DEC. 13 2023 - 10:00h ‘20 urte zure eskutik’, ETS taldeak 20. urteurren festa iragarri du 2025erako BECen Egun osorako festa izango da 2025eko martxoaren 22an Barakaldoko BECen eta pastelari ginga En Tol Sarmiento talde ekorarrak jarriko dio, orain arte egin duten bira jendetsuari amaiera emanaz. Zaletuentzat aurresalmenta berezia abian jarri dute gaurtik hasi eta abenduaren 14a arte. ETS taldekoak 2022ko udako Hatortxu Rock berezian emandako kontzertuan. (Idoia ZABALETA | FOKU) NAIZ Azken urte hauetan En Tol Sarmiento taldeak izan duen harrera sekulakoa izan da euskal jendartean. Hasi sareetan dituzten jarraitzaileetatik eta Euskal Herriko azken txokoko plazan biltzen duen publikoraino, bogan dagoen taldea da ezbairik gabe 2005ean Arabar Errioxako Ekora herrian sortutakoa. ‘Guretzat’ diskoarekin areto askotan txartel denak salduta eman dituzte kontzertuak eta uda sasoian azken urteetan plaza guztiak bete dituzte. Horregatik guztiagatik, datorren 2025eko martxoaren 22an, taldearen 20. urteurrenaren aitzakian, ‘20 urte zure eskutik’ deitutako festa antolatu dute, azken birari amaiera emateko denbora batez oholtzatik jaitsi eta atseden hartu aurretik. Barakaldoko BEC da horretarako aukeratu duten tokia, baina ez dute kontzertu soil bat izaterik nahi. Hala, publiko zabalarentzako ekintzak izango dituen herriko festen itxura hartutako ekimena prestatzen dabiltza. Euskal kulturari eta herriko festei omenaldia egin nahi diete, eta, horretarako, txupinazoa, herri kirol erakustaldia, erromeriak, haurrentzako bestelako ekintzak eta gehiago eskainiko dituzte festa erraldoi horretan. Horrez gainera, taldeak orain arte eman duen kontzertu handiena eskaini nahi du, sorpresa eta kolaborazioz betetakoa. Taldekideek esan dutenez, «BEC betetzea da geratzen zaigun azken ametsa. Uste dugu gure zaleek merezi dutela halako esperientzia bakar eta berezi bat, horregatik zerbait handia eta historikoa prestatzen ari gara. Urtebete baino gehiago dugu aurretik eta ziur gaude mugarria izango dela gure taldearentzat». Aurre-salmenta martxan Esan bezala, 2025eko martxoaren 22an jarri dute hitzordua, larunbatarekin, eta zaleentzat aurresalmenta berezia izango da abenduaren 14an arratsaldeko 18:00ak bitarte horretarako propio prestatu duten inprimaki batean izena emanda. Bertan izena emanda dutenek kode bat eskuratuko dute eta abenduaren 15etik hasi eta abenduaren 18ko 9:59ak iritsi bitartean sarrera eskuratu ahal izango dute, hortik aurrera, abenduaren 18ko 10:00etan hasita, salmenta orokorra jarriko da martxan Last Tour-en eta En Tol Sarmientoren webguneetan. Sarrera orokorrak egun osoan egingo diren ekintzetarako sarbidea emango die zaletuei eta, guztientzat egin nahi den festa denez, 12 urtez azpikoentzat prezio murriztuan izango dira sarrerak. Horrez gainera, autobusak ere antolatuko dituzte eta joan-etorriak erreserbatzeko webgunea ere martxan jarriko dute, irteera puntuak Amorebieta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bakio, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gasteiz, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa eta Zarautz izango dira, baina eskaeren baitan toki gehiagotan geldialdiak egitea ere aurreikusten da.