Donostiako Piraten txupinazoa kaian. (Iñigo URIZ | FOKU) Kanoia jaurti duten unea, larunbat arratsalde honetan. (Gorka RUBIO | FOKU) Jendetza bildu da Donostiako Aste Nagusiaren hasierarako. (Gorka RUBIO | FOKU) Donostiako Piraten txupinazoko giroa. (Iñigo URIZ | FOKU) Arratsaldeko 19.00etan izan da kanoikada Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU) Berehala girotu da Flamenka, argazkia lekuko. (Iñigo Uriz | Foku) Alkatearen selfia. (Gorka RUBIO | FOKU) Giroa Alderdi Ederren kanoikadaren aurretik. (Gorka RUBIO | FOKU) Badute zer ospatu aurten Bera Berakoek, kainokadaren aurretik ere. (Iñigo Uriz | Foku) Ezkila kapitaina lehorreratu denean hasi da festa Flamenkan. (Iñigo Uriz | Foku) AUG. 10 2024 - 15:36h Bera Bera eta Kaleko Afari Solidarioak, Donostiako Jaien piztaile apartak Urte batean hiru txapel irabazi dituzten Bera Berako neskek ‘Artillero’ kantatu, eta kanoikadaren burrunbarekin Alderdi Ederretik abiatu da jaia Donostian. Flamenkan, beste txapeldun batzuek, kalean lo egin beharra dutenei gauero afari beroa banatzen dieten solidarioek piztu dute Aste Nagusi Pirata. Maider Iantzi Hasiera berezia du Donostiako Aste Nagusiak; ez dira jai asko izango bi abiatze dituztenak. 19.00etakoa da ofiziala, baina 19.30eko Piratenak ere titulu hori ongi irabazia du, kalaberadun bihurriak gero eta zale gehiago konkistatzen ari baitira hiriburuan eta hemendik harago ere. Kanoikadan ‘Artillero’ abestu eta dantzatzeko ohorea Bera Bera eskubaloi taldeko kideena izan da, azken urteetan lortzen ari diren emaitza aparten sari eta aitortza gisa. Joan den denboraldian hiru txapel lortu zituzten: Iberiar Superkopa, Erreginaren Kopa (Donostian bertan jokatu zutena), eta Liga, klubaren historiako bederatzigarrena. Hurrengo denboraldian marka hori berdintzea izango dute helburu. Horretarako aukerak dituztela uste dute eta urtez urte txapelketak irabaztea gehiago kostatzen dela jabetzen badira ere, berriro ahalegina egiteko grinarik ez zaie falta. Denboraldiaren hasiera indartsuari begira Denboraldiaurrean daude orain Bera Berako neskak, denboraldiaren hasiera indartsuari begira. Hain zuzen, abuztuaren azken egunean jokatuko dute ligako lehendabiziko norgehiagoka, eta irailaren 7 eta 8rako dago aurreikusia Iberiar Superkopa. Urriaren lehenengo egunetan, aldiz, erronka handi bat izango dute zain: Europako Liga. Taldekako fasera pasatzeko txartela eskuratzera joango dira kemen guztiarekin. Jai hauetan lorpenak ospatzeko eta indarrak hartzeko aukera aparta izan dute, Elene Vazquez taldeko donostiar bakarra anfitrioi dutela. Txikitatik Alderdi Ederren gozatu du txupinazioa, baina aurten udaletxeko terrazara igo da taldekideekin eta klubeko ordezkaritza zabal batekin, udalbatzaren ondora, kanoiari su eman aurreko txinparta horien protagonista bezala. Aitzinean izan dituzte, ohi bezala fidel, beren zaleak, eta datozen egunei ilusioz begiratzen dieten donostiar eta bisitariak. Erlojuaren orratzak zazpietara arrimatu ahala, Itzurun erraldoi eta buruhandiak (1982tik urtero ateratzen direnak), Taupada batukada, musika banda... denak izoztuta zeuden, bero egin arren, zirkinik ere egin gabe... Bera Berakoak eta Udaleko kideak, Eneko Goia buru, elkarri sorbaldatik helduta ‘Artillero’ kantari hasi diren arte, ikurriña, bandera berdea eta txuri-urdina haizetan dantzatzen ziren