JAN. 19 2024 - 08:00h Zetaren Bideko hirietan zehar Zetaren Ibilbidearen bihotzean, Iparraldekoan, bere hiri historikoetako hiru gaur egungo Uzbekistanen daude: Samarkanda, Bukhara eta Khiva. Gu Bertan izan gara, mendeetan zehar garrantzitsua izan zen ehun preziatuaz zipriztindutako hamaika txokotan. Samarkandako Registan plaza. (GETTY IMAGES) Testua: Juanma COSTOYA Argazkiak: J.C. eta Getty Images Zetaren Ibilbidearen aurretik zeuden hiri mitikoen artean, Alexandriak nabarmentzen dira, mazedoniar handiak Indiarako bidean egindako aurrerapen militarraren babesean sortuak. Estrabonek eta Herodotok aipatu zituzten haietatik Europara arian-arian iristen hasi ziren merkantzia apartak. Askoz geroago, Marko Lizinio Kraso jeneral erromatarrak partiarrak menderatzeko Eufrates ibaia zeharkatu zuenean, Erromara bueltan inoiz ikusi gabeko ehun leun, distiratsu eta arina ekarri zuen: zeta. Mendeetan zehar ehun berezi hori izan zen merkantzia eskatuenetako bat, baina laster gehitu zitzaizkion beste hainbat: Golkondako diamanteak, Myanmarreko errubiak, Txinako jadea eta laka, Persiar golkoko perlak, anbarra, marfila, espeziak, portzelana, beira, korala, jengibrea eta are ispilu ezarriak ere. Marco Polo eta Ibn Battuta izan ziren garai hartako bidaiari eta kronikari ofizialetako batzuk. Dena ez zen hain polita izan, ordea. Bide horretan indarkeria endemikoa izan zen mendeetan, gerra irekiekin, lapurretekin, erasoekin eta esklaboen trafikoarekin. Merkataritzarekin batera epidemiak ere iritsi ziren, baita beldurgarriena ere, izurri beltza, 1340ko hamarkadan Europa suntsitu zuena. Zetaren Ibilbidearen bihotzean, Iparraldekoan, bere hiri historikoetako hiru gaur egungo Uzbekistanen daude: Samarkanda, Bukhara eta Khiva. SAMARKANDA Samarkandak geografia bidaiari mitikoen oihartzuna partekatzen du, esaterako, Timbuktu, Zanzibar, Venezia edo Itakarekin. Alexandro Handia ez zen zekena izan hiri mitikoa goraipatzean, eta hari buruz entzundako guztia egia zela esan zuen, salbu imajinatzen zuena baino ederragoa zela. Estepetako nomadek, Gengis Khan buru zutela, ez zirudien lirismorako inolako joerarik zutenik eta 1220an suntsitu egin zuten. Hiriak mende bat baino gehiago itxaron behar izan zuen Tamerlani esker bere errautsetatik berpizteko. Hiria eskutik eskura igaro zen ondoren: timurtarrak, turkiarrak, arabiarrak, samandarrak; gainbehera malenkoniatsu batean erori eta ia erabateko hondamenean amaitu zuen arte. Errusiaren espantsionismo inperialak berriro ere mapan jarri zuen 1860tik aurrera, transkaspiar trenbidearen inaugurazioari esker. XX. mendean, boltxebikeek Erdialdeko Asiako eremu zabalak beren errepublika sozialisten sarean sartu zituztenean, arkitektura berreskuratzeko proiektu handi bat bultzatu zen, 2000. urte inguruan amaitu zena. Zaharberritzea polemikoa izan zen, oinordetutako ildo gidari batzuk aldatu zirela eta. Esku-hartze arkitektonikoa zalantzan jarri nahi denean gehien errepikatu ohi den adibidea Tilla-Kari madrasaren kanpoko kupula urdina da, Registango plazan dagoena. Nolanahi ere, Registango plaza, bere 110 x 60 metroekin, hiriko eremu publiko ezagunena da gaur egun ere. Etengabe ibili ohi da jendea atzera eta aurrera, batez ere ilunabarrean, zeru garbiaren eta plaza inguratzen duen argi artifizialaren arteko konbinazioak multzoari naturaz gaindiko sosegua ematen dionean. Ondotxo dakite selfieak egiten aritzen diren gazteek eta ezkontza erreportajeetan aritzen diren argazkilariek. Bisita asko jasotzen dituen lekua da Mausoleoen etorbidea ere, Shah-i-Zinda delakoa. XI. eta XV. mendeen artean eraiki zen, eta jatorrian gurtzarako eta erromesaldirako erabiltzen ziren. Gaur egun, bermudekin jantzitako turistek euren burua erretratatzen dute bere azuleju urdin distiratsuen dirdiraren, harmoniaren eta antolaketa geometrikoaren aurrean. MADRASAK, DENDA Hiriaren erdigune historikoan banaturik dauden madrasa gehienek ere antzeko patua izan dute; alfonbrak eta Mendebaldekoen gustuko aurreikusten diren Ekialdeko alfonbra eta kinkilak -bitxiak, ispiluak, lanparak...