Amazonia, Ozeano Barea eta Andeak, dena Ekuadorren DEC. 14 2023 - 08:24h Testua eta argazkiak: Juan Luis MUGERTZA Amazoniako oihana, Andeetako mendikatea eta Ozeano Barea. Ekuadorreko hiru zatiak dira. Ezberdinak oso. Hamar etnia. Hainbat hizkuntza eta kultura. Aberatsa da Ekuador. Gainera, Hego Amerikako herrialderik txikienetakoa izan arren, hegaztietan oso handia da. Kolibriak dira protagonistak. Hego Amerikako ipar-mendebaldean kokatutako herrialde honetan indiar, beltz eta hainbat talde mestizo bizi dira. Ondo desberdindutako hiru zatik osatzen dute Ekuador: Amazoniako oihana, uranio eta petrolioaz zipriztindua; Andeetako mendikatea, inguruko urrezko meategiak zulatua, eta Ozeano Barea, kakao, banana, kafe eta arroz eremuak sakabanatua. Lurraldearen zabalerak 262.000 kilometro karratu ditu eta hauetatik ia 8.000 Galapagos uharteei dagozkie. Hamazortzi miloi inguru biztanle ditu Ekuadorrek, eta haietatik %45 indigenak dira. Egun, hamar etnia bizi dira Ekuadorren: shuar, xiona, axuar, sekoia, uharani, kofan, ahua, txatxi, satxila eta kitxuak. Hainbat hizkuntza eta kulturak betetzen dute lurralde osoa. Madrid atzean utzi, eta gaueko hamaiketan (gurean, goizeko bostak) Ekuadorreko Mariscal Sucre izeneko aireportura heldu gara. Ohiko tramiteak burutu, eta, Quitoko alde zaharrera joateko, taxi bat hartu dugu: «Al Gran Casino Irtenacional, por favor». Hoteleko sarreraraino eramaterik ez du izan taxilariak, eta urrutik xamar utzi gaitu. Hiru dolar ordaindutakoan entzundako hitzek ez gaituzte bat ere lasaitu: «Tengan quidado; ha estas horas no es muy aconsejable andar». Etorri aurretik delinkuentziaren inguruan entzundakoak nahikoa kezkatuta bagintuen ere, esandakoak ezer gutxi lagundu digu, eta beldurra soinean, eta bizkar-zorroa aldean, tarte luze bat oinez egin dugu begiak etengabe ezker-eskuinera mugitu bitartean. Lo-zorrak izarapean ezkutatu, eta Pichincha sumendiaren magalean itsas mailatik 2.816 metrora kokatutako Hego Amerikako hiririk ederrenetakoarekin izan dugu lehenengo hartu-emana, eta egia esan, nahikoa makal ibili gara bertako kaleetan gora eta behera arnasari eutsi ezinik. 1978. urtean UNESCOk gizon-emakume guztien ondare izendatutako hiriko etxeak soineko zuria eta kapela gorriaz apainduta ikusi ditugu, inguruko eliza kolonialek aspaldian bedeinkatuta. Tartean, gune historikoan dauden Enparantza Nagusia (Independentzia Enparantza ere deitua); Ekuadorreko elizarik zaharrena, San Francisco monasterioa (XVI); 24 de Mayo deritzon La Ronda kalea, eta El Panecillo, hogeita hamar metroko garaia duen Quitoko ama Birjina, mendi lepo batean kokaturik; handik hiriaren ikuspegi zabala ikus daiteke. Alde zaharra alde batera utzi, eta Amazonas etorbidera abiatu gara. Han modernotasunak zaharrari bizkarra eman nahi diola dirudi eta zarata lagun, kafetegi bateko terraza batetik bertakoen joan-etorriei erreparatuz eman dugu denbora. Otavaloko merkatua Terminal Terrestre Cumandan autobusa hartu, eta bi ordu eta erdi egin ostean, Otavalon gaude. Merkatuak oso ezagun egin duelarik ere Otavalo, ezin utzi ikusteke bertako indigenen kanposantua eta janari merkatuak. Izan ere, bertan aukera izango duzu Ekuadorreko plater tipiko batzuk dastatzeko, eta edateko: hornadoa, fritada, encebolladoa, cuy errea patatekin, canelazoa, artisau garagardoa… Ahaztu gabe, bai ikusteko, bai mendi bueltak egiteko aukera handia ematen duten inguruko paraje ederrak: Pecuche ur-jauzia, Cotacachi herria, Cuicocha, Mojanda eta San Pablo lakuak… Larunbateko merkatua jendez gainezka egoten da eta merkataritzarako dohain berezia duten indigena hauek burgesia gazte bat sortzea lortutako bakarrak dira. Batzuek Estatu Batuetan eta Europan saltzen dituzte eskulanak; beti ere ongi etorriak izan ohi diren eskulanak. Halarik ere, pobrezia gorria bizi denik ere bada, eta ez gutxi. Egoera politikoak eta delinkuentziak ez omen dute laguntzen, eta