JUN. 16 2024 - 07:24h Anaitasunako kontzertu mitikoen oihartzuna Heavy metalaren gotorlekua izan zen Iruñea garai batean. Larunbat gauean, Ingalaterrako hiru legendaren eskutik Anaitasunako kontzertu mitiko haien oihartzuna iritsi zitzaigun Navarra Arenara. Judas Priest taldearen kontzertua Nafarroa Arenan. (NAIZ) Xabier Rodriguez Lehenik eta behin, gurean ikusteko batere erraza ez den Uriah Heep taularatu zen Navarra Arenako oholtzara. Hiru taldeetatik beteranoenak, 1969an ekin zioten bere ibilbideari. Klasiko sorta bat eskaintzeaz gainera, azken diskoko (‘Chaos & Colour’, 2023) abestiei ere lekua egin zieten. Taldea jotzen hasi zenean, haatik, oraindik Navarra Arena kanpoan jende ilara luzeak zeuden. Arratsaldeko zazpiretan hasi ziren eta berrogei bat minutuko emanaldian jendearekin konektatzen asmatu zuten ‘Hurricane’ bezalako pieza berri kementsuekin, ‘July morning’ barroko eta konplexuak heavy rock progresiboan murgildu gintuen arte. Diskoan dauzkan hamasei minutuak hamarrera laburtu zituzten, denbora faltagatik, ederra izan bazen ere. Azken klasiko batekin agurtu gintuzten, ‘Easy livin’ hit atenporalarekin alegia, dezibelio festarekin topean amaitzeko. Mick Box zaharrak hor jarraitzen du, kalitatezko diskoak eta zuzenekoak ematen, eta Bernie Shaw abeslariak ia berrogei urte daramatza bere alboan, Phil Lanzon teklatu joleak bezala. Hortaz, badauka talde honek garai bateko jarraitzaile zaharrak asebetetzeko adina arrazoi. Auskalo noiz ikusi ahal izango dugun berriz talde hau Euskal Herrian. ‘Working class’ espiritua Saxon taldearena beste kontu bat da, ez guztiz ezberdina, bai ordea apur bat lurtarragoa, musikari dagokionez bederen. Hala, bada, rockaren gorazarrea, hard rocka eta heavy metal deskarga apartekoa eskainiko zigutela jakin bagenekien, eta esan gabe doa jaialdi honetako kontzerturik onena eman zutela. Biff Byffordek minbizia aspaldi gainditu zuen, eta garaipen kantuak bihurtu ditu azken urteotako kontzertuak ere. Hard zuzena, errepika oso markatuak dauzkana, eta ‘working class’ espiritua nagusitu ziren ia ordubeteko saioan. Gainera, azken diskoko kantu berriak ere eskaini zizkiguten, hala nola emanaldiari hasiera eman zion ‘Hell, fire and damnation’ eta, aurrerago, ‘Madame Guillotine’. Biek ere hainbeste klasikoren artean lekua egin zuten, eta ikuslegoaren zati handi batek ezagutzen zituela frogatu zuen. Ez da hemen bisualki sekulako ikuskizunik behar, maila honetako banda batek batik bat egurra eman eta publikoarekin komunikazioa lortu behar du, eta horretan Biff garaituko duen askorik ez da existitzen heavy munduan. 1980 eta 1981eko ereserki andana jo zituzten, hala nola, ‘Motorcycle man’ eta ‘Heavy Metal Thunder’ hasierako partean, baita 1983ko ‘Power and the glory’ ahaztezina ere. Gailur bakar bat hautatu beharko bagenu, seguru aski, eta merezimendu osoz, ‘Crusader’ erraldoia izango litzateke: zuzena, epikoa, erabatekoa eta errepika garaiezina daukana. Antzeko dohainak dauzka ‘Denim and leather’ mitikoak ere. Heavya gustatzen ez zaienentzat ere kantu aproposa, haren tenpoak airean zaramatza eta ukabila altxatzera behartzen zaitu. Amaieratik gertu, ‘Wheels of steel’ eta ‘And the bands played on’, Byfford Navarra Arenako errege bihurtuta, eta erritmoa galdu gabe eta goiaren goian uzteko, ‘747 (Strangers in the night)’ eta ‘Princess of the night’-ekin agurra. Errepika borobilak, atmosfera epikoak eta, lehen esan bezala, ‘working class’ harrotasun punttu bat; Saxon ez da gaur egun mundu guztiak ezagutzen duen talde bat, baina heavyaren langileak dira eta dakitena egiten jarraituko dute gorputzak eusten duen bitartean. Heavy metalean lehen aldiz murgildu nahi duenari aholku ugari emango zaizkio, klasiko mordo baten izenak tarteko. Akaso ez dute Saxon hor sartuko, nahiz eta seguru aski horretarako egokienak diren. Disko berria, ‘Invincible Shield’ Eta iritisi zen momentua: sei urteren ondoren, Euskal Herrira itzuli zen azkenik Judas Priest. 