OCT. 05 2024 - 06:00h ‘Azken doinuak etxerantz!’ lelopean agurtuko da Zama Doinuz Arindu Urte askotako zama bizi izan du eta bizi du Etxarri Aranatzek preso politikoen auzian. Hala, Zama Doinuz Arindu elkartasun jaialdia jarri zuten martxan duela zortzi urte. Orain, hamargarren edizioarekin, agur esateko tenorea iritsi da. Urtarrilaren 24an eta 26an izango dira azken ekitaldiak. 2020ko edizioan ere izan zen Zama Doinuz Arindu jaialdian Zea Mays talde bilbotarra. (GAUILUNAK) Iker Gurrutxaga Auzolanaren garrantzia balioan jarriz hasten da Zama Doinuz Arindu jaialditik helarazi duten oharra: «Gure herria betidanik izan da herri bizia. Betidanik elkartu gara auzolanean eta mota bateko zein besteko ekimenak izanik ere, herritarren arteko elkarlanean oinarritu izan dira gehienak. Modu horretan eraman dira aurrera hainbat eta hainbat proiektu eta pozgarria da hori gurea bezalako herri txiki batean». Izan ere, herrian zuten egoera dramatiko bati erantzuna emateko sortu zen Zama Doinuz Arindu jaialdia 2016an: «Gure herrian datu esanguratsu batek adierazten digu aipatutakoa; azken 47 urteetan soilik 15 hilabetez egon da Etxarri preso edo iheslaririk gabe. Guk eguneroko bizitzan sumatu izan dugu eta sumatzen dugu oraindik ere zama hori». Preso politikoek dispertsio egoeran urteak eman ostean, oraindik ere bestelako egoera larriak pairatzen dituzte eta horiei aurre egiten laguntzeko bederatzi edizio izan ditu Zama Doinuz Arinduk. Hamargarrena izango da 2025eko urtarrilaren 24 eta 26an egingo dutena, eta horrekin ziklo bat itxiko dute. «Noraino iritsiko ginen jakin gabe hasi ginen bide honetan. Atzera begiratzea besterik ez dugu emaitza nolakoa izan den ikusteko. Ibilbide oparoa izan duen proiektua; ez bakarrik gurera ekarri ditugun musikari eta artisten kopuru eta mailagatik, baizik eta herritik Herriarentzat eta auzolanean aurrera eramandako proiektu emankor bat delako gure herrian», esan dute antolakuntzatik. Helmuga bat, bidea aurretik Helmuga denek ez dute bide baten bukaera markatzen eta hau ere gisa horretara irudikatu dute: «Hamargarren edizioan jarri dugu proiektuaren helmuga. Jakinik ez garela helburuetara oraindik iritsi. Jakinik, egon badagoela oraindik, zama arintzeko beharra. Baina argi izanik, hil behar direla proiektu zaharrak, berriei jaiotzen uzteko. Itzaliko dira argiak eta isilduko dira doinuak, baina hamar urtez jarraian zama doinuz arintzeak utzi digun zapore onak, ekarriko ditu ekimen berriak, ekarriko ditu bide berriak… guztiak ere, eta guztion artean, etxerantz egiteko. Eskerrik asko proiektu hau posible egin duzuen guztioi!». Hamargarrenerako sarrerak Orain arte hirurogehita hamar artistatik gora igo dira Etxarri Aranazko oholtzara Zama Doinuz Arinduren baitan. Datorren edizioa, bi egunetan banatu dute. Urtarrilaren 24an, ostiralarekin, gaztetxean ariko dira Unidad Alavesa, Skabidean eta Malandro DJa eta sarrerak Etxarriko Xapatero eta Leku Ona tabernetan daude erosteko. Urtarrilaren 26an, Etxarriko eskolan, Zama Doinuz Arindu jaialdiaren baitan azkenekoz zabalduko diren mikrofonoen aurrean arituko direnak, berriz, Juantxo Arakama, Brigade Loco, Bulego, El Drogas, Eñaut Elorrieta, Gatibu, Olaia Inziarte, Nøgen, Porrotx, Gorka Urbizu, Zea Mays eta ZETAK izango dira. Aurretik aipatutako Xapatero eta Leku Ona tabernetan eta www.etxarriaranatz.eus webgunean eskuratu ahal izango dira horretarako sarrerak.