JUN. 25 2024 - 14:20h Mario Larrinaga Moralesek egin du aurtengo Bilboko Aste Nagusiko kartela Aurtengo Aste Nagusiko kartel lehiaketaren irabazlea Mario Larrinaga Morales izan da, ‘Azul Agosto’ kartelarekin eta botoen %64arekin. Horren berri eman dute epaimahai espezializatuak eta Itziar Urtasunek, Jaietako zinegotziak. Kartel lehiaketako irabazlea, Mario Larrinaga Morales (atzeko aldean betaurrekoekin), epaimahaiko kideekin. (Oskar Matxin Edesa | FOKU) NAIZ Aurtengo Aste Nagusiko kartelaren irabazlea Mario Larrinaga Morales izan da, ‘Azul Agosto’ kartelarekin. Horren berri eman dute astearte honetan epaimahakideek: Itziar Urtasun Jai zinegotzi eta Jai Batzordeko presidenteak; Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziek; Alicia Fernandez Rekalde aretoko zuzendariak; Eder Aurre moda diseinatzaileak; Elena Guerra sortzaile digital eta komunikazioan eta marketinean adituak; Ibai Sanchez Telebilbaoko aurkezleak eta erreportariak eta azkenik, Bilboko Konpartsetako ordezkari batek. Herritarren parte-hartzea erabakigarria izan da kartel irabazlea aukeratzeko orduan, horrela, Bilboko Udalak %66ko balioa eman dio herri-bozketari eta %33koa epaimahaiari. Botoen %64 eskuratu du Larrinagaren lanak. 303 lan aurkeztu dira Ekainaren 17tik 23ra arte herritarrek botoa emateko aukera izan dute sei kartel finalisten artean bat aukeratzeko. Botoa, aurrez aurre Abandoko Barrutiko Udal Zentroan emateko aukera izan dute, eta digitalki, udalaren webgunearen bitartez eman ahal izan dute. Aurten, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek egindako 303 lan aurkeztu dira, eta Itziar Urtasunek eskerrak eman dizkie «egindako ahaleginagatik, asmamenagatik, sormenagatik eta emandako denboragatik». Proposamen gehienak bilbotarrek egin badituzte ere, Peru, Kuba, Errumania, Kolonbia eta Mexikoko jende askok ere parte hartu duela nabarmendu du epaimahaiak. «Gure Aste Nagusia gero eta internazionalagoa da, eta kartel iragarlea diseinatzerakoan ere hori nabari da: munduko hainbat txokotatik jasotzen ditugu lanak», adierazi du. Kartel irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eskudirutan, aurtengo Aste Nagusia ordezkatzeaz gain. Epaimahaiak Borja Sanz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko doktorearen adimen artifizialaren erabilerari buruzko aholkularitza izan du.