2018an BEC-en disko oso indartsua aurkeztu bazuten (‘Firepower’), oraingoan maila hori gainditu duen ‘Invincible Shield’-en biran murgilduta datozkigu. Jaialdian lehen aldiz alboetako pantaila txikiak martxan jarri zituzten, baita geroago oholtzaren atzeko handiak ere. Ordura artekoa urrutitik ikustetik, taula gainean gertatzen zenaren lagin bat ikustera pasa ginen orduan. Ohi bezala, Black Sabbath-en ‘War pigs’ entzun genuen lehenengo bozgorailuetatik, laster lan berriko ‘Panick attack’ zuzen eta oldarkorrarekin ekiteko. Lan berritik hiru bakarrik jo zituzten arren, kantu fresko hauen boterea soberan frogatu zuten britainiarrek. Laster hasi zen klasiko andana, ‘You’ve got another thing coming’-ekin hasi, ‘Rapid fire’-rekin jarraitu eta ‘Breaking the law’-rekin giroa pil-pilean jartzeko.‘Riding on the wind’, ‘Love bites’… Momentu onak, baina denok egin dugu datorren hausnarketa hau: K.K. Downing eta Glenn Tipton falta dira, eta bigarren horrek kantuen konposaketan parte hartu badu ere, bi horiek gabeko Judasik irudikatzea zaila egiten zaigu. Rob, Ian Hill baxu jolea eta Scott Travis hor daudela egia da, Richie Faulkner bere gaitzetik osatu da jada eta gainera konposaketa zein gitarra jole lanetan aurrerapauso ikusgarriak egin ditu. Andy Sneap, diskoaren ekoizle izatez gain, zuzeneko gitarra jolea ere bada, eta bikote ona osatzen du Richierekin. Hori gabe ez litzateke Judas izango, noski, baina lana era oso profesionalean egiten dutela ezingo diegu ukatu. ‘Devil’s child’ apur bat estridentea gelditu zitzaien, bolumena ere oso altu zegoela nabaritu genuen bai honetan zein ‘Saints in Hell’ gihartsuan. Kantu honekin ikus dezakegu 70etako Judas eta 80etakoaren arteko ezberdintasuna: ‘Saints in Hell’, ‘Sinner’ eta ‘Victim of changes’ bezalako piezak zitalagoak eta konplexuagoak dira. 80etakoak, ostera, sinpleagoak, eraginkorrak eta zuzenean burmuinera doazen kantu egituratuagoak dira.Lan berriko ‘Crowns of horns’-en elegantziak kontrapuntu lasaiagoa eman zien aurreko kantuei. ‘Sinner’-ek zitaltasun berezia eta ‘Turbo lover’-ek Judasen garai komertzialgoak ekarri zizkiguten gogora, 1986an hainbeste polemika ekarri zuen ‘Turbo’ diskoko ordezkari bakarra izan bazen ere. Disko berrira azken jauzia, ‘Invincible Shield’ garaikurrarekin. Asmo-deklarazio hutsa, Judasera soinu berria ekarri duten kantu sorta horretako erakusgarri aproposa da. 70ak aipatu ditugunez, ‘Victim of Changes’ epiko, luze eta gogorrak Fleetwood Mac-en ‘The green Manalishi’ izan zuen hurrengo, azken agurra ‘Painkiller’ gaindiezin eta bizkorrarekin egiteko. Bisetan, balore seguruak: ‘Electric eye’ sinple baina eraginkorra, ‘Hell bent for leather’ (ohi bezala, Rob Halford Harley Davidson batekin taularatu zen eta motorran eserita kantatu zuen) eta ospakizunaren gailurrean, ‘Living after midnight’, rock festa jai giroan agurtzeko. Halford forma onean dago, ahotsarekin laguntza daukala argi dagoen arren. Zutik dauden heroiek heavy metala betirako sustengatuko balute bezala, ‘Metal God’ zaharrak hor jarraitzeak seguru sentiarazten gaitu. Ez daukate parafernalia izugarria erabiltzeko inolako beharrik, eta gau honetan ere batik bat musikak hitz egin zuen.