JAN. 11 2024 - 12:55h Neska nerabeek mutilek baino antsiolitiko gehiago kontsumitzen dituzte, ikerlan baten arabera EHUko OPIK ikerketa taldeak egindako lanaren arabera, 14 eta 18 urte arteko neska nerabeen antsiolitiko eta hipnosedatzaileen kontsumoa adin horretako mutilena baino handiagoa da. Emakumeen eta nerabeen osasun mentalaren narriaduraz eta botika honen kontsumo handiaz ohartzeak bultzatu zuen ikerketa. Neska nerabeek mutilek baino antsiolitiko eta hipnosedatzaile gehiago kontsumitzen dituzte. (Iñigo URIZ | FOKU) NAIZ EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak (OPIK) egindako ikerketa batek hauteman duenez, neska nerabeek -14 eta 18 urte artekoak- antsiolitiko eta hipnosedatzaile gehiago (AHS) kontsumitzen dituzte adin bereko mutilek baino. Gainera, nerabeen gurasoen hezkuntza maila zenbat eta txikiagoa izan, batez ere amen kasuan, orduan eta handiagoa da generoen arteko aldea. Ikerketa taldeak ohartarazi duenez «biztanleriaren osasun mentalaren narriaduraren gero eta zantzu gehiago daude; batez ere, emakumeen eta nerabeen artean». Gainera, «azken hamarkadetan modu progresiboan hazi da antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoa». Zehazki, ikerketaren arabera, prozesuan parte hartu duten nesken %24,1ek eta mutilen %15,3k kontsumitu dituzte psikofarmakoak noizbait; eta nesken %17,6k eta mutilen %9,7k kontsumitu dituzte azken urtean. Adinarekin kontsumoa handitzen da. 17 urte zituztenerako, emakumeen %26,9k kontsumitu zituzten mota honetako farmakoak eta %30,7ra igo zen ehunekoa 18 urterekin. Hala ere, hazkunde hau nabarmenagoa izan zen mutilen artean hamalau eta 18 urteren artean bikoiztu zen eta. Gurasoen eragina Ama-alaben arteko harremanak kontsumoan duen eragina aztertu dute ere. Ikerketak dioenez, «amak egoera sozioekonomiko eta mental txarra izateak eta haren ondoezaren medikalizazio posibleak lagundu lezake kontsumoa alabei helarazten, amak alaba zaintzeko bide gisa, familia barneko leialtasun sistema ikusezin baten barruan». Bestalde, gurasoen ikasketa maila lotuta dago kontsumo handiagoa izatearekin. Aitaren eta amaren ikasketa maila gero eta baxuagoa izan, batez ere amarena, botika honen kontsumoa orduan eta handiagoa da neska nerabeen artean. Aitzitik, faktore honek ez du eragin handirik mutilen kontsumoan eta gurasoen jatorriak ez du inolako eraginik. Diskriminazioa, ohiko indarkeriak eta AHRen kontsumoa Ikerketak dioenez, «emakumeek jasaten dituzten diskriminazio materialaren eta ohiko indarkeriaren ondoriozko ondoez psikikoa da emakumeen kontsumoa handiagoa izatea eragiten duen arrazoietako bat». Nerabeei dagokienez, OPIKen arabera, «adin horretan, feminitatearen eraikuntza konplazentzian eta perfekzionismoan oinarritzen da, autoexijentzia akademikoaz gain, eta mendekotasun eta gehiegikeria harremanekin hasten dira». Halaber, lanaren arabera, «ohiko bizimoduaren medikalizazioaren isla izan liteke psikofarmakoen hazkunde progresiboa, profil oso lehiakorrak eta proaktiboak lortzeko prozesuek eragiten dituzten ondoezak arintzeko edo ziurgabetasun eta zaurgarritasun egoerak arintzeko erabiltzen baitira». Hortaz, «egiturazko errealitateek eragindako desoreka eta arazoei irtenbide indibiduala emateko balio dute azkenean pastillek», egileen arabera. Zentzu horretan, ikerketak nabarmendu duenez, «genero desberdintasuna da psikofarmakoen kontsumoaren baldintzatzaile argienetako bat: emakumeen prebalentzia gizonen prebalentziaren bikoitza edo hirukoitza da». Ikerketak ohartarazi duenez, «beharrezkoa da osasun mentala baldintzatzen duten faktore sozialetan esku hartzea eta, hala, nerabezaroko psikofarmakoen kontsumoan esku hartzea». Komunitate mailan, «hezkuntza afektibo-sexuala» proposatzen du ikerketak, «ikasleak genero berdintasunaren gisako gaietan trebatuko dituena». Gainera, ikerketaren arabera, «beharrezkoa izango litzateke ehun asoziatibo sendo bat eraikitzea, osasunerako aktiboak bultzatuko dituena eta horiek ikusarazten lagunduko duten eztabaida eremuak ezarriko dituena». Azkenik, honakoa proposatzen du: «Maila klinikoan, indarrean dauden medikalizazio prozesuak aldatu beharko lirateke. Osasun mentala lantzean faktore sozialak kontuan hartu behar direla eta alborapen androzentrikoak saihestu behar direla ohartarazi behar zaie erakunde medikoei». Egileen iritziz, «emakumeen eskubideak babesteko eta areagotzeko politika pribatuak eta publikoak sustatu behar dira: soldata berdintasuna, prekarietatearekin amaitzea, etxeko lanak eta zaintza lanak aitortzea eta gizarteratzea, eta genero indarkeriarekin amaitzea».