GAIAK

Indartsu abiatu da Emakumeak Zientzian ekimena, berdintasunerako bidean ereduak aztertuz

Emakumeak Zientzian ekimena urtero antolatzen den ekimena da, zientzian dabiltzan emakumeak ikusarazteko helburuarekin jaio zen, eta egun zientzian berdintasuna lortzeko urratsak lantzen ari dira. Pasa den ostegunean abiatu zen Donostian, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.

Aste honetan abiatu da ekimena Donostian, lehen ekitaldian aretoa lepo. (Emakumeak Zientzian)

Aste honetan abiatu da Emakumeak Zientzian ekimena Donostian, eta otsailaren 16a bitarte luzatuko da egitaraua. Antolatzaileek hasiera «indartsua» izan duela jakinarazi dute, antolaturiko ekintzetan aretoak bete direla azaldu dute.

‘Emakume zientzialariak atzo eta gaur’ ekitaldia izan zuten atzo. Gipuzkoako ikerketa-zentroetan lanean diharduten bost emakume zientzialarik beren ikerketen berri eman zuten, eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omendu eta horien bizitza eta ekarpen zientifikoen berri eman zuten. Izan ere, hori da aurtengo edizioaren helburua, emakume zientzialariek, zientzian egindako ekarpenaz gain, «bizitza oso bat» dutela erakustea. Usue Mori, Alba Jumbo, Harbil Arregui, Sofia Ferreira eta Danila Merino izan ziren mahainguruko protagonistak.

Ostiralean egindako bigarren mahainguruan 50 bat lagunek hartu zuten parte antolatzaileen arabera, ‘Berdintasuna zientzian ez da bakarrik emakumeen kontua’ izenburupean egin zuten. Zientzia berdinalegi bat lortzeko bidean urratsak emateko ideiak partekatu eta konponbidean proposatzeko helburua izan zuen hitzaldiak, eta beraien bizipenak kontatu zituzten lan horretan dabiltzanek.

Ereduak sortzeko beharra

Ekimenaren antolatzaileek horrelako egitaraua prestatzearen beharra eta helburua azaldu zituzten: «Zientziaren alorrean, beste hainbatetan bezala, bikaintasun-estandarrak aldatzea eskatzen da gaur egun, eta alde batera uztea oso zabaldua dagoen kontzeptu bat, zeinaren arabera lanbide-bokazioak denbora gutxi uzten baitu familiarako, aisiarako edota garapen profesionalerako. Ez dugu nahi denera iristen den superheroirik, ezta arrakasta lortzeko gainerakoari uko egiten dionik ere. Bizimodu errealak dituzten pertsonak dira, beren karrera profesionalean oreka lortzen saiatzen direnak».

Asteburu honetarako ere egitarau zabala osatu dute. Donostian ‘Zientziaren izarrak’ tailerra dute antolatuta, eta Bilbon, berriz,  hiriko bioaniztasuna aztertu eta datuak jasotzeko familientzak jolasak. Igandean, Leioako Achucarro ikerketa zentroara bisita antolatu dute; eta ‘Esperientziaren boterea:BioBizakaia’ tailerra 55 urte baino gehiagoko emakumeentzat, sarrerak agortuta daude.