GAIAK

‘Garai honetan’ singlea sareratu du PiL.T. taldeak

«Sortu eta gauzak esateko grinak bere horretan jarraitzen du», ziurtatu dute PiL.T. mungiarrek ‘Garai honetan’ single berria sareratzeaz batera. Hogei urteren ostean zenbait kontzertu eman eta sorlanari heldu badiote ere, epe laburrean ez dutela disko berririk aurreikusten ziurtatu diote NAIZi. 

This browser does not support the audio element.


Zerbait ari da mugitzen PiL.T.ren barrunbeetan. Urte luzetako isilunearen ostean, berriro elkartu eta zenbait kontzertu ematea erabaki zuen laukote mungiarrak orain urte batzuk eta, orain, sormenaren kutxa lanean jarri eta kantu berria sortu eta honen bideoklipa ere sareratu dute: ‘Garai honetan’.

Kantuaren izenak argi uzten du taldeak garaikide izateko duen nahia, egungo errealitatearekin bat egitekoa. Euren hitzetan, ‘Garai honetan’ «zintzotasun ariketa» bat da, «20 urteren buruan batu eta elkarrekin berriz sortzearen fruitua. Nola bueltatu daiteke sorkuntzara PiL.T. bezalako talde bat horrenbeste denbora geldirik egonda? Zeri kantatu diezaiokegu? Zer ekarri diezaiokegu gaur egungo gizarteari?», galdegin dute prentsara helarazi duten oharrean.

Gogoan izan dute egun PiL.T. osatzen duen laukoteak –Rafa Rueda, Aitor Abio, Jose Manuel Sampedro ‘Xanpe’ eta David Gonzalez– ibilbide zabala egin dutela elkarrekin sortzeari utzi zietenetik. Izan ere, Rafa Rueda urteak daramatza bakarkako ibilbidean murgilduta, Xanpe Gu Ta Gutarrak aritu da David, Berri Txarrak taldean egindako ibilbideaz gainera, Gari eta Pettiren taldeetan aritu eta Cobra taldea sortu zuen.

«Handia da musikari eta pertsona moduan bildutako bizipena. Ez gara sasoi hartako gazteak, gurasoak gara, egun, munduko botere guneetan dauden belaunaldikoak gara... baina sortu eta gauzak esateko grinak bere horretan jarraitzen du», ziurtatu dute.

Adierazteko gogo hori da ‘Garai honetan’ sortzera eraman dituena, eta kantuan islatu nahi izan dutena, euren hitzetan, gauzak lasaitasunetik fokalizatzearen beharra da, «soseguaren beharra ondo ulertu gabeko gurpil zoro hau atzetik datozenei azaltzea tokatzen zaigun lemazain harrapatu gaituen garai honetan».

Bukatzeko, «betiko esentziari eutsiz», taldeak 2017an abiatutako «bidearekin jarraitu» nahi duela aurreratu du. Orduko hartan, «kontzertu paregabe batzuetan elkartu» eta «berriro Euskal Herriko musikazaleak hunkitu» zituztela nabarmendu dute.

NAIZ Irratiari aurreratu diotenez, momentuz 2024rako iragarrita zituzten kontzertuak eskaini eta Azkena eta Mad Cool jaialdieta hartuko dute parte, eta etorkizun hurbilean ez dute disko berririk kaleratzea aurrikusten. Sorkuntza prozesua lasaitasunez hartu nahi dutela berretsi dute.