DEC. 18 2023 - 10:55h Sarrera guztiak agortuta, bigarren kontzertua antolatu du ETSk BECen ETSren ‘20 urte zure eskutik’ urteurren kontzerturako sarrera guztiak ordu gutxiren buruan agortu ostean, bigarren kontzertu bat egingo dutela iragarri dute. Hitzordua 2025eko martxoaren 21erako finkatu dute, eta sarrerak astearte honetan jarriko dira salgai. ETS taldekoak, 2022ko udako Hatortxu Rock berezian emandako kontzertuan. (Idoia ZABALETA | FOKU) NAIZ Ordu gutxiren buruan agortu zituen En Tol Sarmientos (ETS) martxoaren 22rako BECen antolatua duten ‘20 urte zure eskutik’ urteurren festarako iragan den ostiralean salgai jarri zituen 15.000 sarrerak. Gauzak hala, eta «sarrera gabe geratu ziren talde euskaldunaren hainbeste jarraitzaileren eskaria ikusita», hitzordu handiaren bezperan, 2025eko martxoaren 21ean, beste kontzertu bat emango dutela iragarri dute. Aurreratu dutenez, ikuskizunean «bertako kulturari balioa emango zaio, folklorea, jaiak eta euskal musika omenduz. Oso ekitaldi berezia izango da, baina egun nagusiko goizeko jarduerarik gabe». Hitzordu honetarako sarrerak astearte honetan, abenduak 19, jarriko dira salgai, goizeko hamarretan, eta bi webguneren bidez eskuratu ahalko dira: entolsarmiento.com eta lasttour.org. Hamabi urtetik beherako adingabeek sarrera merkeagoa izango dute. Joan-etorriak errazte aldera, jaialdiaren egunean autobusak antolatuko dituzte hainbat herritatik ekitaldira joan eta egun berean itzultzeko, betiere erreserba eginez gero divertisenvivo.com webgunean; honako herri hauetatik abiatuko dira autobusak: Altsasu, Amorebieta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Guardia, Lizarra, Oñati, Oion, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautz. Ohartarazi dutenez, eskaria egonez gero herri gehiagotan ere egingo dituzte geldialdiak.