MAY. 02 2024 - 11:41h Adikzioak dituzten eta egoera zaurgarrian dauden pertsonek buru osasuna eta etxea kolokan dute 303 pertsona artatu zituzten iaz Erdu programan, adikzioak dituzten eta gizarte zaurgarritasun handiko egoeran dauden pertsonekin hurbiletik esku hartzeko arreta komunitarioko Lakuaren ekimenean. Erabiltzaileen %90ek buru osasuna kaltetua zuten. Adikzioak dituztenen profil nagusia 26 eta 59 urte bitarteko gizonezkoa da. (IREKIA) NAIZ Adikzioak dituzten eta gizarte zaurgarritasun handiko egoeran dauden pertsonekin hurbiletik esku hartzeko arreta komunitarioko Lakuaren ekimenean, Erdu programan, 303 pertsona artatu zituzten joan den urtean. Horietatik 199 kasu berriak izan ziren. 2022an, urtebete lehenago, 270 izan ziren programaren onuradunak, eta 2023an, beraz, kasuen igoera %12koa izan zen. Profil nagusia 26 eta 59 urte bitarteko gizonezkoa dela zehazten da memorian, osasun mentala kaltetua duena, etxebizitza kolokan duena eta alkoholarekin arazoak dituena. Halere, pertsona bakoitza ezberdina dela eta orokortzea eta estereotipoak saihestea garrantzitsua dela azpimarratu du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. 243 erabiltzailek (artatutakoen %90ek) buru osasuneko arazoak dituzte. «Pertsona horiek substantzia adiktiboetara jo dezakete buru osasuneko arazoen sintomei aurre egiteko, momentuko arintzea bilatuz, epe luzera eragin kaltegarriak izan arren. Era berean, substantzia horiek gehiegi erabiltzeak buru osasuna are gehiago erasan dezake, dauden arazoak handituz edota berriak sortuz», esplikatu du Melgosak. 270 pertsonak (%88k) adikzioak dituzte, gehienbat alkoholismoa (%28k). Heroina (%13,7), kokaina (%12,2), kalamua (%11,5) eta Lyrica (%8) ere ageri dira kontsumitzen dituzten drogen artean. Erduren onuradunak batzen dituzten beste ezaugarri bat etxebizitza kolokan edukitzea da. 197 lagun aurkitzen dira etxerik gabe edo baldintza kaskarrak dituen etxe batean bizitzen (%73). Erabiltzaile gehienak (%85) gizonak dira. 220 lagunek Estatu espainoletik kanpoko jatorria dute, eta 83k Estatuko nazionalitatea aitortua dute.Adinari dagokionez, dezenteko aniztasuna dago. %37k 36 eta 59 urte bitartean dituzte; %34k 26 eta 35 urte artean; %26k 18 eta 25 urte artean; eta %3k 60 urtetik gora. 108 pertsonak helburuak bete dituzte Memorian nabarmentzen denez, joan den urtean Erduren 108 erabiltzailek beren egoera hobetzeko ezarritako helburuak bete zituzten.Erdu sustatzen duten lau erakundeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 49 udalerritan aritu ziren, eta 2022koak baino sei gehiago izan ziren.Esku-hartzeei eta koordinazioei dagokienez, 2023ko memoriaren arabera, gora egin dute bi kasuetan. Esku-hartzeek %47 egin zuten gora: 6.716tik 9.881era. Bestalde, koordinazioek %18,20 egin zuten gora, 2022an 1.880 egin baitziren eta 2023an, 2.222.Nola funtzionatzen du? Arreta emateko unitate mugikor espezializatuen bidez, behar duten baliabideetara joaten dira, bertan egiten ari diren lanaren osagarri den adikzioen arreta eskaintzeko. Helburua da osasun- eta hezkuntza-arreta ematea, osasunaren eta gizartearen arloko zerbitzuekin koordinatuta, artatutako pertsonen osasun metala, egoera fisikoa eta psikologikoa hobetzeko.Taldeak Psikologia Klinikoko, Medikuntzako, Erizaintzako eta Psikiatriako, Gizarte Laneko eta Gizarte Hezkuntzako profesionalek osatzen dituzte.Lakuak programa indartu du2024an, ia %50 gehitu du Lakuak programaren jarduerari erantzuteko aurrekontua, eta 2023ko 250.000 euroetatik aurtengo 370.798 eurotara pasatu da (%48,32ko igoera).Erdu pandemia betean sortu zen, 2020an. Gaur egun egiturazko izaera du. Lau gizarte erakunde elkartu ziren Erdu proiektua bultzatzeko, eta proiektuan lanean jarraitzen dute EAEko hiru lurraldeetara irits dadin. Gizakia Fundazioa, Jeiki Fundazioa, Etorkintza Fundazioa eta Agipad – Gipuzkoako drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako elkartea dira. Lau erakundeek ikuspegi integral eta osagarri batetik heltzen diote berariaz adikzioen arazoari.Programaren helburua da, pertsonaren inguruan sistema ezberdinen (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, osasun mentaleko zentroak, bigarren mailako arretako zentroak, aterpetxeak, exijentzia txikiko zentroak, Ertzaintza, Lanbide, eta abar) baliabideak elkarlotzea. Modu horretan, gatazkak murrizten, sistemen eta baliabideen artean pertsonen fluxua hobetzen eta pertsona zaurgarrienek euren eskubideak baliatzeko dituzten aukerak areagotzen laguntzen da.