MAR. 28 2024 - 20:30h Espedizio bat Europako kostaldean zehar da CO2aren eta itsasoaren arteko harremana aztertzeko Tara Europa espedizioa Europako kostaldean zehar bidaiatzen ari da, aztertzeko giza jarduerek, hala nola berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioek, itsaso eta ozeanoetako ekosistemen biodibertsitatean zer eragin duten. Europako kostaldea zeharkatzen ari den Tara Europa ontziaren irudia. (TARA OCEAN) NAIZ Tara Ocean Fundazioaren Tara Europa izeneko espedizioak hamaika hilabete daramatza Europako kostaldean zehar bidaiatzen, giza jarduerek, hala nola berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioek, itsaso eta ozeanoetako ekosistemen biodibertsitatean duten eragina aztertzeko. Tara Ocean mundu osoan ezaguna den zientzia-erakundea da, Tara izeneko ikerketa-ontzian egin dituen itsas espedizioengatik. Ontzi hori 2003an erosi zuen Troublé-Bourgois familiak, lehengo bi jabeen ametsak bateratzeko asmoz: Jean Louis Étienne ikertzaile frantsesak itsasoak arakatu nahi zituen, eta Peter Blake Zeelanda Berriko erregatistak ozeanoak kontserbatzea. Une horretatik aurrera, Tara Ocean gero eta espedizio zientifiko gehiago egiten hasi zen, historia osoan ipar polora gehien hurbildu den belaontzia izatera iritsi arte. Urtebete baino gehiago bidaian Ontziak hamaika hilabete baino gehiago daramatza Europako itsasertzetan zehar, eta duela gutxi Bartzelonako Portuan lehorreratu da. Han izango da apirilaren erdialdera arte, Hamarkadako Ozeanoen Konferentzia Kataluniako hiriburuan egiten den arte. Tara Europa izeneko espedizio hau Estatu frantseseko Roscoff hirian hasi zen, 2023ko apirilean, eta aurtengo uztailera arte luzatuko da. Ontzian 14 lagun ari dira bidaiatzen, tartean sei marinel, sei zientzialari, kazetari bat eta artista grafiko bat. Tara Ocean Fundazioko Nazioarteko Politikako arduradunak, André Abreuk, dio ontziaren proiektuak komunitate zientifiko zabala duela atzetik, eta komunitate horrek bere zerbitzuak erabiltzen dituela era guztietako ikerketa zientifikoak egiteko. «Ontzi pribatua denez, proiektu interesgarrienak aukera ditzakegu», azpimarratu du Abreuk. Ikerketa-proiektu garrantzitsuenen artean, Tarak itsas uren eta lurrazalaren arteko karbono dioxidoaren (CO2) fluxuak aztertzen ditu, baita bioaerosolen presentzia ere. Bioaerosolak lurreko eta itsasoko ekosistemek atmosferara askatzen dituzten partikulak dira, hala nola onddoak, polena, bakterioak edo birusak. Ozeanoak, CO2aren gordailu Itsasoek eta ozeanoek klima globalaren kontrolatzaile gisa jokatzen dute; planetako bero-barreiatzaile handienak dira, eta berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioetatik datorren gehiegizko beroaren %90 xurgatzen dute. Gainera, karbono-hustubide oso eraginkorrak dira, basoak baino gehiago: itsasoek giza jarduerak sortutako CO2 emisioen %23 xurgatzen dute. Baina itsasoaren eta lurraren arteko CO2 fluxuaren oreka hori arriskuan dago atmosferaren kutsadura areagotu delako, itsasoetan eta ozeanoetan presio handiagoa eragiten baitu honek. Tarako ikertzaileak aztertzen ari dira nola ingurumen-baldintzen aldaketa horiek, itsasotik lurrerako CO2 fluxuen bidez, ondorio eta desoreka ugari eragiten dituzten itsas ekosistemetan, hala nola kutsadura, gehiegizko ustiapena eta habitaten suntsiketa. «Espedizio honek ikuspegi holistikoa izateko aukera ematen digu, gure planetan dena lotuta dagoela ulertzen laguntzen diguna. Lurra eta ozeanoa ez dira guztiz desberdinak, elkarreragin etengabean daude, batak besteari eragiten baitio», nabarmendu du Paola Bertucci ikertzaileak.