JUN. 21 2024 - 10:56h Zama Doinuz Arindu ekimenak ere bere azken edizioa iragarri du Etxarri-Aranatzen 2016an jaiotako elkartasun ekimenak bere azken edizioa izango du 2025eko hasieran, «jakinink, egon badagoela oraindik zama arintzeko beharra». Urtarrilaren 24, 25 eta 26ean, «isilduko dira doinuak». Aurreko Zama Doinuz Arindu ekimeneko edizio bat. (Hamaika Telebista) naiz Zama Doinuz Arindu elkartasun ekimenak bere azken edizioa iragarri du 2025eko urtarrileko 24, 25 eta 26rako. Iragan larunbatean egin zuten Lasterbideanen azkena ere, eta Hatortxu Rockek, bide beretik, hurrengo urteko uztailean izango ditu azken akordeak. «Hamargarren edizioan jarri dugu proiektuaren helmuga. Jakinik ez garela helburuetara iritsi oraindik. Jakinik, egon badagoela oraindik zama arintzeko beharra. Baina argi izanik, hil behar direla proiektu zaharrak berriei jaiotzen uzteko», adierazi dute ohar baten bidez. Etxarri Aranatzen sortu zen ekimena 2016an eta «beti herri bizia» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, «auzolana eta elkarlana» motore izan dituzten hainbat ekimen piztu direla gogora ekarriz. Etorkizuna ere «norabide horretan» eraiki behar dela iritzi dute, «ezberdinen artean baten gaituen hori lehenetsiz». «Badakigu herri honek asko sufritu duela eta urtetako gatazkak zauriak utzi dituela, itxi gabeko zauriak oraindik ere», gehitu dute. Izan ere, azen 47 urteetan, soilik 15 hilabetez egon da Etxarri Aranatz, 2.500 biztanleko herri bat, preso edo iheslaririk gabe. «Eguneroko bizitzan sumatu dugu eta sumatzen dugu oraindik zama hori». Hausnarketa hori eginez abiatu zuten «bide oparoa» izan duen proiektu hau, baina iritsi zaie agur esateko tenorea. «Itzaliko dira argiak eta isilduko dira doinuak, baina 10 urtez jarraian zama doinuz arintzeak utzi digun zapore onak ekarriko ditu ekimen berriak, ekarriko ditu bide berriak, guztiak ere eta guztion artean etxerantz egiteko». Honela, ibilbidea aipatutako hiru eguneko zitarekin itxiko dute. Horren inguruko xehetasunak «laster» emanen dituztela baieztatuz.