bitartean. Elias Arruabarrenak hirugarren aldiz egin ditu artillero lanak, baina lehena balitz bezala sentitu ditu poztasuna, urduritasuna eta ardura. Une batean denak bere zain zituen, zortzi eguneko ospakizunei hasiera noiz emango, konfeti txuri-urdinak kearekin nahasiz. Aste arruntetan ere Matti izaten jarraitu Kanoikada jaurti eta jaia lehertu denean, Alderdi Ederretik hiri osora hasi da zabaltzen umore ona eta bihurrikeria, baina festaren abiatzeak beste epizentro bat ere izan du: Flamenka gunea. 22 urte dira Donostiako Piratek jai herrikoiak bultzatuz lehen abordatzea egin zutenetik, eta gero eta gehiago dira askatasuna, feminismoa, jasangarritasuna, komunitatea eta euskara bezalako balioak lantzen dituztenak Aste Nagusian primeran pasatzearekin batera. This browser does not support the video element. Aurten, Ezkila kapitainak Kaleko Afari Solidarioak boluntario sareko kideak izan ditu lagun txupinazioan. Gauero-gauero afari berorik ez dutenei plater bat eskaintzen dieten pertsona hauek eman diote bizia Mattiri. Piratek aitortza publiko eta zintzoa egin nahi izan diote hala 2020an abiatu zen eta gaur egun hiriko hiru puntutan 200 afari banatzen dituen ekimen honi. Solidarioek esker onez jaso dute aukera, batez ere «isilarazi nahi den arren Donostian egon badagoen eta handitzen ari den arazo bat» mahai gainean jartzen duelako. «Gauero okupatzen ditugu lapiko, taper eta platerekin Alde Zaharra, Egia eta Amara. Gure etxeetako suetan kozinatutakoak gose diren sabeleko jaia baretu eta hartu-emana zein elkar ezagutza elikatzen ditugu», adierazi du Mattik, eta txalo zaparrada batek erantzun dio, bero. «Jakizue Matti izaten jarraituko dugula aste arruntetan ere, goseak eta ezezagutzak sortutako beldurrak itzaltzea lortu arte», agindu du orduan Kaleko Afari Solidarioak sarearen bozeramaileak. «Ez ahaztu euskara» Irudi ederra du Flamenka guneak. ’Donostia abordatu’ dio oholtzan zabaldutako oihal beltzak. Eta goiko barandatik, ingurua zaintzen bezala ageri den pankartak ‘Edozer dugu posible’, oroitarazten du. Palestinako bandera, euskal presoena, kofradienak... hamaika koloreren gainetik atera da ziztuan lehen altxaferoa, eta atzetik bigarrena, eta hirugarrena... Saltoka, gerria eta abanikoa astintzen ari dira plazan bildutakoak, gozatzen, gero eta sueltoago, «izan gaitezen bihurri, izan gaitezen pirata!» oihukatuz. Bertsoek ere izan dute beren lekua txupinazo piratan. «Jaietan ez dauden horietaz asko gogoratzen gara/ izan nahi dugu askeak, kanpora nazkanteak/ eta ez ahaztu euskara/ gure hizkuntza maiterik gabe ezin da irten plazara», abestu dute. ‘Jalgi belak mastara eta euskara plazara!’ leloarekin, 80 ekintza inguruko egitarau betea prestatu dute auzolanean Piratek, herritar guztiei jai parte-hartzaileak eskaintzeko intentzioarekin. Ekitaldien artean izarra, beti bezala, asteleheneko abordatzea izango da, aurten inoiz baino koloretsuagoa izatea espero dutena, hamar kofradien koloreak zabaltzeko estreinatuko duten ekimen berri bati esker. Presoak etxeratzearen aldeko topa Oraindik festestan egon izan direnak gogora ekarri dituzte Flamenkan botatako bertsoetan eta gauza bera egin dute geroxeago Zuloaga Plazan. Bertan topa egin dute presoak behingoz etxeratzearen alde, ekitaldi xume batean. ‘Etxera’ aldarria eta Palestinako ikurra jarri dituzte oholtzan.