GAIAK

Bidean jarraitzeko «amaiera berri bat»: hemen da Hatortxu Rock

Hatortxu Rocken 28. ediziorako sarrera gutxi batzuk geratzen dira. Bihar bertan salgai jarriko dituzte leihatilan. Eta, biharko eguna iritsi bitartean, ehunka lagunek auzolanean dihardute, Atarrabiako hiru karpak txukundu eta azken orduko lanak burutzen. Amaiera berri bati hasiera emateko prest.

Ia dena prest dago Atarrabian, bihar Hatortxu Rocki hasiera emateko. (HATORTXU ROCK)

 Bihar helduko da Hatortxu Rocken 28. edizioa Atarrabiara, “Amaiera berri bat” lelopean. Urte luzeetako ibilbidea du jaialdiak, eta hasierako errezetari jarraiki antolatzen dute urtero, ez dago misteriorik: elkartasuna, maitasuna eta, batez ere, auzolana.

Berezia da aurtengo leloa, amaiera bati erreferentzia egiten baitio. Dispertsioak eragiten zituen gastu ekonomikoei aurre egiteko jaio baitzen Hatortxu, eta dispertsioa amaitu bai, baina euskal presoen eskubideak bermatzeko oraindik lanean segitu behar dutela argi dute antolatzaileek.

NAIZ irratiko uhinetan izan zen Nekane Madariaga jaialdiko antolakuntza taldean dabilen kidea, eta amaiera berria aipatu zuen: «Garaipen handia da dispertsioaren amaiera, eta horrela ulertzen dugu guk. Hala ere, gatazkaren konponbiderako elementu garrantzitsutzat jotzen ditugu presoak eta hauen egoera kartzeletan. Hortaz, ulertzen dugu amaiera berri batek jarriko dituela herri honen etorkizunera begirako zutarri ezinbestekoak. Amaiera berri hori gauzatzeko, presoen eskubideak bermatzea eta horiek trabarik gabe garatzea ikusten dugu mugarri garrantzitsutzat».

Auzolana funtsezko tresna da jaialdia antolatzeko, Madariagaren iritziz: «Urtero aldaketak izaten dira. Batzuk joan, jende berria sartu… Garrantzitsua da berritze hori ere. Batzuetan ez gara ohartzen Hatortxuren atzean dagoenaz, bertan sartu arte. Eta jende gazteari parranda egitea gustatzen bazaio ere, izugarri disfrutatzen dute barruan, lanean sortzen den giro horrekin. 1999. urtean sortutako jaialdi bat gara. Lau lagunez osatutako antolakuntza bat izatetik, talde motorrean ehun pertsona dituen jaialdi bat izatera igaro gara. Hasieran lau lantaldez osatutako egitura batetik, hamazazpi dituen batera igaro gara 2023an. Hemen denok gara beharrezkoak!».

Atarrabiako oholtzara hamazazpi talde igoko dira. Hiru oholtza egongo dira, eta aldi berean bi talde ariko dira kantuan. Huntza, Tropa Do Carallo, Dupla, Liher, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera!, Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi eta Dj Trapella zain izango dituzte zaleek; baita Auxili, Los Chikos del Maiz, Burutik, Los Zopilotes, Txirriaos, DJ Reimy eta Skabidean ere. Gainera, zenbait talderentzat bereziak izango dira biharko kontzertuak; Liherrena «etenaldi luze baten aurretik» emango duen azken kontzertuetako bat izango da. Huntzaren kasuan, Bilboko Miribillako agur kontzertuaren aurretik azkenekoa izango da Hatortxukoa. Eta Skabideanek ere azken aldiz joko du, 2024ko amaieran atera asmo duten diskoa prestatzen hasi aurretik.

Berrikuntzak azpiegituran

Etengabe eraldatzen ari den jaialdia da Hatortxu, eta bertaratzen direnen iritzi eta kezkak aintzat hartzen dituzte, jaialdi ahalik onena eskaintzeko. «Aurtengo edizioak berrikuntza nabariak ditu azpiegituraren aldetik. «Hiru karpez eta hiru eszenatokiz osatutako eremu bat antolatu dugu aurten. Sukaldearen eremuan jantoki handi bat jarri dugu, aurreko urtean izandako arrakastaren ondoren. Era berean, ordainketak egiteko sisteman ere berrikuntzak egin ditugu. Aurreko edizioetan Tokenak erabiltzetik, aurten diruarekin kargatzen diren eskuturrekoetetara igaro gara, dena errazteko helburuz».

Berrikuntzak berrikuntza, berezitasun nabarmenena auzolana dela azpimarratu zuen behin baino gehiagotan Madariagak: «Hori da Hatortxuren altxorrik handiena. Errealitatea da gero eta zailagoa dela jendeak horrelako ekintzetan sartu eta konpromisoa har dezan, baina Hatortxuk erakusten digu zer egiteko gai garen. Denak elkartuz gero, sekulako gauza politak eraikitzeko gai gara. Bada berezitasuna 2023. urtean 500 boluntarioz osatutako jaialdi bat antolatzen jarraitzea». Harrotasunez mintzatu zen: «Gaur egungo gizartearen indibidualizazio eta merkantilizazio prozesuen erdian garatutako bizitzetan, egun batez, hainbeste pertsona aldi berean helburu baten alde lanean aritzea izugarria dela esango nuke».