GAIAK

Gustu guztientzako pasta platerak, Bilboko Konpartsen Lehiaketa Gastronomikoan

Lehiaketa Gastronomikoak azken eguna izan du gaur. Lehiaketa orokorretik kanpo, 30 bat talde lehiatu dira, pasta nork ondoen kozinatuko. Gaurko sailkapen orokorrean Intxaustis kuadrilla izan da irabazle eta Kranba! gailendu da konpartsen artean.

Askotariko platerak aurkeztu dituzte parte hartzaileek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aste Nagusiari azken eguna heldu zaio eta, ezinbestean, baita Lehiaketa Gastronomikoari ere. Lehiaketa orokorra atzo bukatu zuten eta, beraz, gutxiago izan dira gaurko pasta lehiaketan parte hartu dutenak, 30 bat talde, hain zuzen ere. Aurreko urteetan gaurko egunez zezen buztana prestatu ohi zuten; aurten, ordea, pasta lehiaketa antolatzea erabaki dute Bilboko Konpartsek. Horrela, Kranba! izan da irabazle konpartsen arteko sailkapenean eta Intxaustis kuadrilla gailendu da orokorrean.

Aldarrikapenerako ere baliatu dute parada Bilboko Konpartsek. Izan ere, Tiket Bai ezartzera behartu nahi ditu Bilboko Ogasunak, irabazki asmoko enpresa pribatuak bailiran. Horren aurrean, jai herrikoiak babesteko deia egin dute.

10.30ean ireki dute izen-ematea eta 30 bat talde inguru agertu dira lehiaketara. Kopuruarekin pozik agertu da Irma Iglesias, «zezen buztanarekin aurkezten zen jende kopuru antzekoa da». Izan ere, aurten egin dute lehenengoz pasta lehiaketa, parte hartzaileei «munduko platerak» prestatzeko gonbita eginez. Aldaketa hainbat arrazoik bultzatu dutela azaldu du Iglesiasek. Horietako bat parte hartzea sustatzea da, errazagoa baita pasta kozinatzea zezen bustana baino, «bereziki gazteentzat».

Beste bat, kozinatze prozesuaren hasiera atzeratzea. Izan ere, azken larunbatean bereziki luzatzen da parranda, eta entrega ordura garaiz heltzeko, txosnagunetik kanpo hasten ziren asko platera prestatzen: «Helburua Areatza lapikoz betetzea da, eta ez zen hori gertatzen ari». Halaber, «beste kultura batzuetako» jendea animatu zedin ere badu xede aldaketak, Konpartsen izaera herrikoiaren erakusle.

Aldaketa batzuei gehitxoago gustatu zaie beste batzuei baino, horrelakoetan gertatu ohi denez. Tintigorri Konpartsako Roge Diazek eta Jon Martinezek zalantzak dauzkate aldaketa onerako izan ote den. Zezen buztana plater «tradizionalagoa» bada ere, pasta prestatzeak «lasaiago» ibiltzeko aukera eman die. Hala ere, zaila egin zaie baldintza horren zabalak izateak, pasta izan behar zuela besteik ez baitzaie zehaztu. Roastbeef gyozak prestatu dituzte, saltsa gezaminarekin, eta pasta puttanesca erara. Baita ondo prestatu ere, hirugarren geratu baitira.

Berrikuntza begi onez ikusi du ordea Uribarri Konpartsan Aste Nagusirako kidetzat hartu duten Roberto Castellano kanariarrak. «Niretzat lehen aldia da eta asko eskertzen diet gonbita», azaldu du. Uste du garai berrietara egokitu beharra dagoela eta horrela, pasta beganoa prestatu dute, pistatxo eta guzti.

Algara Konpartsako Eva Santamariari ere egokia iruditu zaio aldaketa. Hain zuzen ere, konpartsan eskaintzen duten ogitartekoetako baten bertsioa egin dute lehiaketarako, Alagara bokatari ogia kendu eta pasta jarrita.

Maila ona egon dela iruditu zaio Lorenzo Altomonte epaileari. Sukaldari italiarra izaki, adierazi du «Italian ez egoteko, nahiko maila ona» egon dela, askotarikoa gainera. Horrenbeste, non ardura berriz ere hartzeko aukera izatea espero duen.

Ticket Bairi ezetza

Sari banaketari ekin orduko agerraldia egin dute Bilboko Konpartsek, jai herrikoien alde. Izan ere, Bizkaiko Ogasunak Ticket Bai sistema ezartzera behartu nahi ditu. Burokrazian itoko liratekeela eta, iruzur egiten saiatzea leporatu dietela salatu dute, horrelako neurriak hartzera behartuta. Horrela, argi utzi nahi izan dute irabazi asmorik gabeko eragileak direla eta txosnetan lortzen duten dirua «ez doala inoren poltsikora».

Agerraldia egin dute Bilboko Konpartsek, Ticket Bairen kontra. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Konpartsok iruzur fiskalaren kontra gaude, eta borondatea adierazi dugu bide alternatiboak bilatzeko», nabarmendu dute. Hori dela eta, uste dute jai herrikoiak oztopatzeko saiakera dela, horietako asko «arrisku larrian» egongo liratekeela Ticket Bai ezarri beharko balute: «boluntarioek nahikoa dute txosnetan egiten duten lan eskergarekin».

Hori dela eta, Bilboko Konpartsek eraiki duten Aste Nagusi eredua defendatzeko konpromisoa berretsi dute. «Hori ez da negoziagarria, hau ez delako negozio bat», aldarrikatu dute.