OCT. 02 2024 - 21:40h Gazteen artean 35.500 tren txartel oparitzeko deialdi berria ireki du Bruselak Europan zehar gehienez 30 egunez bidaiatzeko Bruselak 15.500 tren txartel opartituko ditu 2006an jaiotako gazteen artean. Urriaren 16ra arte bete daiteke eskaera Europar Batasuneko gaiei buruzko galdetegi bat osatuta. Tren geltokia Berlinen, Alemanian. (Paul ZINKEN | EUROPA PRESS) NAIZ Europako Batzordeak deialdi berri bat ireki du asteazken honetan, adin nagusitasuna aurten beteko duten gazteen artean 35.500 tren txartel banatzeko, Europar Batasuneko herrialde guztietan eta inguruko herrialdeetan 30 egunez gehienez doan bidaiatu ahal izan dezaten. Iaz ere aukera hau eskaini zuen. Horrela, 2006ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jaiotako europarrek datorren urriaren 16ko eguerdira arte izango dute eskabidea aurkezteko aukera Europako Batasuneko gazteen atariaren bidez (youth.europa.eu/discovereu_en). Doako txartel bat lortzeko, parte-hartzaileek Europar Batasuneko gaiei buruzko galdetegi bat gainditu beharko dute. Aukeratutako hautagaiek doako tren bonu bat eskuratuko dute Europan zehar bidaiatzeko, gehienez ere 30 egunez, 2025eko martxoaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean. Deialdia zabalik dago Europar Batasuneko zein Erasmus+ programako kide diren herrialdeetakoentzat, Islandia, Liechtenstein, Ipar Mazedonia, Norvegia, Serbia eta Turkia barne. Parte-hartzaileek deskontu txartel bat ere jasoko dute, garraio publikoa, kultura, ostatua, elikadura, kirola eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten 40.000 aukera baino gehiagorekin. Proiektuak, era berean, laguntza eskatzen duen ezgaitasun edo osasun arazoren bat duten parte-hartzaileentzako berariazko laguntza aurreikusten du bidaian zehar.