JUN. 22 2024 - 01:06h Eguzkia lagun, jende andana Azkena Rock Festivalen bigarren egunean Gureen artean, Ezpalak talde zestoarra izan zen Mendizabalako gunean bakarra. Dea Matrona, Barry Adamson, La Perra Blanco eta Red Krossek arratsalde ederra eskaini zuten gaueko kartelburuak iritsi bitartean. L7, Arde Bogotá eta Queens Of The Stone Age bandek giro ederra jarri zuten. L7 taldeko Jennifer Finch mingaina kanpoan duela baxua joz Azkena Rockeko oholtzan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Iker Gurrutxaga Eguerditik giroa berotzen joan da Gasteizen Azkena Rock Festivalen bigarren egun honetan. Ama Zuriaren Enparantzan izan da lehen kontzertua, bazkal aurretik, Lisa & The Lips talde kaliforniarraren eskutik. The Bellrays taldean egin zen ezagun Lisa Kekaula eta taldekide zuen Robert Vennum gitarra-jotzailearekin ezkondu ostean, elkarrekin dabiltza orain nazioarteko hainbat musikari lagun dituztela. Datu ofizialen faltan, errekorrerako bidean izan da gaur Mendizabalako esparrua. Pearl Jam etorri zeneko zenbakietan mugituko zela aurreikusten zen eta batzuk hori gainditu dela aipatu dute Arde Bogotá taldearen emanaldiaren unea iritsi denean. Ezpalak, etxeko talde bakarra, primizia eta guzti Puntual hasi da bigarren eguna ere. God oholtzan Bala biko galiziarra izan da eguneko lehen taldea. Bi emakume indartsu oholtzan, gitarra eta bateria besterik ez dituztela. Tira, tarteka baxua ere jotzen dute. Nabarmena zen gaur eguraldi hobea eduki dugula eta ostirala dela. Lehen unetik jende gehiago bildu da Mendizabalan. Anxela Baltar abeslari eta gitarra-jotzaileak ere kantu eta kantu artean nabarmendu du hori, jaialdietan hainbeste jende ez dute izaten antza. Stonerraren bueltan ibili dira kantu guztietan, 90etako rock alternatiboarekin eta punk amerikarrarekin nahastuz. Grabeen indarra eta ahots urratua izan dira haien ezaugarri nagusienak, beti ere Violeta Mosqueraren bateria jotzeko gaitasuna aipatuz, jakina. Hirugarren oholtzan, Love eszenatokian, bazen kontzerturik gaurkoan eta Ezpalak talde zestoarrak izan du horri hasiera emateko ardura. ‘Hortz aina hots’ diskoko kantuekin eman diote kontzertuari hasiera baina segituan joan dira ‘Kolpatu Topatu’ albumera. ‘Kontran’ edota ‘Tristura’ bezalako kantuekin nabaritu dugu batetik besterako aldaketa. Itzala eta haizea alde izan dute Ezpalak taldekoek, baita sarrera ondoan egotea ere. Hala, jende mordoska pilatu da beren oholtaren aurrean. Juanjo Berasain abeslariak ere jende asko dagoela aipatu eta eskerrak eman dizkie bertaratuei. ‘Hauxe naiz ni’, kantu lasaiak bikain funtzionatu du, esaterako. Erdi rapeatua den kantuan, sendo-sendo ikusi dugu taldea. Publikoak kantuak abestu ditu, ez batek ez bik, eta urte gutxian egonkortu den taldea dela esan daiteke zesotarra. Hirugarren diskoa dute ‘Hortz aina hots’ eta hor murgildu dira gehiago kontzertuan. Juanjo Berasainek berriz ere hitzartze bat izan du eta honakoa esan:«Festibalen sasoia hasi den honetan, bost minutuero esan behar da gora Palestina askea eta eror dadila Israelgo estatu genozida». Berriz ere denei eskerrak eman eta dantza egiteko eskatu diete Ezpalakekoek bertaratuei. Kontzetu laburra izan da, baina bai ala bai entzun behar diren abestiak jota eta oso goian utzi dute gaurko kontzertuen langa. Beranduxeago, haiekin egoteko aukera izan dugu eta primizia bat eskaini digute: uda honetan disko berria dator. Energiaz betetako iluntzea Hasita zen Respect oholtzan Dea Matrona Ezpalak bukatu denerako. Gitarraren maitaleentzat talde interesgarria. Rock klasikoago bat, emakume ahots ederrekin koloreztatua. Indar handiko rocka eskaintzen dute, Azkenako oholtzan falta ezin den