JUN. 24 2024 - 10:00h Detroit: erori eta berriz jaiki Ipar Amerikako Aintzira Handietako hiririk garrantzitsuenetakoa da Detroit, eta are garrantzitsuagoa izan zen XX. mendean zehar. Autoaren industriarekin hazi, eta harekin egin zuen gainbehera duela hamarkada bat. Baina ez dago geldirik, bere burua behin eta berriz asmatzen baizik. Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA Argazkiak: U.U. eta Getty Images Aintzira Handien eskualdean naturak gainez egin du, baso amaigabe eta ubideen inguruan. Detroit industriak famatu du horratik, autogintzak zehazki. Cleveland utzita, Niagarako ur-jauzietan amaitzen den Erie lakuaren ertzetik autoaren hiriraino gakartzan bideak ere Ohioko langile-hirien tankera adierazten du; Michigan estatuan sartutakoan, beste horrenbeste edo gehiago, Motor City seinalea agertu baino lehen baloi laranja erraldoi batek hiriko NBAko taldearen izena gogorarazten digu: Pistons. Dena autoarekin lotzen duela oroitaraziz, behin eta berriz. Ezinbestean, autoaren industriarekin lotu behar da Detroit. Baina gehiago ere bada; artean, musikan edo arkitekturan, kasu. AEBetako Midwest-eko bigarren hiria da Chicagoren ostean, eta aniztasun kultural interesgarria dauka, beltzek ekarritako ondare kultural eta musikalarekin hasi eta europar komunitateekin segituz (Greektown auzunea, esaterako, AEBetako greziarren topaleku garrantzitsuenetakoa baita Detroit). Motorraren hiria ez eze, “zuhaitzen hiria” ere deitu zaio; hirian bertan zein Michiganeko ingurunean baso erraldoiak daude. Eta ezin ahaztu, Kanadaren atarian gaudela. Urertzera goazen bakoitzean beste aldean ageri zaizkigun eraikinak Windsor hirian daude, Kanadan, alegia. Hiriaren izenak berak, egun amerikar ingelesezko ahoskeran esan arren, frantses jatorri bistakoa dauka. Detroit, lakuen artean ubideak estutu eta pasabidea eratzen duten lekuan dagoen hiria; Erie eta Huron aintziren artean, zehazki. AFRO-AMERIKAR GARRANTZIA Mugaldeak bestelako garrantzia ere eman dio historikoki Detroiti. Egun General Motors-en dorre ikusgarrien aldamenean eliza anglikano dotorea dago, Kanadara doan tunelaren ondoan. Luzaroan, Underground Railway edo Lurpeko Trenbidearen azken geltokietakoa izan zen Detroit, izan ere. Ibaiertzeko pasealeku atseginean joanda, esklabotzatik ihesi etorritakoen omenezko eskultura hunkigarria dago, Kanadara eta askatasunera seinalatuz. Gerora ere, eskubide zibilen inguruko hiri garrantzitsua izan da Detroit; Washingtoneko “Amets bat daukat” hitzaldiaren antzeko bat eman zuen Martin Luther King-ek hemen, esaterako, “Askatasunaren Martxa” izenekoan. Ez da ahaztu behar, azken batean, Estatu Batuetako hiririk beltzena dela Detroit. 1970eko petrolioaren krisiaz geroztik hiria gainbehera eraman zuen aroa atzean utzi eta berpizteko gogoa dago. Asteburu-pasa iritsita, hiriaren erdiguneak bizipoz berezia ageri du Campus Martius parkearen inguruan. Woodward etorbideko etxe orratzez inguratuta, neguko izotz-pista eta udako hareatza elkarren ondoan daude. Era berean, behinolako aberastasun horren adierazle ere badira inguruko eraikinetako asko, duela mende bat kaleotan bizi zen indarraren erakusgarri. Woodward kalea Detroit ibairaino jarraituta berehala ageri da ondare historiko hori, arkitekturan aditua izan gabe ere edonor ohartzeko gisan. Guardian izeneko etxe orratz gorriak aterian iradokitzen du barnealdea, baina sartutakoan erabat txunditzen zaituen lekua da. New York eta Chicago bezala, gora begira joateko hiria da hau ere, eta berdin gertatzen da eraikinetan sartzean, Guardineko sabai eta arkupeetako motiboekin liluratzeko. Fisher Building da Detroiteko urrezko aroaren beste adibide ikusgarri bat. FORD ETA MOTOWN Ibaitik urrundu eta hiriaren erdigunerantz joanda, zenbait museo interesgarri