SEP. 16 2024 - 12:12h Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikariak jasoko du Gladys saria Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) teknologo, dibulgatzaile eta musikariak jasoko du Gladys Saria, irailaren 26an EHUko Donostiako Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian. Bere ekintzailetasuna, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu epaimahaiak. Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikaria. (Puntueus) NAIZ Lorea Argarate Zubiak irabazi du aurtengo Gladys saria. Puntueusek eta EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute sariaren hirugarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, Danobatgroup industria-taldearen babesarekin eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin. Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 26an izango da, 11.00etan, EHUko Informatika Fakultatean. Epaimahaiak Argarateren ekintzailetasuna, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu sariduna iragartzerako orduan. 1990 Bilbon jaio zen Argarate, eta Berlinen bizi da egun. TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu. Musikarekiko pasio handia duen pertsona da, eta horrek fisikako ikasketak egitera bultzatu zuen, akustikaz jakiteko asmoarekin. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta telekomunikazio ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa deskubritu zituen. Ondoren, antolakuntza industrialeko eta Big Data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech-en lanean. Hezkuntzarekin eta zientzia dibulgazioarekin zuen harreman estua ikusita, irakasleen prestakuntzarako master bat ere egin zuen, oinarri sendoagoak izateko. Steam ikuspegia Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan sartuta, bertako eta kanpoko agenteekin harremanetan, jakintza partekatuz. Steam (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) ikuspegia oso presente izan du, InspiraSTEAM proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskengan izan dezakeen inpaktuari erreparatu dio. ‘White Mirror / Tech for Good’ teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen. Hainbat erakunderekin kolaboratu du, tartean, Puntueus, Elhuyar eta Gaztea. Foro askotan parte hartu du eta sarritan gonbidatzen dute ingurune digitalaz hitz egiteko. Eduki gehienak euskaraz egiten ditu, gazteei zuzenduak, haien formatu eta hizkuntzan. Proiektuak genero ikuspegiarekin lotzen ditu, estereotipoak apurtuz, ogibide berriak erakutsiz eta besteak inspiratuz. Klarinete jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen ibilbideagatik. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun Mauriziak ez du inor hil Ines Osinagaren egitasmoan ari da, eta bakarka ere aritzen da Hamaika izenpean.