horietako proposamena. Txikigunean ere bazebilen jendea, baina bero handiegia egiten zuen gaur bi karpetan. Barry Adamsonen txanda izan da jarraian God oholtzan, eta, ordu bereanm Love oholtzan La Perra Blanco taldea igo da. Eguzkiak gogor jotzen zuen bitartean hasi dira bi kontzertuak. Jende asko izan da La Perra Blanco ikusten. Rockabillya, surf rocka, desert rocka, southerna… Teklatua, saxoa, gitarra, bateria eta kontrabaxuaz jota. Lau pertsona dira taldean eta kalitate oso altuko musikariak dira, zalantzarik gabe. Ez dirudi Alba Blanco taldeko burua Cadizkoa denik ere. Taldea Alabaman, Tennesseen, Texasen edo New Mexicon kokatu genezake lasai asko. Barry Adamson, berriz, britainiarra da, Manchestergoa, publikoari ere galdetu dio ea ba ote dakiten nor den. Bik baietz esan dute sutsuki. Giro guztiz desberdina jarri du 100 metro eskaseko distantzian. Hiruko formatuan, bateria, baxua eta iPad bat; harekin jotzen ditu teklatuak Adamsonek. Grabatutako soinuak beldurrik gabe erabiltzen dituzte zuzenan. Rap abeslari bat bailitzan jantzita agertu da oholtzan, belusezko txandal urdin bat, betaurreko beltz italiarrak eta kapela dotorea jantzita. Estetika berezia benetan. Rock Festival batean ea bluesa jotzea zuzena den galdetu du eta gitarra zintzilikatu segidan, akustikoa, gozo-gozo bere ahots beroarekin blues bat jotzeko. Beroa ahotsarena eta eguzkiarena, itzala preziatua zen oholtzaren gerizpean. Akustikoak ziren kantuetan La Perra Blancoren kontrabaxuaren indarra iristen zen God oholtza ertzera. Dantza, izerdia eta energia alde batean, goxotasuna eta gertutasuna bestean. ‘One Last Midnight’ kantuarekin zertxobait altxa da publikoa. Gitarrak, shakerrak, teklatuak, ahots bikoiztuak… Ia dena aurretik grabatua. Rocka ere ez da uste den bezain purua zenbaiten eskutik. Gauaren sarreran Kaliforniako doinuak Energiak eta dezibelioek gora egin dute Redd Krossekin. Zuriz jantzita eta publiko asko zutela hasi dute beren emanaldia. Buruak gora eta behera astintzen zituzten zaleek. Kaliforniako taldeak ia 45 urte daramatza musika egiten eta Black Flag mitikoen aurretik aritu ziren lehenengoz zuzenean. Duela 27 urte, 1997an, etena egin ostean, 2004an itzuli eta 20. urteurrena ospatzen ari dira orain punkaren eta rock alternatiboaren bueltan. Steve eta Jeff McDonald anaiak dira hasieratik dauden bakarrak, Steve, gainera OFF! supertaldeko kide ere izan da. Askori taldearen logoa ezaguna egingo zaizue, kontzertua ikusten zegoen Gorka Urbizuk bere Gibson 335 beltzean itsatsita izan baitzuen. Jeff, anaia, iaz Melvins taldearekin etorri zen Gasteiza. Jason Saphiro eta Dale Crover dira egun ondoan dituzten musikariak, azken diskotik elkarrekin dabiltza. Musikan antzematen da Los Angeles ingurukoak direla ezbairik gabe, kresala duten kantu dezente badira. Publikoa oso bero izan dute, gozatu ederra hartu dute bertaratu direnek. Gitarreoa zenbat nahi beste. Beste Los Angelesko talde bat segidan, L7, emakume talde aitzindaria punkaren bueltan, 1985etik 2001era lehendabizi eta 2014tik aurrera berriz. Beren 1992ko diskoari eman diote errepasoa, ‘Bricks are heavy’ lanari. ‘Pretend we are dead’ beren hitarekin edota ‘Everglade’ kantuarekin jendea mugitu dute. Lehen lerroetan ikusleak topera zeuden, bero, gazte garaiak gogoratuz ziurrenik asko. Teknika ona, abesten bikain… Nabari da lehen diskotik elkarrekin dabilen taldea dela. Jendetza historikoa Iaz BBK Liven izandako arrakasta ikusita Azkenara ekarri du aurten Last Tour Internationalek Arde Bogotá, proposamen arriskatua, Indie espainiarreko lehen taldea izan delako murtziarra. ‘Cowboys de la A3’ diskoa aurkeztu dute, gitarrak zuzenean beste presentzia