Abiapuntu ona dugu onuretan sinetsi eta apustu egiteko» Bai Euskarari elkarteak Enpresarean foroa egin du Donostian. Euskal Herrian adimen artifiziala zertan den eta zer aukera eskaintzen dizkigun aztertu du, noraino eta zein balditzatan hedatzea nahi dugun ere bai. Ideia interesgarriak eman dituzte adituek, elkarri erantzunez eta kontra ere argudiatuz. Ezker-eskuin, Mikel Maiza, Ane Iturzaeta eta Mikel Artetxe, Enpresarean topaketan. (BAI EUSKARARI ELKARTEA) Maider Iantzi Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana bultzatzen du Enpresareanek, Bai Euskarari Elkartearen barnean. Miramon parke teknologikoan egindako azken topaketan, hain bogan dagoen adimen artifizialaren gaiari heldu zioten aditu ugarik. Lehenengo mahai inguruko solaskideak Ane Iturzaeta Microsoften ari den hodei arkitektoa, ChatGPT eta halako AA generatiboetan bete-betean dabilena; Mikel Artetxe, Reka AI konpainiaren eta itzultzaile automatiko gainbegiratu gabearen sortzaileetakoa; eta Mikel Maiza, Vicomtech-en Energia eta Industria Prozesuetarako Datu Adimen sailean aritzen den ikerlaria, izan ziren. «Ekosistema bat behar dugu AA ondo hedatzeko: beharra duten enpresak, hornitzaileak, ikerketa zentroen sarea, ondo finkatutako hezkuntza... Hori guztia ondo ezarrita dago eta bidea egiteko aukera oso ona dugu», adierazi zuen Maizak.Artetxe bat etorri zen, baina erlatibizatuz. «AA oso arlo zabala da, denera iritsi daitekeena, baina arlo propio bat ere bada, eta bigarren izaera horri ez zaio behar besteko arretarik jartzen ari». Teknologiaren kontsumitzaile izateaz gain, ekoizle gara. Vicomtecheko ikertzaileak itzultzaile automatikoen adibidea jarri zuen: «Badago oinarrizko teknologia bat aurretik sortua dagoena baina moldatu eta garatu egin behar da. Hori hemen egin da eta oso ondo funtzionatzen du». Iturzaetak ere balioa eman zion Itzuli itzultzaile eleanitz automatikoa Euskal Herrian sortu izanari. «Ezin izan da parekatu». Arautu eta sortuKezka sortzen du datuen erabilerak, eta horren inguruko arau ugari dago. Microsofteko ingeniariak oraindik gehiago nahi ditu. «AAk aukera pila bat zabaltzen dizkigula eta horiek aprobetxatu behar ditugula defendatzen dut, baina ez badugu arautzen ez dugu ondo egingo».Bere iritziz, teknologiaren ziztu biziak blokeatzen gaitu. «Gauzak egin nahi ditugu, elkartzen ari gara, eta hori oso inportantea da, baina ezin dugu oraindik azeleratze hori egin, edo ez gara ausartzen».Reka AIren fundatzailea ez da arautzearen defendatzailea, agian beste aldean dagoelako. «Asko hitz egiten da AAren arriskuez, baina askotan iruditzen zait nahiko modu abstraktuan aritzen garela. Nik uste dut falta dela esatea araudi bat atera behar badugu zehazki zein diren arriskuak eta nola mugatuko dituen araudi horrek. Bestela burokrazia lan handi bat izango da, neurri batean berrikuntza muga dezakeena».«Konpainia estatubatuarrak dira nagusi, eta Europak arautu eta isunak jartzen ditu. Arauak beharrezkoak dira, baina gustatuko litzaidake bertakoa den zerbait bultzatzea ere, guk nahi dugun horrekin lerrokatuago dagoena». Enpresen gaitasunaIturzaetaren ustez, lehiakorrak izaten jarraitzeko presioa dago eta enpresak konturatzen dira ez badira gurpil honetan sartzen kanpoan geratuko direla. Jeneralean digitalizazioarekin gertatzen da. AA izebergaren punta da.Enpresa amerikar bateko langilea da eta handiek kontratatzeko puskaz aukera gehiago dutela ikusten du. «Enpresa txikiei ere aukera eman behar zaie, entitate publikoen edo laguntzen bidez, bestela handiek dena jango dute».Artetxeren arabera, desberdintasuna izan daiteke handiek aukera gehiago dituztela neurrira egindako tresnak sortzeko eta txikiek erreminta orokorragoak erabili beharko dituztela. Lehen, AAk ongi funtzionatzen zuen gauza zehatzetan: Spama, adibidez. Gaur egun, helburu orokorra du. Bi ardatz ikusten ditu Reka AIren sortzaileak: «Oinarrizko teknologia gero eta handiagoa da, eta aldi berean behar zehatz bat badaukazu ahalegin txikiarekin sistema horiek egokitu ditzakezu». Euskararen datu baseaAAren oinarri funtsezko bat datuak dira. Maizak ongi daki euskarazko datu base on bat lortzea ez dela erraza. Urteak behar izan dira, baina izugarrizko saltoa eman da. Euskararen ezinbesteko muga da hori. «ChatGPT bezalako sistemak trilioi bat-hamar trilioi hitzekin entrenatzen dira. Euskaraz ez dago halako datu kopururik», aipatu zuen Artetxek. Sekula argitaratu diren testu guztiak kontuan hartuta, milioi bat eta hiru milioi datu artean egon daitezkeela kalkulatu zuten EHUko ikerketa taldean. Horregatik, Gaitu.eus eta halako ekimenek garrantzi handia dute, AAri euskaraz irakasteko.Guztiontzat da onuragarria?Ekitaldiaren bigarren zatian, Fisikan graduatua den eta Zientzian eta Filosofian masterra egina duen Irati Berasategi eta Josu Bilbao Ikerlaneko Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologien unitateko zuzendaria mintzatu ziren. Onuragarritasuna baloratzean, eskuragarritasunarekin erlazionatu zuen Berasategik, eta denok teknologiara iristeko aukera berak ez baditugu ezberdintasunak handituko direla baieztatu zuen Bilbaok.«AA gure jendartearen isla da, baina artifizialki sortutako datuetan aniztasuna bila dezakegu, AA horiek gizartea baino anitzagoak izateko», zehaztu zuen fisikari eta filosofoak.Fikzioa eta errealitatea nahasi Ikerlaneko langileak azaldu zuen AA gomendioak emateko erabiltzen dela baina aurki erabakiak hartzera igaroko dela. «Horrek ez du esan nahi fidagarritasuna txikituko denik; alderantziz».Artisten artean hedatu den kezka aipatu zuen Berasategik. «Gerta daiteke Googlen bilaketa bat egitean agertzen den lehen irudia ez izatea autorearen obra bat baizik eta AA batek sortutakoa. Gehienak ez gara gai biak ezberdintzeko». Bestalde, adimen artifizialekin elkarrizketa bat edukitzeak orain arte esploratu gabeko leku berrietara eraman gaitzakeela planteatu zuen. Fidagarritasuna bermatzeko, batzorde etikoetan aniztasuna bilatzea proposatu zuen, eta AArekin dugun harremana lantzea, pentsamendu kritikoarekin.Bilbaok sekulako aukerak ikusten ditu osasun munduan. Psikologo birtual batengana joanen liratekeen ere galdetu zien foroko partaideei.AA gelditzeko etorri da, eta nahiz eta humanoa defendatu, eraldaketa batean gaudela eta onuretan sinetsi eta apustu egin behar dugula aldarrikatu zuen Irati Berasategik.