NOV. 29 2024 - 23:29h Artefaktua badoa itsasora Errobi taldearen eskutik Urteurrenak ospatzeko daude eta horixe egin dute gaur Baionako Laugan GARA, Mediabask eta Errobik. Artefaktuaren urtea izan da GARAko erredakzioan. Errobi taldearen eskutik ospatu eta badoa, izen bereko ibaitik behera, Kantauri itsasora. Itsasoa izaten baita askotan oroitzapenen gordailu onena. Mixel Ducau eta Anje Duhalde elkarrekin igo dira oholtzara Errobiren 50 urteak ospatzera. (Patxi BELTZAIZ) Iker Gurrutxaga Baiona Iluntzeko zazpietan zabaltzen ziren ateak Baionako Laugan gaualdi berezia ospatzeko. GARAk 25 urte bete ditu aurten, Mediabaskek 10 eta Errobik, 50. Hala, erantzun ederra izan du kontzertuak. Hasierako sarrera guztiak agortu eta edukiera handitu ostean, ia 3.000 pertsona elkartu dira urteurren emanaldirako. Patxaranga elektrotxarangak goxo hartu ditu bertaratuak eta harrera egin die beren musika lagun, kontzertu aurreko orduak arindu asmoz. Tabernak ere martxa onean, boluntarioz beteta, jan-edanik falta ez zedin. Ikusleen artean Peio Ospital, Su Ta Gar taldeko Xabi Bastida edota Soa taldeko Ibon Aginaga ere ikusi ditugu. Mediabask, GARA eta NAIZeko ordezkariak, Mixel Ducau, Anje Duhalde eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariarekin. (Patxi BELTZAIZ) 50 urtez forman Mixel Ducau eta Txomin Duhalde izan dira oholtzara agertzen lehenak. Atzetik sartu da Anje Duhalde, gitarra akustikoa soinean. ‘Agur t'erdi’ kantuarekin hasi dute emanaldia. Remy Gachis eta Iñigo Telletxeak osatu dute bosteko taldea. ‘Gure lekukotasuna’ etorri da segidan, kantu aski ezaguna. Sarrera desberdin eta indartsu batekin, askoz ere hard-rock mundukoagoa, nahiz eta segituan hartu duen Errobiren soinu klasikoagoa. Kantuak dio: «Guk ere zinez, gure Herria asko maite dugulako. Eta kantuaz, gure moldean, nolazbait zerbitzatzeko…». Bada horretan segi dute urte hauetan guztietan Errobikoek. «Duela 50 urte kanpokoa zen gu gobernatzen gintuena eta orain ere horrela da, noiz arte?», lehen aldarrikapena Anje Duhalderen eskutik, ‘Kanpo’ abestia abestu aurretik. Hitza hartu du berriz ere Duhaldek: «Ez dakit denbora honetan gauzak asko aldatu direnik, nagusiak beti nagusi izango dira, beti gehiagoren nahian negarrez». Ducauk, ironiaz, «ez ez, orain askoz ere hobeto gara» erantzun dio eta Duhaldek hari «haiek aberatsago direla baino ez». ‘Nagusiaren negarrak’ kantua etorri da, 1977ko ‘Gure lekukotasuna’ diskokoa, indartsu oso. Duhalderen zuzenekoak ezagutzen dituenak badaki haren taldeak nolako elektrizitate dosia gehitu zien bere kantuei, bada Errobiren kantuekin ere halatsu egin dute. Hori bai, Ducau ez da atzera geratu bere gitarra elektrikoarekin. Kantu oso jostaria da, bere pasarte bereziekin, eta tartean halako mezua ere gordetzen du: «Gure nagusia probeño bat da nagusietan probeena ! Hamar etxe hiru kotxe zazpi sehi ehun zaldi ta Suitzako bankoetan, abilki gorderik, Dolarrak, dolarrak, dolarrak metaka…». Gaurkotasuna musikan, baina baita hitzetan ere. Baionako Lauga, mukuru beteta Errobiren kontzerturako. (Patxi BELTZAIZ) Taldeak ‘Aitarik ez dut’ ongi barneratuta duela agerikoa da, ez etxetik ere badakarrelako