DEC. 19 2023 - 15:31h Berriro ere BECerako sarrera guztiak agortuta, hirugarren kontzertua antolatu du ETSk Ez bat eta ez bi, azkenean hiru izango dira ETSk 20. urteurren birari amaiera emateko 2025ean BECen eskainiko dituen kontzertuak. Bigarren kontzerturako sarrerak lau ordutan agortuta, astearte honetan bertan 18.00etan jarriko dira salgai «hirugarren eta azken» hitzordurako sarrerak. ETS taldekoak, 2022ko udako Hatortxu Rock berezian emandako kontzertuan. (Idoia ZABALETA | FOKU) NAIZ Hitzordurako urtebetetik gora falta bada ere, arrakasta itzela ari da izaten En Tol Sarmiento (ETS) taldeak bere bi hamarkadako ibilbidea ospatze aldera 2025erako antolatu duen ‘20 urte zure eskutik’ egitasmoa. Martxoaren 22ko hitzordurako sarrera guztiak ordu gutxiren buruan agortu ostean, bezperarako, martxoak 21, hitzordu berria iragarri zuten ekorarrek eta, antza, bigarren kontzertu horretarako sarrerak lau orduan agortu dira. «ETS taldeak berriro egin du historia. 20. urteurreneko bigarren egunerako 15.000 sarrerak agortu ditu lau ordutan, joan den ostegunean lehen eguneko sarrerak agortu ondoren», eman dute aditzera ohar bidez, eta, «ikusleen babesa ikusita», taldeak «hirugarren eta azken» kontzertu bat eskainiko duela iragarri du. Hitzordu berrirako data martxoaren 15erako finkatu dute, larunbata, BECen. Kontzertu honetarako sarrerak astearte honetan bertan, abenduak 19, aterako dira salmentara, 18.00etan. Sarrerak lasttour.org eta entolsarmiento.com webguneen bidez eskuratu ahalko dira. Aurreko bietan bezala, 12 urtez beherako pertsonek sarrera merkeagoa izango dute. «Ez dugu hitzik. Biziki eskertzen diegu babesa ematen ari diren guztiei. Denbora asko beharko dugu egun hauetan gertatzen ari dena barneratzeko. Argi daukagun gauza bakarra da gure 20. urteurrenerako zerbait berezia prestatuko dugula», adierazi du ETSk. 2025eko martxoaren 15ean eta 21ean, taldeak arratsaldeko musika plana prestatuko du jende guztiarentzat, Bizkaia Arena pabiloian. Ikuskizun honetan, «herriko kulturari balioa emango zaio, folklorea, jaiak eta euskal musika omenduz». 2025eko martxoaren 22an, gainera, ETSk jardunaldi bat eskainiko du goizetik hasita, eszenatokietatik aldi baterako agurtzeko kontzertuarekin amaitzeko. Nabarmendu dutenez, 20. urteurrena ospatzeko hiru egun hauetan, hainbat artista gonbidatu izango dira BECen En Tol Sarmiento taldearekin.