GAIAK

Bilboko bizitza kulturalaren azken 25 urteak, ‘Bilborock, rocka baino askoz gehiago’ filmean

‘Bilborock, rocka baino askoz gehiago’ film laburrak azken 25 urteotako Bilboko panorama kultural eta sozialean barrena egindako ibilbidea islatzen du. Estreinaldia Bilborocken bertan egingo da larunbatean, uztailaren 6an, eta Filmin plataforman ikusi ahal izango da hilaren 12tik aurrera.

This browser does not support the video element.


Media Attack ekoiztetxeak ekoitzi du ‘Bilborock, rocka baino askoz gehiago’, Bilboko Udalaren laguntzarekin. Azken 25 urteotako Bilboko panorama kultural eta sozialean barrena egindako ibilbidea da, musikaren bidez.

Bertan, kulturak hiria nola aldatu duen eta hiriak berak kulturan nola eragin duen aztertzen da. Helburua Bilboko udal-ekipamenduaren garrantzia azpimarratzea da, gazteentzako kultura eta musika eskaintza askotarikoa eta interesgarria bultzatzeko ekipamendua baita.

Film laburra ikus-entzunezko sektorean esperientzia handia daukaten Álvaro Fierro eta Diego Urruchi profesionalek zuzendu dute. Ekoizpen exekutiboa Paula Bañuelosek egin du, argazkigintza María Zabalarena da eta edizioa María Zabalak eta Gorka Agirregabiriak egin dute.

‘Bilborock, rocka baino askoz gehiago’ filmak artxiboko irudien bidez erakusten ditu aretoarekin zuzenean edo zeharka lotutako pertsonen testigantzak eta eztabaidak, kulturaren eta musikaren arloko erreferentziazko ekipamendu publiko horren garrantzia azalduz. Besteak beste, Josu Ortuondo, Frenillo Frakturado, Lova Lois, Juanma Cembellín, Deu Txakartegi, Afrika Bibang, Nenita Danger, José Caecero, Marilú Albizu eta Alaitz Arenazaren testigantzak ditu.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia pozik agertu da ostegunean film laburrak dakarren ondareagatik. «Bilborock nahi dugun hiri-eredua da. Hiri gazte eta dinamikoa, talentuaren, sormenaren eta etorkizunaren aldeko apustua egiten duena, baina historiaz betetako iragana ahaztu gabe. Bilborock gazteentzako eta kultur produkziorako sinergia-gune bihurtu da, batez ere musikaren arloan, baina baita ere zinemaren, antzerkiaren, dantzaren, modaren edo ikus-entzunezko produkzioaren arloetan, erakusketarako, sormenerako, entseguetarako eta grabaziorako eskaintza erakargarri batekin».