- erakusten dituzten dendak dira gaur egun. Hiriak ezkutatzen duen mitoaren lurrina bilatu beharko balitz, agian hirigune historikotik aldendu beharko ginateke eta merkatu zentral zaratatsuan murgildu eta plov bat jan, barazkiz, arrozez eta arkumez eginiko jaki nazionala. Aulki-diban tradizionaletan etzanda, familia osoak daude hori jaten, inguruan begizkoaren kontra otso-hortzekin egindako kutunak saltzen dituzten itsu zaharrak bezalako pertsonaia bitxiak dabiltzan bitartean. Meskita, madrasa eta mausoleoen inguruan sortutako giro jendetsuaz aspertuta dagoenarentzat, hiriaren mendebaldea, sektore errusiarra, da beste aukera bat. Kale bakartietako putzuetan patio handiak dituzten familia-etxetzarrak islatzen dira. Kalez kale ibiliz juduen auzora irits gaitezke, haren “Gumbaz” sinagogara, garai bateko komunitate indartsuaren ondare arkitektonikora, eta bainuetxe batera, non emakumeak asteko lehen egunetan joaten diren eta gizonak azkenetan. BUKHARA ETA KHIVA Bukharako oinezkoentzako hirigune historikoan 140 eraikin babestu baino gehiago daude. Kalon minaretea eta izen bereko meskita dauden plaza da bertako lekurik enblematikoena. Bisitariak lehen aldiz iluntze oskarbi batean ikusteko zortea badu, irudi hori bere oroimenean betiko geratuko da, argia oso berezia baita inguratzen duten adreilu okreetan islatzen denean. Zerua eta infernua ondo irudikatuta daude hemen; izan ere, bere 47 metroko altueratik minareteak otoitzera deitzeko zein heresiaz kondenatutakoak handik jaurtitzeko balio zuen. Hiriaren distira arkitektonikoa bere herritar ospetsuen mailan dago. Bukhara mediku, zientzialari eta filosofo ospetsuen aberria izan zen; Ibn Sina, Ferdosi eta Rudaki dira horietako batzuk. Erdialdeko Lyabi-Hauz plazan, masustondoen itzalean, xakean jokatzen zen duela urte gutxira arte, urmaelaren ondoan sorbeltzen eta enaren txorrotxioa eta usoen urruma entzuten zen bitartean. Turismo-negozio goseak agure zaharrak eta haien 64 laukiko taula zuri-beltzak egotzi dituzte. Merezi du Olimjon karabansarai hurbila bilatzea. Patio historiko horretan garai batean plaza betetzen zuten zaharrak babestu egin dira estrategia-jokoekin jarraitzeko. Gutxi geratzen dira jada; te berdea edan zaleak, beren begi gastatuekin, soilik pizten dira bisitariak mugimendu harrigarriren bat egiten duenean, atzera agurearen maisutasunaren aurrean amore ematen duen arte. Karabansarai horretan bada negozio berezi bat ere bere nitxoetako batean: Shavkhat Boltaev argazkilariarena, Bukharako ijito, judu eta baztertuen erretratugile beteranoarena. Hirigune historikotik urrun dauden karabansarai batzuek zaharberritzaileengandik ihes egitea lortu dute. Mekanikari, bizargin eta artisauek beren negozio xumeetarako nitxo apalak aurkitzen dituzte, eta hiriaren irudi errealista eskaintzen dute. Guztiz kontrakoa aurkituko du bisitariak Khivan, Uzbekistango hirugarren hiri historikoan. Ichon-Kala, harresi barneko hiria, turismoari zuzendutako dekoratua da, eta ordaindu egin behar da barruan dituen jauregi, meskita, mausoleo eta madrasak bisitatzeko. Ezagunena Juma meskita da, zeinaren sabai kasetoiduna egurrezko 218 zutabetan bermatzen den. Khivan onena izan liteke ilunabarrean terraza panoramikoa duen jatetxe batera igotzea, eta handik hiria eta inguruko estepa infinitua behatzea, mendebaldeko eguzkiak berotutako adobezko harresietatik harago, muezzinak bere milaka urteko otoitzerako deia berritzen duen bitartean.