MAR. 06 2024 - 18:30h «Organo bat eman daitekeela eta norbaiten bizitza salbatu daitekeela erakutsi nahi dugu» Gasteizko Alde Zaharreko Vinylora disko dendako ‘Txiki’ eta Nagel Nalda anaiek denda itxiko dute datozen egunotan. Arrazoia biek jasango duten ebakuntza da, anaiak Nageli giltzurrun bat emango dio eta. Osasun publikoaren garrantzia azpimarratu dute. Nagel Nalda, giltzurrunaren hartzailea, eta ‘Txiki’ Nalda, emailea, Vinylora dendaren atarian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Alaia Sierra Gasteiz Sare sozialen bitartez jakinarazi zuten Angel ‘Txiki’ Nalda eta Nagel Nalda anaiek aste batzuez Vinylora disko-denda itxita egoteko arrazoia: giltzurrunetako arazoak dituen Nagelek organo berria jasoko du, anaiaren eskutik, ostegun honetan. Batetik, itxierari buruz «azalpenen bat» eman behar zutelako eman zuten honen berri, beraien kontu pertsonalak kontatzea ez bazaie gustatzen ere. Bestetik, «organoak eman daitezkeela eta norbaiten bizitza salbatu daitekeela jendeari erakusteko» zabaldu zuten, adierazi dio Nagel Naldak NAIZi. Nagelekin ados, ‘Txiki’k transplante bati buruz entzuterakoan pentsa daitekeenaren eta benetan denaren arteko desberdintasuna nabarmendu du. «Nire ebakuntza, adibidez, ez da oso inbaditzailea, laparoskopia bidez egiten delako», azaldu du. Zailena giltzurrun bakar batekin bizitzen jakitea dela gehitu du, nahiz eta «horrek ez duen asko eragiten, giltzurrun batekin primeran bizi daitekeelako». Anaia hartzailearen ebakuntzak sendatze luzeagoa eskatzen du, baina familian ohikoa da eritasun hau eta transplantera heltzeko prozesua duela bost urte hasi zen. Emailea izango denak zuzenean aurkeztu zuen bere burua eta, ordutik, bateragarritasuna aztertzeko analisiak eta proba psikologikoak egin dizkiote. Bizirik egonda organoak emateko aukeraz eta garrantziaz kontzientziatzeaz gain, osasun publikoaren garrantzia nabarmendu nahi dute. Prozesuan zailtasunik topatu ote duten galdetuta, «kontrakoa» izan dela dio ‘Txiki’k. Gurutzetako eta Zumarragako ospitaleetako langileei, bereziki, eskerrak ematen dizkiete. «Gaur nire txanda da baina beste batean edonorena izan daiteke», ohartarazi du Nagelek. «Hildako baten organoak aprobetxatu daitezkeela badakigu, baina batzuek flipatu egiten dute ez dakitelako bizirik egonda egin daitekeela eta askoz hobea dela hartzailearentzat. Eta sakrifizioa... ostegunetik aurrera ‘Txiki’k esango du, baina ez da hainbesterako».