JAN. 01 2024 - 15:05h Interview Miguel Gutierrez Garitano Idazle eta esploratzailea «Gerra korrespontsala izateko ideia nuen eta ‘gerra-idazletzat’ dut neure burua» Miguel Gutierrez Garitano, Gasteizen. (Oihan Blasco) Testua: Roge Blasco Argazkiak: Oihan Blasco eta Miguel Gutiérrez Miguel Gutierrez Garitano idazlea da eta Historia eta Kazetaritza lizentziaduna. Horrez gain, geografia ez oso ezagunen esploratzailea da. Ekuatore Gineako oihanetan, Brasilgo Amazonian eta Peruko Andeetan barneratu da, Artikoan nabigatu du, Pakistango Punjab-en ibili da aztarna arkeologiko bila, Irakeko gerran berriemailea izan da eta, Ukrainakoa hasi zenetik, berriz, boluntario humanitario lanetan dabil. Manuel Iradier esploratzaile gasteiztarrak 1868an sortutako La Exploradora Elkarte Geografikoaren buru da. Elkartea 2015ean birsortu zen. Sei liburu idatzi ditu. Lehena ‘La aventura del Muni’ (2010) izan zen, Ekuatore Ginean zehar egindako bi bidaietan oinarrituta dago, zeinetan tribu zeremonietan parte hartu zuen. Eta azkena, berriz, “Hay dragones. Idazle bat Estatu Islamikoaren aurkako gerran” izan da. Azken honetan kontatzen ditu Irakeko Kurdistanen egindako bi egonaldiak eta Mosulen askapenean kazetari gisa izandako esperientzia. Gasteizko kaleetan ibili gara pasieran. Familiaren liburutegia erakutsi digu, esploratzaile eta bidaiariei buruzko milaka liburu biltzen dituena. Batzuk XIX. mendean argitaratutakoak dira. Gasteizko ‘Círculo Vitoriano’tik pasatu gara. Hantxe sortu zen La Exploradora, ‘Ezezaguna ezagutu’ lemapean jaiotakoa. Florida parkean amaitu dugu paseoa, hain zuzen ere, Manuel Iradierren estatuaren ondoan. Bertan hasi dugu elkarrizketa. Zergatik aukeratu duzu leku hau elkarrizketa egiteko? Manuel Iradierren irudiak piztu zuen bidaiarekiko dudan interesa. Deigarri gertatu zitzaidan, batetik, Gasteizko herritarra zelako eta, bestetik, garai hartan aparteko pertsonaia zelako. Grina zuen gauzak ikasteko, espiritu errenazentista eta bakezalearekin; izan ere, gerra karlistatik ihes egin zuen, anaiatzat zituenak hiltzeari uko egin ziolako. Ekuatore Gineako Muni herrialdera joan zen hango etniak aztertzera eta Europan ezagutzen ez ziren geografiak mapatzera. Ni haurra nintzenean, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistan jolas egiten nuen. Ikerketa zientifikoaren arloan ere aritzen zen Gobernuz Kanpoko Erakundea zen. Kike Gutierrez osaba eta Alvaro Iradier (esploratzailearen biloba) kide ziren. Denboraren poderioz nigan elikatzen joan den jakin-minaren hazia sortu zen han. Beraz, 2002an eta 2005ean Ekuatore Gineara joatea erabaki zenuen. Bertako lagunen bidez bwiti erlijioa ezagutu zenuen. Arbasoen gurtzan oinarritutako kredo bat da, duela urte gutxi arte ezkutuan egon dena. Bizipen haiek “Muniko abentura” liburuan jaso dituzu. Bandji edo jarraitzaile bihurtu zinen? Halaxe da. Iradierrek antzinako zeremonia horiek deskribatu zituen, eta zoragarria iruditu zitzaidan haiei buruz idaztea eta berreskuratzea. Bwitia ibogaren erlijioa da. Horren bidez, bandjiak mundu lurtarra gainditzen dute, Harantzago sartzeko. Lau lekutan egon nintzen, batzuk oihanaren barrualdean, Mitra mendiaren magalean zeuden herrixketan. Zeremonia oso garbiak ziren. Oraindik ezkutatu egin behar zuten, sorginek akelarreekin egiten zuten bezala. Tenplu “banjak” azkar eraiki eta desmuntatzen dira. Isileko puntu bat dute. Zure lehen liburutik “Hay dragones” arte, bertako jendearekin parte hartzea gustatzen zaizu, dela oso antzinako zeremonietan, dela Mosulgo gerrako erreportari gisa, dela Ukrainako aktibista humanitario bezala. Zerk bultzatzen zaitu hain sakon sartzera leku horietan? Obsesio pertsonal batzuk