JAN. 10 2024 - 12:45h StarBlues taldeak ‘Bizi berri baten gezurra’ diskoa kaleratu du Bluesa euskaraz egiten du StarBlues musika taldeak, eta bere hirugarren lana aurkeztu dute asteazken goiz honetan, Donostian: ‘Bizi berri baten gezurra’. Ostiral honetan egingo dute aurkezpen kontzertua Ordizian. StarBlues taldeak disko berria kaleratu du. (Jon Urbe | FOKU) Iraitz Mateo ‘Bizi berri baten gezurrak’ StarBlues taldearen azken lanak bederatzi abesti biltzen ditu. Taldea sortu zenetik bluesa euskaraz sortea izan da talde goierritarraren helburua, oraingoan, aldiz, hitzei inoiz baino garrantzi gehiago eman diote. Egun bizi dugun egoerari egiten dio erreferentzia diskoko izenburuak, «iristea nahi dugun baina iristen ez den bizitza horri, gezurra denari». Jon Barreros gitarrajole eta abeslaria buru duen banda sendotu egin da bere hirugarren lanarekin, Mikel Atxeaga baxuan, Yon Labayen teklatuetan eta Unai Lopetegi baterian eta perkusioetan. Laurak izan dira asteazken goizean egindako aurkezpenean, Gaztelupeko Hotsakeko Felix Azkaraterekin batera. Azkarateren ustez talde baten hirugarren diskoak, taldea definitzeko edo pikutara bidaltzeko balio dezake; kasu honetan, definitzeko balio izan duela nabarmendu du. Euskal Herrian bluesa euskaraz egiten duen «talde bakarrenetarikoa» dela gaineratu du. Barrerosek 2022 urtea taldearentzat «inflexio puntua» izan zela kontatu du. Batetik Lopetegi batu zen taldera, eta bestetik, disko berri bat ateratzeko «gogoa eta ilusioa» zuen taldeak. Bere ustez, fruitua «ikaragarria» izan da: «Zerotik hamarrera baloratu behar bagenu emaitza, hogei esango nuke», esan du irri artean. Aurreko lanetan bezala, Fredi Pelaezen Beasaingo Pottoko estudioetan grabatu eta bateratu dute. Oso eskertuta dago taldea jasotako harrera eta lanarekin. Bederatzi kantu, hamaika istorio Lehen gehien bat musikan zentratzen zirela, eta oraingoan hitzetan ere arreta jarri dutela kontatu du Barrerosek: «Jende bati hitzak lehenago iristen zaizkio, eta horiengana ere iritsi nahi genuen». Kantu bakoitzak badu bere istorioa. ‘Bizi berri baten gezurra’ abestiak irekitzen du diskoa, eta migranteen egunerokoa jasotzen da bertan. «Non dago ustezko bizi berri hobe hori?», galdetzen du abeslariak. ‘Arima libre bat’ kantua azaltzerakoan ezin izan die malkoei eutsi Barrerosek, pasa den urtean ama galdu zuen, eta horri lotutako kantu sentikorra dela azaldu dute. ‘Denboraren zama’ da hirugarren kantua, «kantu transzendentala, bizitza azkar pasatzen dela dioena», aurkeztu dute. ‘Bakardadean’ kantua, tristeagoa dela aitortu dute, bakardadeari lotuagoa. «Katxondeoa» da nagusi ‘Patu petrala’ abestian taldekideen arabera, barre eginaraztekoa dela azaldu dute. ‘Errutinak irentsita’, aldiz, guztiz bestelako sentsazioak bilatzen dituen kantua da, egunerokoak nola irensten gaituen islatzen baitu. ‘Zirkoa’ da taldekideen ustez beren estilotik gehien urruntzen den kantua, baina oso berezia iruditu zitzaielako bideoklipa egitea erabaki zuten. Gure Zirkuaren karpan grabatu zuten larunbat batez, eta oso pozik daude emaitzarekin. Pandemiaren harira sortutako «zirkuari» egiten diote keinua abestian. ‘Aintzergako mugarriak’ abestia Labayenek konposatua da, «bizi rurala» eta bluesa hartu zituen ardatz konposatzeko garaian. Eta diskoa ixten duen azken kantua, ‘Paper madarikatuak!!’, Lopetegiren ideia batetik abiatuta sortu zuten: «Bururatu zitzaidan eskelak begiratzen ari zen pertsona baten istorioa, eskeletan berari diru asko zor zion pertsona bat hil zela ikusi zuen, eta horren inguruko burutazioak dira».