Duhalde gazteak, baizik eta moldaketa ezin hobea delako. Sendo oholtzan, lehen minututik azkenera arte. Askatasun egarriz ziren 1975ean Errobikoak kantu hau publikatu zutenean, ez dute alferrik kantatzen «aspaldikoa da bai gure pairamena, baina ez dugu galtzen, oi, itxaropena», eta herri honek oraindik ere badu behar eta nahi hori. Askotan aipatu izan dugu NAIZ Irratian Anje Duhalde dela gure Bruce Springsteen, bada, Mixel Ducau atzerrikoa balitz gitarra-jotzaileen olinpoan legoke aspaldian, David Gilmour, Keith Richards, Brian May edo Pete Townshend bezalakoen pare. A zer nolako talentua eta a zer nolako soloak eskaini dituen. Urrezko arora saltoa ‘Ametsaren bidea’ kantuan abesteko ardura hartu du Ducauk. Askorentzat grabatu duten lanik bikainena izan zen hau, 1979an eta bertako bi kantu eskaini dituzte gaurkoan. Entzuteko badu bere zera hori, rock progresiboaren masterpiece baten mailako kantua delako. Bere garaian Jean Phocasekin grabatu zuten, Galdakaoko Xoxoa estudioan. Garaiko kronikek ere halakoak esaten zituzten eta oraindik ere giro horretan kokatu dezakegu, kantu luzea, pasarte desberdin asko dituena eta gorengo mailakoa baita. Haizezko instrumentuen erabilera egiten zuten orduan eta gaurkoan ere ez dute hutsik egin, musikari totala baita Mixel Ducau. Euskal Herriko pop kulturan egon den musikaririk gorena ez bada, gorenetakoa ezbairik gabe. Ahotsetan ere adinak ez duela barkatzen esaten da maiz, bada hauek biek a capella abesteko ausardiari eutsi diote gaurkoan, eta sasoiko daude, bai horixe. Tarte akustikoa egin dute segidan, «adina dela-eta, ttotaldi bat eginen dugu» esanda. Horrela hasi omen zuten beren bidea, Laugan bertan. ‘Perttoli’ kantua eskaini dute gisa horretara. «Bere etxea du arrotz bati saldu ta orain bizi da HLM batian ez baitu begirik hesten gau guztian»; 1975ean ere etxebezitzaren aferarik bazen eta baita erosle putreak ere. «Amodioak ere badu gure errepertorioan tokirik, hiruzpalau abestitan behintzat. Horietako bat eskainiko dugu, Daniel Landarti esker bagarelako hemen gu hein batean», aipatu du Duhaldek ‘Zuretzat’ abestia jo aitzin. ‘Ez deat erranen’ etorri da segidan, akustikoan hau ere. Folk amerikarraren eta countryaren artean ibili dira minutu horietan bi musikariak, oso soinu berezietan. Soiltasuna eder egin dute. Publikoak txaloka eta kantuz erantzun die abesti honetan. Atzetik boskote formatura itzuli da taldea. «Banako bat dantzatzeko prest?» galdegin du Duhaldek, zortziko erritmo horretan hasten den kantua baita ‘Andere’ kantua. Dantzarako tarte eta betarik ez, ordea. Saxo sopranoa atera du abestiaren hasieran Ducauk. Beste kantu progresibo eta luzea, hau ere ‘Ametsaren bidea’ diskokoa. Nazioarteko ateak irekitzear izan zituzten disko honen ostean, eta ez da harritzekoa CBS bezalako zigilu handien interesa piztea, garaiko Pink FLoyd eta halakoak baitzeuden oso bogan. Patxaranga elektrotxarangak egin die harrera Laugara joan direnei. (Patxi BELTZAIZ) Kontzientzia politikoa Langile borroka oso presente izan zuen beti Errobik bere kantuetan, baita nazioartekoa ere eta horrela sortu zen ‘Txileko langileria’, nazioartean ere hemengo gatazka