turista oso gutxi etortzen dira Ekuadorrera. Bat baino gehiago mamuak ekiditzeko, zuzenean Galapagoetara joaten dira. Pecuche herria Otavalotik hiru kilometrora, Pecuche herrian, ehundegi asko ikus daitezke, geroago azokan ehunak saltzen dituztenak. Otavalon larunbatetan benetako festa bihurtzen da. Lurralde guztiko indigenak euren produktuak saltzera datoz, eta herrian ez da ganadu feriarik falta ostirala eta larunbatetan. Azokak egunsentian ireki eta arratsaldera arte irauten du, eta janari postuak, eskulan saltzaile eta musikariekin nahasten dira. Bisitariak edozein motatako artilezko gaia aurki dezake eta nahikoa merke, gainera. Bertako gizonezkoek praka zuriak zangosagarretaraino daramatzate, eta sokazko sandaliak, pontxo urdinak eta grisak, eta ilea txukun batuta, zaldi baten buztana bezala. Emakumezkoek kolore askotako blusa bordatua, alkandorak eta txaleko beltzak eta luzeak, eta lepokoak eta eskumuturrak. Inguruko indigenak merkatu egunean baino ez dira Otavalora joaten eta horrek kolorez apaintzen du giroa. Merkatua hiru enparantzatan egiten da; garrantzitsuena Poncho izenekoa da: han tapakiak, pontxoak artilezko tapakiak, eta, gaur egun, Euskal Herriko bazter askotan erosgai ditugun jertseak, lepokoak, zapiak... aurki ditzakezu. Quiton, 2021an oilar borroka debekatu baldin bazuten ere, Otavalon, oraindik, oilar koliseoan tratu txarren ikuskizuna ikusteko aukera dago. Borrokak adostu aurretik, hantxe aritu ohi dira oilarren ezaugarriak aintzat hartzen: pisua, itxura... Horren ostean, hanken bueltan, ezproia modukoak ondo lotu, eta demak, oihuak eta animalia gizajoen heriotza etorri ohi da. Bietako bat amore eman arte aritzen dira. Gehienetan galtzailea bertan ez bada hiltzen, ate joka izango du heriotza. Dirutza handia jolasten ei da, eta oilarrek sasoi onean egon daitezen entrenamendu gogorrak izan ohi dituzte. Kolibriak, ezpata-dantzariak Ekuador Hego Amerikako herrialderik txikienetakoa da, baina hegaztietan oso handia da. Izan ere, Colombia, Peru, Brasil eta gero, munduan txori espezie gehien dituen lurraldea da: 1.650, guztira. Kopuru horren barruan kolibriak oso garrantzitsuak dira. Mundu osoan Alaskatik Patagoniara 343 bat espezie badaude, Ekuadorren, bakarrik, 163 ikus daitezke. Hegazti amerikar txiki hauek bere lumadiaren koloreagatik, hegan egiteko moduagatik (hegazti bakarrak dira, orekan daudela, atzera egiteko ahalmena dutenak), eta elikatzeko ohitura bereziengatik nabarmentzen dira. Kolibriek hegoekin egiten duten burrunba non-nahi entzuten da ostatu, jatetxe zein erreserba naturaletan haientzako propio jarritako edan-lekuetan. Gainerako hegaztien hegoak baino azkarrago mugitzen dituzte, eta hegoak segundoko 12–70 aldiz mugitzeko gai dira. Kolibriak atxaparrak eta antzeko landareak hazten diren lekuetan bizi ohi dira, nektarra eta loreen barruan aurkitzen dituzten intsektu txikiak jaten baitituzte. Landare batetik bestera joaten direnez, kolibriek polinizatzen ere laguntzen dute, erleek egiten duten bezala. Kolibriaren hegaldiak energia kontsumo altua duenez, denbora gehiena atsedenean ematen du eta maiz jan behar izaten du, nektarra ez ezik ornogabe txikiak ere kontsumituz. Guztira, egunean bere gorputzaren pisuaren halako bost kontsumitzen du. Batez beste, denboraren %10-15 ematen dute jaten, eta %75-80 atseden hartzen eta digestioa egiten. Kolibriak adarretan baino ezin dira pausatu, ezin baitira lurrean ibili edo korrikarik egin. Habiak egiteko, armiarma-sareak, goroldioak eta likenak erabiltzen dituzte. Adarretan eta hosto erresistenteetan finkatzen dituzte, lurzoruaren maila baino dezente gorago. BirdLife Internationalek 29 kolibri espezie desagertzeko arrisku larritzat jotzen ditu. Egun, arrazoiak oso bestelakoak badira ere, XIX. mendearen amaieran, Europako emakume dotoreek kolibrien lumez apaintzen zuten txapela, lore hegalari gisa imajinatzen zituzten txoriak.