NOV. 23 2023 - 13:55h Modus Operandik iragana eta oraina uztartu ditu ‘Atzo/Gaur’ disko berrian Hirugarren diskoa kaleratu berri du Modus Operandik, album bikoitza. ‘Atzo’ atalerako Euskal Herriko bost talde esanguratsuren kanta bana birsortu dituzte, «omenaldi» modura. ‘Gaur’ izeneko beste erdian, Modus Operandik etorkizunean izango duen soinuari buruz pista bat ematen da, abesti berriekin. Modus Operandiko Joseba San Sebastian, Iñaki Ortiz de Villalba eta Josu Erviti, ‘Atzo/Gaur’ diskoaren aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU) Alaia Sierra ‘Atzo/Gaur’ disko bikoitz berria kaleratu berri du Modus Operandi taldeak, bere hirugarrena. Gaur egungo soinu eta produkzioekin azken 20 urteetako abesti ezagunen bertsioak egin dituzte, Aiora Renteria, Afrika Bibang eta Dupla musikariek lagunduta, besteak beste. ‘Gaur’ ataleko bost kantu berriek, aldiz, aurrerantzean taldeak hartuko duen soinu-norabidearen lehenengo pausoa dira. Latzen taldearen ‘Laztana’, Barricadaren ‘Mañana sera igual’, Berri Txarraken ‘Oreka’, La Polla Records taldearen ‘Ellos dicen mierda nosotros amen’ eta Ken Zazpiren ‘Itsasoa gara’ dira atzoko abestiak. Gasteizko Jimmy Jazzen egindako aurkezpenean Baga-Biga produkzio-etxeko Ritxi Aizpuruk nabarmendu duenez, ez dira bertsio soilak, «moldaketak» baizik, «oso landuta» eta jatorrizkoen «oso bestelakoak». Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak azaldu duenez, Modus Operandi «Betagarriren errautsetatik» 2018an sortu zenetik aldaketarik egon da «musikan eta gugan». Ildo horretatik, Josu Erviti perkusionista eta produktorearen lana aintzatetsi du, «norabidea pixka bat aldatzeko behar genuen airea» izan delako. Ervitik berak laburbildu duenez, ‘Atzo’ atzokoari begira dago, «baina gaurko aurpegi ikusgarriekin». Horretarako, ‘Laztana’ abestirako Aiora Renteriaz baliatu dira, «balada rock-era ekartzeko»; ‘Oreka’ Danaerekin grabatu dute, Gorka Urbizuren «kontrako» ahotsa baitauka; ‘Mañana sera igual’ elektrokunbia bihurtu dute Afrika Bibang abeslariaren eskutik; «gaur egungo punk-a trap-a delako», ‘Ellos dicen mierda nosotros amen’ berregiteko Dupla taldearengana jo dute, baita Aguraingoak direlako ere; eta Janus Lesterrekin ‘Itsasoa gara’ kantuari tempoa handitu diote, pop elektroniko bihurtuz. Soinu berria Jada ezagunak diren abesti hauek ‘Gaur’ ataleko ale berriak eklipsatu ditzaketela aitortu duten arren, Josu Ervitiren ustez «nahiko bikain» geratu zaizkie beste bost kanta hauek ere, taldearen ohiko estilotik aldentzen badira ere. Ortiz de Villalbak azaldu duenez, bost konposizio hauetan amei omenaldi bat, presio estetikoari kritika bat, Down sindromea dutenei errekonozimendu bat, gizarte kapitalistari kritika bat eta bikotean fideltasun ezari buruzko abesti bat topatuko ditu entzuleak. Nostalgia kutsua daukan ‘Atzo’ hirugarren disko bezala eta ‘Gaur’ laugarren lan gisa kaleratzea planteatu zuten, baina bikoitza egitea erabaki zuten azkenean. Gainera, ‘Zure bihotzetik onena’ eta ‘Laztana’ single gisa argitaratu zituzten otsailean eta udan, hurrenez hurren. Disko berriaren eskutik zuzeneko emanaldiak datoz. Lehenengoa Durangon izango da, Ahotsenean, abenduak 10ean. Urtarrilaren 20an Ziburun egongo dira, bost egun beranduago Bilboko Kafe Antzokian eta otsailak 17an diskoa aurkeztu duten aretora itzuliko dira, Gasteizko Jimmy Jazzera.