berak bazirela salatzeko. «1973an Txileko langileriaren bidea xehatu eta zapuztu zuten eta Daniel Landarti hau etorri zitzaion burura. Han gertatu zena hemen ere edozein egunetan berriz gertatu liteke, beraz, argi ibili», gogorarazi du Duhaldek. Abestian Elizak eta Ameriketako Estatu Batuek gatazka hartan langileen aurka nola jokatu zuten aipatzen da, egun oraindik ere halakoetan agertzen diren bi agente. Sarrera, ahotsez soilik abestutako lehen estrofa, bertso bana Duhaldek eta Ducauk eta egurra. Zeinen kantu sakon eta indartsua. Nabari da zein garaitan idatzitakoa den, konponketek badute sasoiko euskal kantagintza berriaren kutsua, nahiz eta bestelako gitarra malenkoniatsu elektrikoak ere badituen kantuak. Hirugarren haizezko instrumentua ahora Ducauk, saxo tenorea kasu honetan, ‘Rock eta rollin’ kantua eskaintzeko. Travolta ‘Pulp Fiction’-en bailitzan dantzan ere hasi da Ducau, une goxo eta dibertigarria, ordura arteko rock progresiboari arintasuna emanaz. ‘Telebista’-rekin eman diote jarraipena. «Garai hartan ez zen eta orain baditugu auskalo zenbat, batzuk gureak, euskaldunak, baina denak Euskal Telebista. Nahiz eta denboraz aspaldikoa izan, badu gaur eguneko egia ere bai», esan du Duhaldek. Eta, badu arrazoirik: «Jaun aberatsak baitira egun telebistaren jabeak, jabeak eta populuaren Lokarazle trebeak». Horratx mezua. Azken txanpa Kantu maiteenetako batek eman dio segida gaualdiari, ‘Lantegiko hamar manamenduak’ abestiarekin. Ironia apartekoa duen kantua. Zatirik rockero eta txalotuena izan da ezbairik gabe abesti hauek iritsi direnekoa, festa giroa nagusi Laugan. Kantuak dituen manamenduen artean pare bat hautatzearren, «Nagusiak arrazoin duelako denetan ez zara haren kontra mintzatuko. Ongi irabazten duzulako ez duzu emendazionerik galdatuko», hautatzen dugu. Langile, «atzar hadi!». «Gureak egin du, goiz sartu behar gira etxerat. Zahar etxean baimena eman digute 22:30 arte, ez gehiago, beraz txintxo-txintxo bagoaz. Lehenik eta behin zuek eskertu, hona etorri zaretelako, asko zaretelako eta bukaeraraino gelditu zaretelako. Bihotzez, zinez plazer bat izan da», horrela bukatu dute lehen aldikoz, taldekide gazteak aurkeztuz. Txalo zaparrada bana eman diete bertaratuek. ‘Nora goaz’ izan da zati hori itxi duena, «mementoan ahul gira bainan ez da luzarako gure itsutasunetik baigira laster jalgigo» abestu dute. Euskal jendartea, «atzar hadi!». Berriz ere oholtzara itzuli dira ordea, jendearen oihu eta eskeen artean, azken hiru abestiak eskaintzera, ‘Euskadi’, ‘Agur t'erdi’ eta ‘Gure zortea’. Azken honek dio, «Pasionea iragan ordu etorriko da eguna, gizon emazteek, haur ala gazteek, igurikatzen duguna: Euskal Herria ez da ez hilen, baina Euskadi sortuko, gero sekulan nehork ez deusek ez baitu hiltzen ahalko». Hirugarren aldiz, kasu honetan gazte, «atzar hadi!». Bi ordu pasatxoko emanaldia eskaini du Errobi taldeak, beren ibilbideari errepaso mardula emanaz. Garaiz lehen iritsi ziren musika mundura, baina garai berriek merezitako aitortza egin diote Errobiri. Gaualdiak festa giroan jarraitu du, Xutik taldearen emanaldiarekin. Larunbatean izango da biharamunik, baina goxoa, hori ziur.