bat duela nabaritu dugu hasieratik. Respect oholtzan Azkena Rock Festivalen ibilbidean sekula ez zen hainbeste jende bildu, sarreren salmenta ere historikotzat hartzekoa zirudien gaurkoak, Pearl Jam etorri zeneko parekoa baitzen irudia. Argi diseinu zaindua zuen Arde Bogotá taldeak, itsas-zaldi bat erdi-erdian atzealdean zintzilik jarrita zutela. Musika dantzagarria eta atsegina eskaini dute, eta urrunetik ere soinu kalitate oso onarekin entzun zitezkeen. ‘Qué vida tan dura’ kantarekin jendeari salto egiteko eskatu dute eta jendeak ongi erantzun du. Hori bai, balada bat jotzen hasi direnean jendea oholtzaz aldatzen hasi da, lehen orduan egon dena baina jende gehiago zegoen Queens Of The Stone Agen zain. Azken txanpan abiadurak eta indarrak gora egin dute Arde Bogotá taldekoen esutik, Led Zeppelinen kantu baten zati bat ere abestu dute. Segidan etorri da bukaera. Queens Of The Stone Age minutu bat aurretik hasi da, bi oholtzen artean jende multzo izugarria zegoela. ‘The Orgy’ izan da introan entzun den kantua, ‘Conan The Barbarian’ pelikulako soinu bandarako Basil Polidourisek egindako abestiarekin. ‘Little Sister’ izan da beren lehen kantua. Argi diseinu benetan ikusgarri batekin agertu dira oholtzan, aspaldian zuzeneko batean Euskal Herrian ikusi dugun zainduena. Stromae edota Rammstein izango ziren hori gaindituko zutenak. Shakerra eskuan, ‘My God is The Sun’ etorri da segidan, eta inguruan jende asko genuen ordurako kantari. ‘Negative Space’ jostari batekin segi dute. Eskertzekoa da kantuen zerrenda kontzertuero aldatzen duen talde bat halako jaialdi batean, askotan aurretik jakiten baita zer joko duten. Gaur ez da horrrla izan. «Lets dance motherfuckers, you ready?» Esan du Josh Homme abeslari eta gitarra-jotzaileak eta ‘Smooth Sailing’ izan da etorri den kanta, geldo samarra dantzarako. ‘Paper Machete’ ordea mugitoagoa izan da eta jendeak ere hala erantzun du. Boskotean agertu dira oholtzan, Dean Fertitak batzuetan teklatua jotzen zuen eta besteetan hirugarren gitarra moduan aritu da. ‘I sat by the ocean’ kantua popero samarra eskaini dute atzetik eta, segidan, grabeen indarrak eta argi espektakuluak gora egin dute, alienigenak abduzitzera baletoz bezala ekin diote ‘Misfit Love’ kantuari. Hasiera nahiko geldoa tempo aldetik eta, azken hau iritsi arte, indar askorik gabea ere bai. ‘Emotion Sickness’ kantuko koral eta gitarrez gozatzen iritsi gara prentsa gunera, nekeak eta hasiera geldoak kronika idaztera bideratu gaituzte gaurkoan. Baina, erabakia hartu orduko, intentsitatea igo dute ‘Go with the flow’ abestiarekin, 2003ko ‘Songs For The Deaf’ diskoko abestia. Eta mailari eutsi diete hiru urte lehenago ‘Rated R’ diskoan ateratako ‘The Lost Art Of Keeping A Secret’ abestiarekin. Pisua ‘The Sky Is Fallin'’ kantuarekin gehitu dute, berriz ere 2003ra salto egina, indarra duen kantua ezbairik gabe. ‘Burn The Witch’, 2005eko ‘Lullabies To Paralyze’ diskoko kantuaren sarreran publikoarekin hartu emana hasi dute, denak kantari jarri dituzte eta abestiak aurrera egin ahala, berriz ere publikoa «uooo»-ka jarri dute. 2007ko ‘Era Vulgaris’ diskotik berreskuratu duten ‘Make It Wit Chu’ kantu sentikorrean, teklatuek bere garrantzia dutela argi eta garbi ikusi da. Eta, ‘No one knows’ iritsi denean, erritmoak gora egin du eta publikoa berriz ere kantari jarri dute. Klasikoenekin irabazi dute Azkena Rock Festivaleko publikoa. Bitxikeria moduan, beren azken diskoa den ‘In Times New Roman…’ lanetik, iaz data hauetan kaleratu zuten albumetik, ia ez dutela abestirik eskaini. Publikoa pozarren itzuliko zen gaurkoan etxera. Bihar hirugarrena eta azkena, tartean Pi.L.T. taldearen itzulerarekin.