daude. Aipagarriena ziur aski, Charles H. Wright Historia Afrikar Amerikarrari buruzko museoa da. Bisitariren batek aipatu zuen legez, «museo bat baino, esperientzia bat bizitzea da». Ez beti atsegina, tristea eta gogorra sarritan, baina ezinbestekoa betiere. Hemendik, ez dago urrun Ford-Piquette konpainiaren jatorrizko lantegia, hirian bertan. Forden historia mundu osoan zehar zabaltzen da; hirian bertan eta Michiganeko alde honetan konpainiak izandako eragina ezagutzeko aldirietara jo behar da. Henry Ford Museum of American Innovation-ek XX. mende hasierara eramango gaituen fabrika irudikatzen du. Autogintzaren historia ezagutzeko ez eze, fordismo izena hartu zuen lan-egitura eta garaiko gizartea ezagutzeko lekua da. Detroit ikusgarria ez ezik, entzungarria ere bada. Gerora musika elektronikoaren hiriburuetako bat bihurtu den legez, duela 65 urteko Motown sound edo Motown soinuak hemen dauka jatorria. Musikako figurarik garrantzitsuenetako askoren lanak ekoitzi eta argitaratu zituen diskoetxeak Motorraren Hiritik hartu zuen izena. The Jackson 5, Stevie Wonder, Diana Ross, The Four Tops, Smokey Robinson eta beste askoren grabaketa lekua izan zen hau. AEBetako musikaren ezinbesteko diskoetxe baten jatorrizko etxea egunero-egunero ehunka lagun hartzen dituen erromesaldi gunea da -erreserba Internetez egin daiteke, eta komeni da zenbait egun lehenago ziurtatzea sarrera, badaezpada ere-. MURALAK Musikarekin eta bestelako gaiekin loturiko muralak asko dira hirian zehar. Eastern Market da ziur aski halako gehien biltzen dituena. Bestela ere, AEBetako aire libreko azoka handienetakoa biltzen da hemen larunbatetan. Giro berezia egoten da astero, goiz-pasa ibiltzeko ezin atseginagoa. Eta ariketa interesgarria da hiriak emandako artista ezagunenen muralak aurkitzea, hala nola Aretha Franklin edo Eminem-en horma-irudien bila, eta hiriaren nortasunaren zati bihurtu diren beste artelan batzuk ezagutzea. Mendebalderantz eginda, Detroiten gainbeheraren eta berpizkundearen eta bizinahiaren adierazpide artistiko berezienetakoa dago Heidelberg kalean. Heidelberg proiektua McDougall-Hunt auzunean dago, historikoki hiriko komunitate beltzaren gune izandako Black Bottom gunearen aldamenean. Tyree Guyton artistaren ekimena izan zen duela ia 40 urte, inguruko auzuneetako jendeen bizitza artearen bidez hobetzeko asmoz. Benetan berezia da bisita, gainerako lekuetan gura ez diren elementuekin egindako artelanekin. BERRIZ ERE IBAIRA Hiriaren erdian Woodward etorbideari jarraituta, berriz ere Chevroleten ikurra eta, GMren dorreen ingurura iristean, hiriko monumentu ezagun bi daude: Joe Louis boxealariaren ukabilaren estatua batean, eta Spirit of Detroit edo hiriko izpiritua biltzen duena, bestetik. Jefferson etorbidearen erdian dago ukabila. Milaka auto pasatzen dira, ibaialderako pasabidea eta erdigunea bereiziz, Estatu Batuetako hiri askotan gertatu ohi den bezala. Baina errepidea gurutzatutakoan, bestelako inguru batera iritsi gara. Zalantzarik gabe, paseatzeko edo bizikletan ibiltzeko leku paregabea da ibaiertza, Kanada parez pare dugula. Detroit Riverwalk-etik mendebalderantz jarraituta, zenbait parke eta kirol-portu ageri zaizkigu, eta Aretha Franklinen izena daraman antzokia hurrena. Haren ostean, beste hainbat parke daude Belle Isle-ko zubiraino. Asteburuetarako gune kuttuna da, udan batez ere. Ibaiertzean begira gaudela, ontziak doaz muga markatzen duen eta hiriari izena ematen dion ibaiaren erditik, parean Kanada daukagula. Tunel batetik joan daiteke haraino. Osterantzean, urrunean ageri zaigu Detroit Windsor hiriarekin batzen duen zubia. Behin hemen, Niagarako ur-jauzietaraino joan behar da berriz Estatu Batuetara itzultzeko, hiru bat ordura, eta beste bat gehiago, Torontoraino jarraituz gero.