GAIAK

GARAren 25. urteurrena ospatzeko, Errobiren kontzertua azaroaren 29an Baionan

Mende erdi da Errobi taldea martxan jarri zela. Mende laurdena, 25 urte, GARA sortu zenetik eta 10 urte, berriz, ‘Mediabask’ jendartera zabaldu eta informatuz dabilela. Bada, guztiek elkarrekin ospatuko ditugu urteurrenak Baionan, azaroaren 29an, Lauga gelan Errobi taldearen kontzertu batekin.

Lauga aretoan aurkeztu dute azaroaren 29ko Errobiren kontzertua. (Gillaume FAUVEAU)

Goizean Baionako Laugan kontatu duten moduan, ‘Mediabask’ eta GARAk antolatu eta Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean, azaroaren 29rako Errobi taldearen kontzertua izango da Laugan bertan. Ekitaldian izan dira Errobi taldeko Anje Duhalde eta Mixel Ducau, GARAko zuzendari Iñaki Soto, ‘Mediabask’-eko erredaktore buru Goizeder Taberna eta Baionako Herriko Etxeko auzapezorde Yves Ugalde.

Festa handiagoa izango da azaroaren 29 horretan, Patxaranga izango baita Errobiren aurretik giroa berotuz eta, atzetik, besta luzatzeko, Xutik taldearen kontzertua ere izango baita. Dagoeneko eskuragarri dituzte GARA eta NAIZeko harpidedunek sarrerak NAIZen Harpidedunen Txokoan. Gainerakoak, berriz, https://bayonne.notre-billetterie.fr helbidean eskuratu ahal izango dira irailaren 23tik aurrera. Guztira 2500 sarrera egongo dira saltzeko, 30 euroren truke, haietatik 1500 NAIZen Harpidedunen Txokoan, merkeago, 22 euroan. Gaualdiaz harmailan, eserita, edota pistan, zutik, gozatzeko aukera izango da.

Esan bezala, gaualdi luzea izango da, 19:00etan zabalduko dituzte ateak eta goizaldera arte luzatuko da guztia. Hala, taberna zerbitzua ere izango da eta, edatekoaz gainera, taloak ere eskainiko dituzte Laugan. Ateak 19:00etan zabalduko dira eta 19:30ean hasiko da Patxarangaren saioa, Errobiren emanaldia, 21:00etan izango da eta, Xutik taldea, 23:30etik goiti ariko da festari jarraipena ematen.

Errobik 50 urte, GARAk 25, ‘Mediabask’-ek 10

Talde lapurtarra abiatu zela mende erdia pasa den honetan, kontzertu hau elkarlanean egin nahi izan dute eta, NAIZek musikaren alde duen konpromisoa baieztatuz, itzulera honetan bidelagun izan nahi du Errobirekin, ‘Mediabask’ eta GARAren urteurrenak ospatzeko ere baliatuz. Gure kulturaren ondare bizia da Errobi taldea.

Haien kantuek ez dute gaurkotasunik galdu, ez hitzei dagokienez, ez eta musikari erreparatzen badiogu. Hala, Anje Duhalde eta Mixel Ducauren ondoan izango dira Txomin Duhalde, Rémi Gachis eta Iñigo Telletxea musikariak, normalean Anje Duhalderekin aritzen direnak. Umetatik ezagutu du Txomin Duhaldek aitak Errobirekin egindakoa eta orain bere ahots eta eskuetan plazaratzeko aukera izango du. Belaunaldien arteko batura bat irudikatuko du, nolabait ere, Errobiren itzulera honek.

NAIZek bezalaxe, GARA egunkariak ere 25 urte hauetan Euskal Herrian giza eskubideen, bakearen, garapen sozialaren eta nortasun kulturalaren aldeko konpromisoari eutsi dio komunikazio modu berrietara egokituz. Urteurren garrantzitsu hau ospatzeko, GARA 2024. urtean zehar hainbat jarduera burutzen ari da. Testuinguru honetan kokatzen da datorren azaroaren 29an Baionan ‘Mediabask’-ekin batera eta Baionako udalaren laguntzaz antolatu dugun jaialdia. 25 urteko historia atzean duela, GARAk berretsi egiten du kazetaritza zorrotz, independente eta arduratsuarekin duen konpromisoa, balio demokratikoetan eta iritzien aniztasunarekiko errespetuan sustraituta dagoena.

‘Mediabask’ 2015eko urtarrilean sortu zen, tokiko hedabide baten garrantzian sinesten duten kazetari eta herritarren ekimenez. 2015az geroztik, ‘Mediabask’-ek erreportajeak, Euskal Herriko eragileekin elkarrizketak, dosierrak eta analisiak eskaintzen ditu, independentziaz.

Ipar Euskal Herriko erreferentziazko hedabidea da, tokiko komunitatearekiko duen engaiamenduarengatik eta lurraldearen apustuekiko duen ikuspegi kritiko eta eraikitzaileagatik nabarmentzen dena. Bere xedea Euskal Herriko komunitateak informatzeko eta konektaturik sentitzeko gune bat sortzea da. Zazpi herrialdeen isla izan nahi du eta euskara sustatu. Inoiz baino gehiago, herritarrak informatzeko eta gure gizartearen apustu handiak ulertzeko bitartekoak behar ditugu. ‘Mediabask’ bide horretan dago. ‘Mediabask’-ek garai berri bat irudikatzen du komunikabideetan eta heldu diren hilabeteetan urteburua behar den gisan ospatuko du.