GAIAK

Ikusle markak hautsita, «edizio borobila» itxi du Donostiako Jazzaldiak

Jazzaldiaren «edizio borobila» izan da itxi berri dena. Doako kontzertuek 165.000 pertsona erakarri dituzte eta ordainpekoek 20.604, jaialdiaren historian marka berria ezarriz, antolatzaileek iragarri dutenez. 2025ean uztailaren 22tik 27ra egingo da.

Gregory Porter, Trinitate plazan. Oholtza honetako lau kontzertuetatik hirutan agortu dira sarrerak. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Jazzaldiak 185.000 ikuslerekin eta «aurreikuspen guztiak gaindituta» itxi du 59. edizioa, jaialdiaren balorazio prentsaurrekoan Miguel Martin zuzendariak ziurtatu duenez. «Helburu guztiak bete ditugu eta artistikoki akatsik gabea izan da; ez da egon bikaina izan ez den kontzerturik, edizio perfektua izan da», gaineratu du.

Martinek Donostiako alkate Eneko Goya eta familiei zuzendutako Txikijazz programaren koordinatzaile Esther Fernandinorekin batera eskaini du balorazio prentsarrekoa eta, bertan, ikusleen «harrera bikaina» ere nabarmendu du. Izan ere, doako kontzertuek 165.000 ikusle izan dituzte eta ordainpekoek 20.604, eta «jaialdiaren historian marka berria hautsi dugula esan nahi du horrek», txalotu du, asebeteta.

Zenbait datu ere eman ditu: jaialdirako sarrerak 32 herrialde ezberdinetatik erosi dira, salgai zeuden sarrera guztien %88,8a saldu da eta  hamairu kontzertutan agortu dira sarrerak: Trinitate plazako lau kontzertutatik hirutan, Kursaaleko sei kontzertutatik hirutan, San Telmoko lau kontzertutatik hirutan, Victoria Eugeniako kontzertu batean eta Maria Cristina hotelekoan. «Ezarritako helburu guztiak bete dira», berretsi du Martinek, eta «errealitateak aurreikuspenak gainditu» egin dituela ere ziurtatu du.

Silvia Perez Cruzek ireki du aurtengo edizioa. (Jon URBE | FOKU)

Aurtengo edizioko proposamenen artean, John Zornek eskaini dituen hiru kontzertuak nabarmendu ditu Martinek –«gertaera» bezala deskribatu ditu– eta frogatutzat eman du «musika zaila» egiten duela esaten bada ere «hori ez dela horrela; apustu segurua da», goraipatu du. Gregory Porter eta Silvia Perez Cruzen kontzertuak ere izan ditu hizpide, bere hitzetan, «haien gaitasun artistikoaren alde berri eta hobeak deskubritzen baititugu uneoro», eta Diana Krall zein John Scofield eta Dave Hollanden saioak ere goraipatu ditu.

Jazzaren etorkizuna «ziurtatuta»

Doako kontzertuei dagokienez, Izaro, Larkin Poe eta North Mississippi Allstarsek Zurriolako hondartzan eskaini dituztenek izan duten arrakastan jarri du azpimarra, eta Kursaaleko terrazetakoak «miragarriak» izan direla ere iritzi du. «Etxean bertan jazzaren etorkizuna ziurtatua dugula erakutsi dute», esan zuen. Chillida Leku museoan, Eduardo Chillida artistaren jaiotzaren mendeurrenari lotuta eskaini ziren bost kontzertuetan mila pertsona bildu direla ere txalotu du.

Jende andana bildu zen Zurriolako hondartza Izaro ikusteko. (Jon URBE | FOKU)

Haurrei zuzendutako Txikijazz programazioaz ere jardun da. XII. edizio honetan bost kontzertu eskaini dituzte, eta Fernandinok «horietan sortu den giroa, gurasoek musikari dioten errespetua eta batez ere txikienek hartu duten gozatua» nabarmendu ditu.

Goiak, bere aldetik, edizioa «bikaina» izan dela esan eta ikusleek «jaialdi hau babesten jarraitzen dutela ikustea plazer bat» dela zehaztu du, Donostiako udako «errotuen dagoen hitzorduetako bat» eta hiriarentzat «iman bat» baitira.

Edizio hau «borobila» izan den bezala, borobila izango da hurrena ere. Izan ere, Jazzaldiak 60. edizioa ospatuko du 2025ean. Martinek dagoeneko hurrengo urtera begira lanean ari direla aurreratu du eta datak ere eman ditu: uztailaren 22an abiatuko da Kursaalean egingo den kontzertu batekin eta jazz band hall batekin, eta hilaren 27an emango zaio amaiera.

Jazzaldiko zuzendariaren hitzetan, «kostako da» aurtengo edizioa hobetzea, baina «aurreikuspen oso onak» dituzte 60. urteurrenerako, «jada lotuta dugun musikari batekin», «ekitaldi batekin zein azken edizioetako argazki erakusketa batekin».