GAIAK

Ospatzekoa delako, lagun eta bizilagunak bildu ditu Aratz erretegiak 35. urteurrenean

Ehunka lagun bildu dira asteazken arratsalde honetan Donostiako Ibaeta auzoko Aratz erretegiaren 35. urteurrena ospatzera. Denbora luze honetan pilatutako familia eta lagun giroa gaurko ospakizunean gorpuztu dira.

This browser does not support the video element.


35 urte asko dira. Zer esanik ez negozio batentzat. Une goxoa bizi duen jatetxe batentzat. Eta izate hori bera, ibilbide luze hori, ospatu nahi izan du asteazken honetan Donostiako Aratz erretegiak, lagun eta bizilagunez inguratuta. Betiko sukaldea eta giro familiarra (hori bai, euskalduna eta realzalea) izan dira betidanik erretegiaren eskaintza nagusia eta gaurkoan ere horren inguruan bildu ditu gertukoak.

Lagunei deialdia zabaldu zieten Zabaleta familiako kideek, eta ehunka batzuk agertu dira. Aurpegi ezagun ugari ere bertaratu dira urteurrena ospatzera. Izan ere, Ibaetako txoko hau elkargune izan da hamarkadetan zehar eta gaurkoan ezin zuten hutsik egin.

Gaur ere «kriston martxa» ibili dute bertaratutakoek, Fermin Muguruzaren ‘Sarri, Sarri’ abestiaren erritmoan, bideoan ikusi daitekeenez.

Ospakizun urtea dute, beraz, 2024 hau. Gaurkoan festa nagusia izan badute ere, uda aurretik ere 50 bat sortzaile bildu zituzten mahai baten inguruan, izan ere Elkar ekoizetxeko estudioetatik maiz gerturatzen dira bertara indarrak hartzera. Han aurkeztu zuten urteurrenerako edalontzi berezi bat, Mikel Laboaren irudi berezi batekin.

Eta aurrera begira ere badute beste egitasmo bat: euren historia kontantzen duen liburu bat. Izan ere badago zer kontatu. Eta gaurkoan erakutsi dutenez, zer ospatu.

Ehunka lagun bildu dira Aratz erretegiaren 35. urteurrena ospatzera.