izan ditut, baina gerora ohartu naiz horiez. Denboran galdu diren eta mehatxatuta dauden hirien kasua da. Liluratuta nago oihanetan eta mendikateetan dauden hondakinekin, ikerketa historikoaren, arkeologiaren eta esplorazioaren bidez soilik ezagutu ditzakezunak. Obsesionatu egiten nau Ukrainako Bajmut bezalako herrietan egoteak, erabat suntsitua izan dena. Udako hiria zen, argitsua, polita, lorategiduna; orain infernua da. Kievera joateko beharra ere izan nuen setiatua izan zenean, hango jendearekin egon eta kontatzen zutena entzuteko beharra. Kazetaritza ikasten hasi nintzenean, gerra korrespontsala izateko ideia nuen. Orain “gerra-idazletzat” dut neure burua, eta hori ezberdina da. Gero eta gehiago mugitu naiz aktibismoaren aldera; izan ere, leku horietan sufrimendu handia ikusten duzu, eta norbaiten aldera egiten duzu. Eta kazetariak objektibotasunez kontatu behar du gertatzen dena, inoren alde egin gabe. Adibidez, Ukrainan buru-belarri nabil herritarren aldeko laguntza humanitarioan. Egia esan, denak du zerikusia historiarekin; ni lizentziaduna naiz diziplina honetan eta horregatik interesatzen zaizkit herriak eta zer gertatu zaien, bai iraganean, bai gaur egun. Hortik al dator arkeologiarekiko duzun interesa eta Peruko Andeetan Vilcabambara sei espedizio antolatu izana? Vilcabambako inken erresumak hainbat hiri zituen, eta horietako asko oraindik ez dira aurkitu, adibidez, Choquetira. Rafa anaiarekin ere egon nintzen Mendebaldeko Saharan, Marokok eraikitako harresia zeharkatzen. Mauritaniara joan ginen galdutako hirien bila, Al-Andalus konkistatu zuten almorabideen sorlekua. Zure azken liburua “Hay dragones” da. Izenburuak arrisku-lurraldeekin du zerikusirik? Erdi Aroko mapekin ideia-joko bat egiten dut: kartografoek ez zekitenean zer zegoen edo arriskua sumatzen zutenean, munstroak edo dragoiak marrazten zituzten, kontuz ibiltzeko. Dragoi horiek gure egungo geografian jarraitzen dute. Adibide ezin hobea iruditu zitzaidan Estatu Islamikoa, Khmer Gorrietatik ez baitzen halako basakeriarik ikusi. Youtuber profesionalen bidez erakusten zuten, horietako asko mendebaldekoak, nola erretzen zuten jendea bizirik, nola mozten zizkieten buruak, nola botatzen zituzten homosexualak eraikinetatik. Gizakiaren arimarik ilunena iruditu zitzaidan, eta Mosulera joan nintzen, ISISen kalifa-herri autoaldarrikatuaren hiriburura. Mosul hartzeko borrokaren eta EIren amaieraren lekukoa izan zinen. Liburuan Sinjar hiriari buruzko kapitulu bat dago, “Gernika irakiarra” izendatu duzuna. Zer transmititu zizun bertako jendeak? Sinjar yazidien munduaren bihotza da, gutxiengo erlijiosoa. Sunita erradikalek jende hori «deabruaren gurtzailetzat» jotzen dute, eta guztiak akabatzen saiatzen dira, emakume gazteak izan ezik, esklabo sexual bihurtzeko. Genozidioa egin dute yazidiekin. Astakerien lekukoak elkarrizketatu nituen. Ospitale batean egon nintzen, non gela batzuk bortxategi gisa erabiltzen zituzten. Iman batek ezkondu ondoren, bortxatu egiten zituzten. Hainbeste izugarrikeriaren testigantza jasotzeak eragina izango du. Solasaldi hau modu atseginagoan ixteko, bizi izandako abentura guztietatik zein une positiborekin geratzen zara? Erlijio-esperientziaren mugan dauden batzuekin. Tiriseko basamortuan izarren azpian; Polisarioko gerrillariekin kanpatuta beste mundukoa dirudien basamortu batean; Madre de Dios-etik kayakean jaisten; urruneko lautada batean, benetako paradisuaz pentsarazi zidana; edo Ellesmere uharteko glaziar batean, isilune artikoez gozatzen, foka eta hartzen aurrean... Herrialde eta kultura guztietan dauden pertsona apartak eta ederrak ezagutu ditudanean, orduantxe pribilegiatua sentitu naiz.