GAIAK

BCBL zentroak magnetoentzefalografia ekipo berria du, bi milioi euroko inbertsioa eginda

Lakuako Hezkuntza Sailari atxikita dagoen BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) zentroak magnetoentzefalografia ekipo berria dauka,  bi milioi euroko inbertsioari esker.

Bildarratz sailburua, BCBLeko ikertzaile eta arduradunekin. (Jagoba Manterola | Foku)

Magnetoentzefalografia ekipo berria BCBLko instalazioetan dago, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan. Alde batetik, ikerketa zentroko laborategien ahalmena indartuko du nazioarteko eremu neurozientifikoan eta, bestetik, parte hartzaileen jarduera neuronala denbora zein espazio bereizmen bikainarekin erregistratzeko aukera emango du, aurreko ekipamenduaren ezaugarriak hobetuz.

Jokin Bildarratz Lakuako jarduneko Hezkuntza sailburuak bertatik bertara ezagutu ditu ekipamendu berriaren ezaugarriak, BCBLko taldearekin batera. Adolfo Morais jarduneko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eta Amaia Esquisabel jarduneko Ikerketa zuzendariak ere parte hartu dute bisitan. Zientzia taldeak makina berriak eskainiko dituen aukeren balioa nabarmendu du.

Zentroko jardueraren berariazko helburua hizkuntzaren jabekuntzan, ulermenean eta ekoizpenean inplikatutako mekanismo neurokognitiboak argitzea da, elebitasuna eta eleaniztasuna bereziki nabarmenduz. Bada, magnetoentzefalografia gailu berriak entzutezko estimuluak zein estimulu bisualak erreproduzitzeko aukera ematen du, parte hartzaileen garun jarduera neurtzen den bitartean, eserita edo etzanda, 306 sentsoreren bidez.

Nicola Molinaro BCBLko ikertzailearen hitzetan, «metodo teknologiko ez-inbaditzailea dugu, neuronek elkar komunikatzen direnean sortzen dituzten korronte elektrikoek sortzen dituzten eremu magnetikoak biltzen dituena. Informazio horrek garunaren zonalde zehatz bat noiz eta non aktibatu den adierazten digu, eta hori funtsezkoa da gure hizkuntza gaitasunek burmuinean nola jarduten duten eta garunaren egituraren eta funtzioen arteko harremana nolakoa den ulertzeko».

Bildarratzek ikerkuntzan zein trebakuntzan bikaintasuna bilatzearen garrantzia azpimarratu du, eta BCBL bezalako zentroek ezagutzaren transferentzia erraztuko dutela. Hizkuntzaren jabekuntzan eta prozesamenduan inplikatutako mekanismo neurokognitiboak argitzearen garrantzia ere nabarmendu du, eta BCBLko taldea zoriondu du helburu berriak erdiesteagatik, bide berriak irekiz. Era berean, bederatzi BERC oinarrizko ikerketa eta bikaintasun zentroek egunero Euskadiko oinarrizko zientziaren alde egiten duten lan aitzindaria azpimarratu du.

Bi milioi

Guztira, BCBL zentroak bi milioi euro inbertitu ditu, Lakuako Gobernuaren laguntzarekin, bere laborategiek neurozientziaren erronkei aurre egiteko duten ahalmena hobetzen duen makina berritzailean.

Horrela, ekipamendu berriak bat egin du zentroak Donostian dituen ikerketa neurozientifikoko azken belaunaldiko instalazioekin: erresonantzia magnetikoko eskanerra, intsonorizatutako zortzi kabina jokabide esperimentuak egiteko, 'eye tracking' sistema bat begirada jarraitzeko, haurtxoak aztertzeko 'Babylab' gela eta elektroentzefalografiako lau sistema.

BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian dago eta kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira bere kideak.