JUL. 19 2024 - 15:47h Hizkuntzen ikerketaren beharra nabarmendu du Itziar Lakak Eusko Ikaskuntza saria jasotzean Euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak estrategikoa izan behar lukeela aldarrikatu du Itziar Laka ikertzaileak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jasotzeaz batera. Gazteei bideratutako sorkuntzarako saria ‘Adarbakarra eta soinujolea’ proiektuak eskuratu du. Itziar Laka, saria jasotzen. (EUSKO IKASKUNTZA) NAIZ Ikerketa linguistikoa eta sorkuntza artistikoa izan dira Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sarietako protagonistak. Lehena, Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietako saria Itziar Laka hizkuntza-ikertzaileak jaso duelako eta, bigarrena, gazteek aurkeztutako sorkuntza edo ikerketa proiektuen artean Maite Aizpurua eta Garazi Navas sortzaileen lana izan delako saritua. Sariaren iragarpenean epaimahaiak nabarmendu zuenez, hizkuntzalariak «ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak» egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko. Ostiral honetan egin da sari banaketa ekitaldia eta bertan Laboral Kutxako presidente Adolfo Plazak Laka «pertsona irekia, ekintzailea, kolaboratzailea eta gure hizkuntzaren etorkizunarekin konprometitua» dela nabarmendu du, eta, aldi berean, erreferente handia dela mundu mailako ikertzaile profesionalentzat eta, bereziki, euskal gazteentzat. Bere aldetik, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Lakaren bi ideia aipatuz hasi da: hitzak gurekin jaiotzen direla eta hizkuntza oraindik argitu gabeko misterioz betetako fakultatea dela. Urkizak Lakaren ibilbidea eta izaera laburbildu ditu gainditu dituen bost erronken bidez: bide berrietatik ibiltzea, lanari beste era batera heltzea, bere herrialdera itzultzea kanpoan hasitako lanari jarraipena emateko, proiektu berritzaile baten inguruan ikerketa talde bat osatu eta mantentzea, eta ahalegin horren guztiaren emaitza norberarena dela aitortzea. Hala, Lakari zuzendu zaio, eta saria aitorpen pertsonal eta berezi gisa onartzeko eskatu dio. Lakak esker oneko hitzak eskaini dizkie berak zuzentzen duen Gogo Elebiduna ikerketa taldea osatzen duten kideek. Gure gizartean euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak estrategikoa izan behar duela aldarrikatu, eta unibertsitateak daukan erabateko garrantzia azpimarratu du, unibertsitatearen zioa ezagutza sortzea eta zabaltzea delako, hiritarren jakintza etengabe eguneratuaz. Gazte Saria Gazte Sariari dagokionez, proiektuak «gure orainaren errealitate konplexuari buruzko hausnarketarako ateak zabaldu» nahi dituela nabarmendu du Urkizak, «garaikidetasunetik, eta begirada berriak ekarriz». Saria jasotzean, Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek, ‘Adarbakarra eta soinujolea’ proiektu artistikoaren egileek, saria eskertu dute, eta kezka agertu dute kulturakbizi duen egoera prekarioagatik.