JAN. 20 2024 - 16:45h Maite Idirin abeslaria zendu da Maite Idirin abeslaria zendu da, 81 urte zituelarik. Ugaon, Bizkaian, sortu bazen ere, aspaldi Angelun, Lapurdin, bizi zen. Euskal kantagintza berriaren ahots garrantzitsuenetako bat bilakatu zen 1970eko hamarkadan. GARAn eta INFO7 irratian aritu izan zen kolaboratzaile bezala. Maite Idirin 2015ean Baionan egindako agerraldian. (Bob EDME) Last update: JAN. 20 2024 - 19:30h NAIZ Maite Idirin abeslaria hil da, 81 urte zituelarik. Ugaon, Bizkaian, sortu bazen ere, aspaldi Angelun, Lapurdin, bizi zen. 1968an Atahualpa Yupanki euskaraz kaleratu zuen, eta ondoren zuzeneko emanaldi anitz eskaini zituen. Milaka jenderen aitzinean kantatu zuen, baita diskoak argitaratu ere, baina haietako asko biniloan argitaratu ziren, 45 rpm formatuarekin: ‘4 canciones de Atahualpa Yupanqui’, Paulo Iztueta eta Gabriel Arestik itzulita, ‘P. Iztuetaren lau poema’, ‘E. Mendizabal eta J. Apalategiren lau poema’, eta ‘B. Detxepareren lau poema’, eta berantago, 33 rpm formatuarekin argitaratzen hasi zen, ‘Ahizpatasuna’ kasu. Halere, 1968tik 1975era artean argitaratu zituen biniloak ez ziren jende anitzen eskuetara iritsi, zentsura politikoa zegoen Hego Euskal Herrian, eta azkenetan izanagatik frankismoa gori-gorian zen oraindik. «Jende askok aipatu izan dit kantu haiek oroitzen zituela oraindik ere, emozio anitz sortzen ziela kantuen entzuteak, eta gaur egungo formatu berrietara ekartzea izan da nire asmoa», adierazi zuen Idirinek 2015ean Baionako Eusko Ikaskuntzan egindako agerraldi batean. Maite Idirinen kantuek eragin latinoamerikarra zuten, musika eta poesia elkarrekin uztartuz «pobreenen aurka egindako bidegabekeriak eta euskal kultura espezifikoaren alde lanean zebiltzanen aurka egiten ziren desmasiak salatzeko». ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ Ekainean Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetaren ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburua argitaratu zuen UEUk, euskal kantariaren ibilbidea jorratzen duena.Baionan egindako aurkezpenean Apalategik aitortu zuenez, Idirin gaixotu zenean pentsatu zuen liburua idaztea, bere ibilbidea irakurri ahal izateko eta «alaitasuna» emateko. «Maite emakume borrokalaria izan da eta horregatik liburua emakume borrokalariei eskaini diegu, eurekiko esker onez beterik», adierazi zuen.UEUk Maite Idirinek euskal herrigintzari egindako ekarpena zoriondu nahi izan zuen argitaratutako liburuaren bitartez. Idirin kantu irakaslea izan zen udako ikastaroetan, eta Gidor Bilbaok azaldu zuen UEU berarekin «zorretan» dagoela. «Liburu hau euskal herrigintzaren liburua da, musika liburu bat da eta maitasun liburu bat», adierazi zuen. Idazleek ziurtatu zuten UEU argitaletxe egokiena dela Idirinen istorioa «zazpi eskualdeetara zabaltzeko».Liburuan Idirinen ibilbide artistikoa ilustratzeko irudiak ere erabili zituzten. Horretaz gain, Idirinen pentagramak eta kantak ere bildu zituzte bertan, edonork hauek kantatzeko eta zabaltzeko aukera izan dezan. Ohorezko euskaltzaina 2014an, ‘ohorezko euskaltzain’ izendatu zuten Idirin beste 11 euskaltzalerekin batera, «urte beltz luzeetan ere» euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuten lana goraipatuz. Gogoratu beharra dago ere Idirin GARAn eta INFO7 irratian aritu izan zela kolaboratzaile bezala.