GAIAK

Bularreko minbizia izan duten emakumez osatutako lehen Dragon Boat taldea sortu dute Gipuzkoan

Gipuzkoako lehendabiziko Dragon Boat taldea aurkeztu dute astelehen honetan. Bularreko minbizia izan duten emakumez osatuta dago eta minbiziaren aurkako zenbait elkartek bultzatutako proiektua da.

Dragon Boat kiroleko taldea sortu dute, bularreko minbizia izan duten emakumeek osatuta. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Bularreko minbizia gainditu duten emakumeek osatzen duten Gipuzkoako lehen Dragon Boat taldea sortu berri dute. Hondarribiko HS2 surf eskolak bultzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Iñurri, AECC, Katxalin, Asgicer eta Bularreko Minbizi Metastasikoaren elkarteak eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoaren parte-hartzearekin.

Astelehen honetan aurkeztu dute taldea Hondarribian. Taldea osatzen duten 27 emakumeek bularreko minbizia ganditu dute eta kausa horri ikusgarritasuna eman nahi diote.

Asiatik datorren eta 2.000 urte baino gehiago duen kirol nautiko hau bereziki onuragarria da bularreko minbizia duten emakumeentzat, ebakuntza ondoko prozesuetan onuragarria delako, eta bularreko, bizkarreko eta eskapulako giharrak indartzen laguntzen duelako. Gainera, azaldu dutenez, kirola oso lagungarria da gaixotasunarekin lotutako ondorioei aurre egiteko, arlo psikologiko, fisiko nahiz sozialean.

Ontziak brankan dragoi buru batekin eta popan isats batekin apaintzen dira, 13 metro baino gehiago neurtzen dute, eta 12 edo 22 kide izan ditzakete. Kide horiek ontziaren brankan dagoen danbor baten erritmoan arraun egiten dute.

Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak entrenamenduan parte hartu dute gaur arratsaldean beste 21 emakumerekin. «Oso esperientzia komunitario positiboa» izan dela adierazi dute, eta gonbidapena egin diete Dragon Boat taldean parte hartu nahi duten emakume guztiei.

Mendozak esan duenez, proiektu honek «ihesbide izan nahi du, leku seguru, osasungarri eta partekatu bat, ongizate integralari laguntzeko eta sare berriak sortzeko gaixotasun horri aurre egin beharraren ataka gaiztoa bizi izan duten emakumeen artean».

«Berdintasunezkoa, orekatua eta bidezkoa izango den lurralde bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, pertsona guztien ongizate osoa zainduko duen lurralde bat, hainbat arrazoirengatik gaizki pasatzen ari diren pertsonei laguntzen diena. Komunitate bizi bat, ekimen positibo eta berritzaileak abian jartzeko antolatzen dena eta jarduten duena», nabarmendu du.