GAIAK
Interview
Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’
Musikaria

«Musika klasikotik kanpo bide asko daude, lan bakoitzean bide berri bati ekiten saiatzen naiz»

‘Doodem’ izeneko diskoa eta ikuskizuna estreinatu berri ditu Eñaut Zubizarreta, Triggerrek. 25 urtez bidelagun duen txeloa ardatz hartuta folk musikara gerturatu da, Kantauri itsasotik abiatu eta Atlantikoz bestalderako bidaia musikal bat proposatzen du bertan.

Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’ musikaria. (Andoni Canellada | FOKU)

‘Doodem’ jarri diozu izena argitaratu berri duzun lanari, zer dela eta?

Hasiera batean argi nuen folkaren inguruan zerbait egin nahi nuela, eta bat etorri da aurten 25 urte betetzen direla biolontxeloa jotzen hasi nintzenetik. Txeloa nire bizitzan totem moduko bat bilakatu zait. Hasi nintzen hari horri tiraka eta jakin nuen totemaren jatorrizko izena ‘Doodem’ zela, eta hortik hartu nuen kontzeptua.

25 urte txeloa altzoan hartuta. 25 urte, ikasten eta des-ikasten ere bai?

Hala esango nuke, izan ere des-ikastea bera ere bada ikasteko modu bat. Lehenengo eskola formalean, lengoaia formalean hezi ninduten. Hortik irtetean, beste eskola batean trebatzen hasi nintzen. Aurrez ikasitakoetatik behar nituenak hartu eta traba zirenak albo batera utziz joan naiz. Zergatik diren traba hausnartu eta pentsatuz, ea nola probestu nitzakeen nire jotzeko manera berrian.

«Kalera irteteak sortzen du bestelako harreman bat interpretea eta instrumentuaren artean, eta baita entzulearekin ere. Hori txeloan ez da eman»

Txeloari buruz orobat oso ikuspegi hertsia dugu. Mugarik zurrunenak musika tresnak berekin dakartzanak dira edo interpretearenak? Edo beharbada entzulearenak?

Hori ikuskera oso bat da. Badago alde batetik lengoaia, bestetik interpretea eta bestetik entzulea. Guzti horrek koktel bat osatzen du, eta horrek bilakatzen du gauzak egiteko modu konkretu hori kartzela bat. Egia da, musika tresnen artean, familia zurrunenentzat igurtzizko sokazko instrumentuez osatutako familia hori hartzen da: biolina, biola, txeloa eta kontrabaxuak osatzen dutena dela esan ohi da. Hor egon daiteke ilustrazio garaitik datorren ikuskera gailendu izana, eta egun ezagutzen ditugun instrumentu hauen prototipoak erdiarotik datozenak izatea. Baina, traba handienetariko bat izan da kalean ezin jo izanarena, kalean jotzeko adinako bolumen ez izateagatik. Klarinetea edo tronboia ere, esate batera, musika klasikoari oso lotuak egon dira betidanik, baina gero izan dituzte beste esparru batzuk. Adibiderik garbiena gurean txarangak dira. Beste herri eta kultura batzuetan ere badituzte beste aldaera batzuk. Kalera irteteak sortzen du bestelako harreman bat interpretea eta instrumentuaren artean, eta baita entzulea eta instrumentuaren artean ere. Hori gurean ez da eman, aretoetan jotzen zentratu izan gara eta traba handia izan da.

Zailtasunek izan ditzakete bi irakurketa: izan daitezke oztopo edo izan daitezke erronka. Zuk bigarrenaren aldeko hautua egin duzula esan genezake. Zure ibilbidearen abiapuntua da erronka hauei aurre egitea?

Bai, proiektu bakoitzean saiatzen naiz erronka berriei aurre egiten. Musika klasikotik kanpora bide asko daude, eta lan bakoitzean bide berri bati ekiten saiatzen naiz. Kasu honetan folk musikara jauzi egin dut eta eskuineko eskua asko lantzen saiatu naiz. Psikomotrizitatea asko landu dut, hankak eta eskuak modu independentean mugitzea.

Hori txeloa jotzeko modu klasikoarekin erabat kontrajarria litzateke?

Bai, urteetan zehar erakusten den lehenengo gauza horixe da: jotzeko moduak izan behar duela zurruna. Ezin duzu erakutsi hankarekin erritmoa eramaten ari zarenik edo aurpegi espresio gabekoa izatea. Sinplekeriak dirudite baina ez da horrela: hankarekin erritmoa eramateak esate batera, ez erritmoa eramatearren bakarrik, baizik eta ekintza hori bera ere musikaren parte izateak, eragin handia du. Burua eta gorputzaren arteko konexio hori lantzea ez da erraza.

Batik bat urteetan zehar bai buruari bai gorputzari kontrakoa eskatu diozunean: eutsi daitezen. Askatzeak badirudi lasaigarria izan behar duela, baina bideak ez du zertan erosoa izan...

Malgutasun hori lortzea eta puntu eroso batera iristeak lanketa bat du atzetik. Yoga egitearen antzekoa izan daitekeelakoan nago: hasieran kosta egiten da, agujetak... gero behin ikasitakoan pentsatzen dut gozagarri izango dela. Hemen gauza bera gertatzen da.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Azken lan honetan folk musikara gerturatu zara. Bertan planteatzen duzuna bada neurri batean bidaia musikal bat, itsas-zeharkaldi baten forma hartzen duena?

