GAIAK
Jendetza biltzen du jaialdiak.

Yadnya Kasada, tengger herritarren tradizioa


Uda ate joka dagoenez, laster Tengger tribuko kideek Yadnya Kasada jaialdia ospatuko dute, urtero egiten duten bezala. Hilabetez luzatuko dira ospakizunak, baina egunik garrantzitsuena, gehien gustatzen zaiena, hamalaugarrena izango da.

Egun berezi horretan Java hegoaldeko Probolinggo herriko Bromo sumendiko kraterrera igoko dira, bakarrik zein taldeka, eta, behin tontorrean, bizkarrean zintzilik eta poltsetan igo dituzten eskaintzak zulora botatzen hasiko dira: arroza, frutak, barazkiak, loreak, ahuntzak, oiloak, tabakoa, dirua… Ausartenak ahalik eta gehien hurbilduko dira kraterraren izkinara, jaurtikitako eskaintza hondoraino irits dadin, jakin badakitelako zenbait herritar gai direla euren bizitzak arriskuan jartzeko, besteek botatakoa berreskuratzeko sare eta zapiak erabiliz.

Belaunaldiz belaunaldi Tengger tribukoek eutsitako tradizioa da. Eta helburua ere beti berdina: batetik, esker ona adierazi nahi diete jainkoei, izandako uzta onarengatik eta, bestetik, eskatu nahi diete hurrengo uztak ere oparoak izan daitezela.

Alabaina, urteroko hitzorduan ez dute herritarrek soilik parte hartzen. Gero eta turista gehiago hurbiltzen dira egun horretan Bromo sumendiaren inguruetara. Eta tradizioaren zergatiaz galdetzen duten atzerritarrek beti erantzun bera jasotzen dute, XV. mendeko kondaira batekin lotuta dagoena, Majapahit erreinuko Roro Anteng printzesa protagonista duena.

Bertakoek kontatzen dutenez, erabat kezkatuta zeuden bera eta bere senarra, Joko Seger, ezkondu ondoren ezin izan zutelako seme-alabarik izan, eta, egoera aldatu zedin, jainkoei laguntza eskatu zieten. Nonbait, haien otoitzak entzun eta jainkoek 25 seme-alaba agindu zizkieten. Alabaina, baldintza zehatz batekin: txikiena sakrifikatu behar zuten, derrigorrez, Bromo mendira jaurtiz. Hala ere, ez zuten haurra zulotik botatzeko beharrik izan, seme batek bere borondatez egin zuelako salto sumendira, Tengger herriaren oparotasuna bermatzeko. Harrezkero, ehunka tengger biltzen dira sumendiaren inguruko lur garaietan eskaintzak egitera.