GAIAK

Emakume zientzialariek itsasoko energia berriztagarrien aukerak hedatzeko aliantza sortu dute

Euskal Herriko emakume zientzilariek ORE4citizens aliantza sortu dute itsasoko energia berriztagarrien potentziala herritarren artean zabaltzeko. Klima aldaketaren erronken aurrean aukera ona dela nabarmendu dute. Ekimen ugari egingo dituzte datozen hilabeteotan.

Kanariar uharteetatik gertu itsasoan paraturiko haize-errota. (KANARIAR UHARTEETAKO GOBERNUA | EUROPA PRESS)

ORE4citizens (Offsohre Renewable Energy) Euskal Herriko emakume zientzialariek bultzatutako aliantza bat da. 60 ikertzailek eta hamabost erakunde eta enpresak baino gehiagok bat egin dute harekin, zientzia herritarrengana hurbiltzeko, klima aldaketak euskal kostaldean dituen ondorioak ezagutarazteko eta itsasoko energia berriztagarriek berotze globalaren aurkako borrokan duten funtsezko eginkizunaren berri emateko. Ekimen horren bidez, gainera, nabarmendu nahi dute euskal industria lider dela sektore horretan mundu zabalean, eta aukera bikaina eskaintzen duela gizartearentzat eta planetarentzat.

Tecnaliak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Euskampus Fundazioak eta Basque Center for Applied Mathematicsek (BCAM) zuzendu dute ekimena, eta Europar Batasunak finantzatu du, ikerketa eta berrikuntzako Horizon Europe programaren barruan. Era berean, sektoreko hainbat erakunde eta enpresa ditu laguntzaile, hala nola Arrecife Energy Systems, Bimep, Energiaren Klusterra, Energiaren Euskal Erakundea, Lakuako Gobernua, Iberdrola, Idom, Nautilus, Saitec, Sener, Siemens Gamesa, Bilboko Portua, Ocean Energy Europe eta WindEurope.

Ekimen horrek zenbait jarduera aurreikusten ditu datozen bi urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrietan, herritarrekin eta ikastetxeekin orpoz orpo. Jarduera horien artean, nabarmentzekoa da OREgaua: irailaren 27 arratsaldean, Portugaleteko Euskal Herriko Unibertsitatearen Nautika Itsasgunean (Bilboko Ingeniaritza Eskola), zuzeneko musika emanaldiak, jolasak, hitzaldiak eta esperimentuak izango dira adin guztietako publikoarentzat.

Era berean, ikastetxeentzako programazio bat ere antolatu dute: OREskolak. Saio horietan, ikertzaileek ikasgeletara eramango dute zientzia: hitzaldiak eta jarduera esperimentalak antolatzeaz gainera, bisitak ere izango dira itsasoko energiak aprobetxatzeko soluzio teknologikoak garatzen dituzten laborategi eta instalazioetara.

Euskal kostaldean

Klima aldaketak erronka nabarmenak ditu euskal kostalderako, bai ingurumenaren gaineko inpaktu fisikoak, bai kostaldeko komunitateen gaineko inpaktu sozioekonomikoak. «Garrantzitsua da aldaketa horietara egokitzeko neurriak hartzea eta klima aldaketak kostaldean dituen ondorioak arintzea. Itsasoko energia berriztagarriak garatzeak eta hedatzeak lagundu egiten du arintze horretan. Hori horrela, trantsizio energetikorako gakoetako bat da maila globalean epe ertain eta luzerako, haren sorkuntza potentziala dela eta. Aldi berean, energia mota hori aukera industrial, ekonomiko eta soziala da Euskadirako, eta bateragarria da itsas ingurunea babestearekin», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.  

«Sektore erabakigarria da Europar Batasunean deskarbonizazio helburuak betetzeko. Aurreikuspenen arabera, boskoiztu egingo du tamaina 2030erako, eta 2050erako, berriz, 25 aldiz handiagoa izango da. Gaur egun, Saitec, Nautilus, Arrecife eta beste zenbait talde buru-belarri ari dira teknologia berriak garatzen, ekonomikoki bideragarriak eta energetikoki efizienteak izan daitezen mundu osoan. Proiektu horietako batzuk ekimenaren webgunean ikus daitezke, eta bertatik bertara bisitatu ahalko dira hemendik gutxira hainbat herritan abiaraziko den argazki erakusketa ibiltarian», gaineratu dute.