Bai, eta emanaldian argiago ikusten da [‘Doodem’ diskoaz gain musika eta hitza eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna ere bada]. Pertsona migratzaile baten istorioa kontatzen da. Bere bidaia, baina atzekoz aurrera. Kantauri da lehenengo abestia. Euskal Herriaren historia garaikidean izan duelako garrantzia sinboliko potente bat, direla gerrako umeak edo ‘Harro hadi Kantauri itsasoa’... Hori izan daiteke abiapuntua, baina helmuga ere. Hori da gure protagonista, ‘Moru’-ren kasua. Kantauri itsasoa da bere azken helmuga, hortik abiatzen dugu atzerako norabidean Moruk egindako bideari. Bidasoak ere pisu handia du gure historia garaikidean, azken urteetan ere bai, nahiko genukeena baino beltzagoa. Hortik zeharkaldiak jarraitzen du, itsasoak berebiziko garrantzia duena.

7 kanta jaso dituzu, 7 herri kultura ezberdinen irudikapena jasotzen dutenak. Harrigarria da abesti bakoitzean kultura ezberdinetako soinuak nola irudikatzen dituzuen txeloa eta saxoa soilik erabiliz. Nola ekarri dituzue soinu horiek guztiak itxura batera hain bestelakoak diren bi instrumentutara?

Tira, azalpenak luze joko luke, baina kontua da guk instrumentuak ezagutzen ditugun gisan ez direla horrela hutsetik sortu. Egungo musika tresnen prototipo gehienak erdiarotik datoz. Txeloaren aurrekari litzatekeenaren oso antzeko musika tresnak erabiltzen dira gaur egun Afrika edo Asiako musikagintzan. Beraz, uste baino gehiago dute komunean. Gero, badago baita ere ikasketa bat, beste kultura batzuetako musika entzun eta ezagutzearena. Soinuak identifikatu eta saiatzea zure musika tresnarekin soinu horiek erreproduzitzen. Diskoan entzun ditzakegu berimbauaren antzerako soinuak, mbirarenak, korarenak... Soinuak haustea eta edertasunaren ohiko ikuskeratik irtetea da kontua. Azken asteetan horrenbeste aipatzen ari den «banda zabalera» aipamena eginez esan genezake, rangoak, banda zabalera handia duela.

Folkera gerturatu zarete, baina folklorismoan erori gabe...

Bai, eta uste dut lortu dugula. Folk musika aipatzean, jende askori trikitixa eta panderoa datozkio burura eta hauei ematen zaien erabilera konkretu bat, edota irlandar musika, tabernetan eta entzuten dena. Zorionez, ordea, mundua eta baita folk musika ere askozaz ere anitzagoa da. Lortu dugu folkera gerturatzea, herriko musiketara gerturatzea baina folklorismo horretan erori gabe.

«Zuzenekoetara begira musika baino zerbait gehiago eskaini behar da; gaur egun dagoen sobrestimulazio guztiarekin, musika bakarrik entzuten duen jendea oso gutxi da»

Iñigo Xalbador saxoarekin eta Amaiur Luluaga dantzaria dituzu bidelagun emanaldian. Diskoa egiterako argi zenuen ikuskizuna ere egin behar zela?

Gaur egun zuzenekoetara begira musika baino zerbait gehiago eskaini behar da, beraz, hasieratik argi nuen emanaldia ere prestatu behar zela. Gaur egun dagoen sobrestimulazio guztiarekin, musika bakarrik entzuten duen jendea oso gutxi da. Amaiur lehendik laguna nuen eta elkarrekin lan egin izan dugu. Aipatu nion zer nuen eskuartean eta gustatuko litzaidakeela berekin lan egitea eta baiezkoa eman zidan.

Moru da ikuskizun honetako protagonista...

Hala da, bai. Esan bezala, pertsona migratzaile bat da, labur esanda beste milaka pertsona bezala beharrak bultzatuta bere herritik ihes egin zuena. Bidaia luze eta gogor bat egin behar izan zuena Europa deitzen dioten hori zapaldutakoan; bidaiak jarraitzen du ordea eta laztasunak ere bai. Euskal herrian poliki-poliki kokatzen da eta bertan errotzen da.

Itxura batera ez dirudite dantzarako erritmo samurrak...

Ez dira, ez, errazak. Amaiur Luluaga ordea oso dantzari fisikoa da, indartsua da. Handia eta gihartsua da. Beti esaten du hurrena egin behar duen koreografia ez dela izango horren fisikoa, baina gero beti horrela suertatzen da. Azken batean sortzaile bakoitzak bere joerak ditu, eta joera horiek norberaren bertuteetatik abiatzen dira. Kasu honetan Amaiurrek bere fisikotik tiratzen du, eta bai, leher eginda amaitzen du saioa. Eta polita da entzuleak hori guztia entzun ahal izatea. Gaur egun ez gaude ohituta, pausuak, arnasaldiak benetan eta zuzenean entzutera. Eta emanaldi honek ematen dio entzuleari horretarako aukera. Kantuak amaitzean, isiltasuna egiten denean Amaiurren arnasestuak entzuten dira, eta horrek oraindik ere dramatismo gehiago ematen dio.

Dena filtrotatik pasata ikustera ohitu gara eta zenbaitetan naturala denak deseroso sentiarazi gaitzake, ez?

Dena prozesatuta jan eta edaten dugu eta gero horrek berekin dakartza deserosotasunak edota intolerantziak ere bai zenbait kasutan.

Izan duzue aukera ikuskizuna jendaurrean aurkezteko, zer nolako feedbacka jaso duzue?

Feedback ona jaso dugu egin ditugun bi emanaldietan. Loraldian esate batera jende dezente egon zen, bertaratutakoak oso gustura egon ziren eta baita antolatzaileak ere. Maiatzaren 26an Arrasaten dugu saioa, ea udazkenean emanaldi gehiago emateko aukeran gauden.